Europar Batasunak Siriari zigor gehiago ezartzea adostu du eta iaz hitzartutako arma enbargoa gauzatzeko prozedura zehaztu. Horrela, arma-blokeoa urratu dezaketen hegazkin eta itsasontzi susmagarrien gaineko kontrola indartuko du Europar Batasunak eta, halaber, 27 herrialdeek pauso berdinak jarraitu beharko dituzte.
Gainera, Baxar al-Assad presidentearen erregimenarekin erlazionatuta dauden zenbait entitate eta pertsonen zerrenda luzatu du. 26 pertsona gehiagori eta beste hiru entitateri Europar Batasunean gordeta izan dezaketen dirua izoztuko diete eta Europar Batasuneko eremura bidaiatzea debekatuta izango dute.
Akordioaren bidez Europak Al-Assaden erregimenaren gaineko presioa mantendu nahi du.