Datorren astelehenean edo asteartean izango da bilera, presidentetzako iturriek esan dutenez. Negoziatzen hasi aurreko fasea bada ere, Martin Schulzen taldeak erabaki du elkarrizketa mahaian esertzea, Angela Merkelen taldearekin hitz egiteko, Alemaniako etorkizun politikoari buruz. Joan den igandean geratu ziren bertan behera gobernua osatzeko kantzilerraren CDU/CSU koalizioak berdeekin eta liberalekin zeuzkan hizketak, liberalak mahaitik altxatu ondoren, eta krisi politikoari irtenbidea emateko hauteskundeak errepikatzeko aukera gailendu zen, beste aukerarik ez eta. Steinmeier presidenteak, ordea, alderdiei eskatu die ahalegina egin dezatela krisia konpontzeko, bozetara deitu behar izan gabe.
Martin Schulzen alderdiak ez du Merkelekin koalizio handia errepikatu nahi, irailaren 24ko bozetako porrotaren pisuzko arrazoietako bat baita. Astelehenean negoziazioak hautsi zirela jakin zuenean, bere ezezko jarrera mantendu zuen, baina atzo presidentearekin bilera izan ostean, alderdiaren exekutibak zortzi orduz eztabaidatu zuen egoera, eta behintzat hizketan hasteko urratsa egitea erabaki dute. Alderdi barruan badira Schulzen jarrerarekin bat egin ez eta koalizioa errepikatu nahi luketenak.
Hiru aukera dauzka Merkelek: gutxiengoan berdeekin edo liberalekin gobernatzea, koalizio handiaren gobernua errepikatzea, edota hauteskundeetara berriz ere deitzea. Gutxiengoan gobernatu baino nahiago du hauteskundeetara joan, eta prest legoke bere burua kantzilergai gisa berriz aurkezteko, baina alderdiaren barruan kritikak izan ditu azkenaldian, lidergoa galtzen ari dela eta, 1949tik emaitzarik txarrenak baititu CDUk, eta 70 urtean lehen aldia baita gehien bozkatutako alderdiak gobernua osatzeko gaitasunik ez duena. Oraingoz behintzat.
Hauteskundeak aukera bakarra izan aurretik, presidentearen lana izango da orain, alderdiekin hitz egin, eta formulak bilatzea, alderdien gobernu sendo bat osatze aldera. Alemaniako konstituzioaren arabera, presidenteari dagokio legebiltzarrari proposatzea kantzilertzarako hautagaia. Kantzilergaiak gehiengo osoa behar du lehen eta bigarren bozketetan —bigarren bozketa lehenetik bi astera egin beharko litzateke—, eta hirugarren bozketan gehiengo sinplez aterako litzateke, baina, behin egoera horretara helduta, presidenteak zazpi egunen bueltan hura izendatzea erabaki lezake, edota legebiltzarra desegin eta bozetara deitzea.