Srebrenikan 520 lagunen gorpuak lurperatu dituzte genozidioaren urteurrenean

Egunotan abian da Mladic Bosniako gerran serbiarren buruzagi militarra izandakoaren aurkako epaiketa

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko gerra auzitegiak genozidio izendatutako Bosnia eta Hertzegovinako Srebrenika hiriko sarraskiaren hamazazpigarren urtemugan, lur eman diete aurten identifikatutako 520 gorpuri, Potocariko oroimen gunean. Gorpu horiek Srebrenika hirian Serbiako tropek 1995eko uztailaren 11n hildako milaka herritarretako batzuenak dira. Hain zuzen, egun hauetan Ratko Mladic epaitzen ari dira Hagako auzitegian, tropa haien burua.

Genozidioa gertatu zenean, Srebrenikako eremua NBEren babespean zegoen 1993ko apiriletik, Herbeheretako soldaduen esku. 1995eko uztailean, Unprofor NBEko Babes Indarreko behatzaileek ez zuten aurreikusi Serbiako indar armatuek Srebrenika hartuko zutenik. 2004an ICTY Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak Srebrenaikan gertatutakoa genozidioa zela ebatzi zuen.

Genozidioaren hamazazpigarren urteurrenean Bosnia inguruko eta mundu osoko 30.000 lagun bildu dira Potocarira, hiru eguneko bakearen aldeko martxa egitera. Ibilaldiak orain dela hamazazpi urte genozidioari ihes egin nahi izan zioten Bosniako herritarrek egindako bidea errepikatzea zuen helburu. Hamazazpi urte igaro badira ere, Bosnia ekialdeko hilobietan orduko gorpuak bilatzen ari dira oraindik. Dagoeneko 6.700 biktima ingururen gorpuak identifikatu dituzte DNA proba bidez eta oraindik beste 1.500en bila dabiltza. Atzo lurperatutako gorpuekin, dagoeneko 5.317 dira Potocariko oroimen gunean daudenak.

Baina genozidioaren egileek aztarnak ezabatzearren zenbait hobitako gorpuak atera eta beste batzuetan utzi izanak zaildu egiten du indusketa lana. Izan ere, Bosniako gerraren ostean, bigarren mailako 15.000 hilobi aurkitu zituzten Kamenica herrian. Hobi horietan, aurrez beste nonbait lurperatuta egon, lurpetik atera eta berriro lur emandako gorpuak zeuden.

Mladicen aurkako epaiketa

Ratko Mladic Bosniako gerran serbiarren buruzagi militar izandakoa iazko maiatzean atxilotu zuten hamasei urtez justiziarengandik ihesean ibil ondoren eta egunotan ari dira Hagako auzitegian epaitzen. Auzia bi hilabetez etenda egon da fiskaltzak defentsari eman beharreko 7.000 agiri berandu entregatzeagatik.

Bosniako gerran egindako 11 gerra krimen egozten dizkiote. Horien artean duela hamazazpi urte Srebrenikan gizonezkoak eta emakumeak bereiztu eta hiru egunetan zehar 8.000 gizonezko musulman hil izana. Horrez gain, baita Sarajevoko setioko genozidioa ere. Buruzagi militar ohiak, bere aurkako kargu guztiei uko egin die eta bere mandatupeko tropak «euren kabuz» aritu zirela esan du. Srebrenaikako genozidioari dagokionez, fiskaltzak 400 lekukori dei egin die eta horietatik 140 daude epaiketara agertzeko prest eta gainerakoek idatzi aurkeztuko dute euren lekukotza.

Genozidioa onartu gabe

ICTYk duela zortzi urte Srebrenikako gertaera genozidio gisa izendatu zuen, eta NBEko Gerra Auzitegiak ere hala izendatzen du. Baina Serbiako presidente Tomislav Nikolicek , Srebrenikan «ez zela genozidioa gertatu» adierazi du orain gutxi. Hatidza Mehmedovic Srebrenikako amak elkarteko presidentearen arabera, halako «probokazioak» ohikoak dira uztailaren 11 gerturatzen denean. Zenbait urtetan «Mladicen aldeko abestiak» entzun behar izan dituztela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.