Sozialdemokratak garaile Danimarkan, baina gobernabidearen giltza, moderatuen esku

Mette Frederiksen jarduneko lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu hauteskundeak, baina 1903az geroztiko emaitzarik txarrena izan du. Ez ezkerreko blokea eta ez eskuinekoa ez dira gai izan gehiengo osoa lortzeko.

Mette Frederiksen sozialdemokraten burua eta Danimarkako jarduneko lehen ministroa, gaur goizaldean Kopenhagen. LISELOTTE SABROE / EFE
Mette Frederiksen sozialdemokraten burua eta Danimarkako jarduneko lehen ministroa, gaur goizaldean Kopenhagen. LISELOTTE SABROE / EFE
Igor Susaeta.
2026ko martxoaren 25a
11:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mette Frederiksen lehen ministroa buru, sozialdemokratek irabazi dituzte, berriro, Danimarkako Parlamenturako hauteskundeak. Hori bai, 1903az geroztiko emaitzarik txarrena bildu dute, eta, agintean jarraitzeko, moderatuen laguntza beharko dute, duela lau urte bezala. Gaur goizaldean, emaitzak eskuan, eta nahiz eta hamabi aulki galdu dituen 2022ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, Frederiksenek hedabideen aurrean adierazi du prest dagoela gobernuburu karguan jarraitzeko. Moderatuak alderdiko lider eta behin-behineko Atzerri ministro Lars Lokke Rasmussen gertu dago hitz egiteko, baina «zentrorantz» jo dezala eskatu dio Frederikseni.

Botoen %21,85 bildu dituzte sozialdemokratek; hau da, 38 aulki. Parlamentuan gehiengoa edukitzeko 90 behar dira, eta ezkerreko blokea osatzen duten bost alderdiek 84 lortu dituzte; eskuinekoa osatzen duten seiek, berriz, 77. Hala, moderatuek dute gobernabidearen giltza, hamalau ordezkari lortu baitituzte, duela lau urte baino bi gutxiago.

Frederiksenen iritziz, emaitzak ez dira hain txarrak izan, eta, hori esateko, argudiatu du 2019ko bozetan baino lau puntu gutxiago besterik ez dutela izan —ordutik da gobernuburua—, agintean egoteak «higadura» dakarrela, eta orduz geroztik aurre egin behar izan dietela COVID-19ak eragindako krisiari, Ukrainaren aurkako gerraren ondorioei, eta Donald Trump AEBetako presidenteak Groenlandia anexionatzeko egindako mehatxuari. 

Danimarkaren parte da Groenlandia, munduko uharterik handiena, eta, hain zuzen, Trumpen mehatxuak ikusirik burujabetzaren alde egindako defentsak on egin dio Frederikseni. Trump urte hasieran hasi zen esaten, berriro, Groenlandia anexionatu nahi zuela. Adierazpen horien eta lehen ministroaren erreakzioaren aurretik, inkestek zioten sozialdemokratek botoen %17 lortuko zituztela. Kontuan hartu behar da, gainera, azaroan, udal hauteskundeetan, Kopenhageko alkatetza galdu zutela, azkeneko mendean lehen aldiz.

Baina neurri batean, behintzat, egoerari buelta eman ahal izan dio Frederiksenek. Beste bazkide batzuk bilatu beharko ditu, ordea, gobernua osatu ahal izateko. Azken agintaldian liberalekin eta moderatuekin osatu dute koalizioa sozialdemokratek, baina, oraingo honetan, zenbakiek ez lukete biderik emango aliantza hori berritzeko. Gainera, Troels Lund Poulsen liberalen buruak, jarduneko Defentsa ministroak, adierazi du aurrerantzean ez dela sozialdemokratekin batera egongo gobernuan. 

Liberalek inoizko emaitzarik txarrena izan dute (%10); Poulsenek, ordea, keinu bat egin dio gaur Rasmussen moderatuen liderrari: «Saia gaitezen zentroko gobernu bat osatzen eskuinarekin». Dena den, aintzat hartu hartu behar da Frederiksenek berak ere blokeetatik harago joateko deia egin duela kanpainan. «Danimarkako politika ezin da gorrien [ezkerra] eta urdinen [eskuina] artean sinplifikatu», adierazi zuen mitin batean, aurreko igandean. Azkeneko agintaldian, ezkerrak, zentroak eta eskuinak koalizioan gobernatu dute.

Aliantzak-eta aurreikusteko orduan, gainera, kontuan hartu behar da ezkerreko alderdi batzuek ez dutela begi onez ikusten Frederiksenek bultzatutako migrazio politika. EB Europako Batasuneko murriztaileenetakoa da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!