Sokari tira eta tira ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Danimarka. Groenlandiaren anexioa lortzeko asmoa dauka AEBetako presidente Donald Trumpek, eta gai horretaz arduratzeko jarri duen politikariak, Jeff Landryk, esan du gaur lortuko dutela anexionatzea. Kopenhagek, ordea, esana du AEBen nahia ez dela inola ere beteko.
«Danimarkak badaki zer nahi dugun. Orain, Rubio idazkariak eta JD Vance presidenteordeak tratua ixtea besterik ez da falta». Landryren hitzak dira horiek, Fox hedabidean emandako elkarrizketa batean esandakoak. Ziurtzat jo du bi herrialdeen arteko akordioa egingo dela, eta, gaineratu duenez, martxoan da Groenlandiara joatekoa. Eta Trumpek, norbaitek bere interesen kontrako iritzia plazaratzen duen bakoitzean egin bezala, mehatxu egin du: muga zergak ezarriko dizkie Groenlandiaren auzian berarekin bat ez datozen herrialdeei. «Beharbada hori egingo dut», nabarmendu du gaur auziarekin zerikusirik ez zuen mahai inguru batean.
Danimarkako diplomaziaburuak kontra egin die AEBen asmoei. Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek prentsaurrekoa egin zuen atzo, Trumpek eta Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruak Etxe Zurian egindako bileraren testuinguruan. Baina Groenlandiaren gainean ere galdetu zioten kazetariek. Besteak beste, bozeramaileak esan zuen asteazkeneko bilera «emankorra» izan zela, eta anexionatzearen gaineko «elkarrizketa teknikoak» izan zituztela. Bada, hori gezurtatu egin zuen atzo gauean Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak, herrialdeko telebista publikoan. Adierazi zuenez, AEBek Groenlandia eskuratzea «eztabaidatik kanpo» dago, ez Groenlandiak eta ez Danimarkak ez dutelako halakorik nahi, eta «nazioarteko arau guztiak» urratuko lituzkeelako.
Rasmussenek esan zuen bilkuran ohartu zirela gai horren inguruan ez datozela bat. Hori dela eta, erabaki zuten saiatuko zirela goi mailako elkarrizketa bat martxan jartzen, baina kontuan hartuta Danimarkako «marra gorriak» errespetatu beharko zirela. «AEBek uste badute Groenlandiaren anexioan aurrera egitea dela hurrengo bileretan eztabaidatu beharrekoa, oso gutxitan bilduko gara», ohartarazi zuen. Hala ere, onartu zuen segurtasunaren inguruan eztabaidatu beharra dagoela: «Horretarako, AEBek tartean egon behar dute, baina ez Groenlandia bereganatuta».
Militarki koordinatuta jokatzeko eskatu die Melonik eb-ri eta nato-ri
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren hainbat herrialdek azken egunetan iragarri dute militarrak bidaliko dituztela, nork bere kabuz, Groenlandiara. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak gaur nabarmendu du, ordea, nazioarteko tentsioa ikusita, Mendebaldeko aliantza militarrak eta EB Europako Batasunak «presentzia koordinatua» izan behar dutela uharte horretan. Frantzia, Alemania, Suedia, Norvegia, Erresuma Batua, Herbehereak eta Finlandia daude tropak bidaliko dituztela esan dutenen arteaan.
Artikoan aurrera eramango duen politikaren gaineko dokumentu bat aurkeztu du gaur Italiako Gobernuak. Eta Italiako lehen ministroak idatzitako mezu bat irakurri dute bertan. Besteak beste, zioen Groenlandia gero eta garrantzitsuagoa izango dela, itsas ibilbide berriak eta «baliabide energetiko eta mineral izugarriak» dituelako bertan.
Horrekin lotuta, NATO erakundeak gaur jakinarazi du Mark Rutte idazkari nagusia Danimarkako Defentsa ministro Troels Lund Poulsenekin eta Groenlandiako Atzerri ministro Vivian Motzfeldtekin bilduko dela datorren astelehenean. Poulsenek atzo jakinarazi zuen Groenlandian «une oro presentzia militarra» edukitzea izango dela asmoa. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, berriz, atzo iragarri zuen hurrengo egunetan «lurreko, aireko eta uretako baliabide gehiago» bidaliko dituela Groenlandiara.
Groenlandia EBko Itunaren 42.7 artikuluan finkatutako «elkarrekiko defentsaren klausularen barruan» dago, EB Europako Batasuneko diplomaziaburuaren bozeramaileak atzo agerraldi batean esandakoaren arabera. Artikulu horretan zera aipatzen dute: itunaren parte den lurralde baten aurkako eraso bat gertatzen bada, gainerako estatuek laguntza eman beharko diote, eskura dituzten baliabide guztiak erabilita.
Danimarkako eta Groenlandiako diplomaziaburuak AEBetako presidenteorde JD Vancerekin eta Marco Rubio Estatu idazkariarekin batzartu ziren asteazkenean, eta ez zuten lortu AEBen jarrera aldatzea auzi horretan. Horixe bera nabarmendu zuen Rasmussenek berak, bilera amaitu berritan, herrialde horrek Washingtonen duen enbaxadan.
Bestalde, Groenlandiako Nuuk hiriburuko alkate Avaaraq Olsenek adierazi duenez, beren «identitate ikurrak» galtzeko beldur dira herritarrak lehen aldiz. EFE albiste agentziak egin dio elkarrizketa, eta hiriburuko alkateak adierazi du egoera «oso zaila» dela herritarrentzat: «Beti egon gara oso harro gure herriaz, gure banderaz eta gure kulturaz. Baina inoiz ez genuen pentsatuko lapurtzen saiatuko zirenik, eta beldurra ematen du. Ez dugu inoiz pentsatu gure bandera gal dezakegunik».
Errusiak egoera salatu du
Asteazkenean AEBen eta Groenlandiaren eta Danimarkaren arteko bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, Trumpek auzitan jarri zuen Danimarka gai ote den Groenlandia «Txinarengandik eta Errusiarengandik» defendatzeko, eta ziurtzat jo bi herrialde horiek Groenlandian erasoren bat egiteko asmoa daukatela.
Gaur, ordea, hori gezurtatu du Errusiaren Danimarkako enbaxadore Vladimir Barbinek. «Errusiak ez du planik Artikoko herritarren aurka. Ez ditu ekintza militarrekin mehatxatzen, ez die xantaiarik egiten, eta ez ditu haien lurraldeak okupatu nahi». Hala ere, salatu du NATOko herrialdeek, Danimarkak barne, Errusiaren eta Txinaren ustezko mehatxua erabiltzen dutela Artikoa militarizatzeko. «NATO tartean sartuta, Danimarkak konfrontazioa sustatzen du, eta horrek eskualdeko tentsio militarra handitzen du».
Bestalde, Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskovek, egunero egiten duen prentsaurrekoan, adierazi du adi erreparatzen diotela egoerari, eta Errusiak argi daukala Groenlandia «Danimarkako Erresumaren lurraldea» dela. Gainera, salatu du nazioarteko zuzenbidea ez dela «lehentasuna» AEBetako presidentearentzat. Aurrez, Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Maria Zakharovak adierazi zuen «nazioarteko legedian oinarritutako negoziazioen bidez» konpondu behar direla desadostasunak.