SRI LANKA. GERRATIK URTEBETERA. Bakartuak eta ahaztuak

Sri Lankako Gobernua tamilen lurrak sinhalarrei ematen ari dela jakin da gerra amaitu zenetik urte bat betetzear dela. Garai batean LTTE gerrillak kontrolatutako eremuan, base militarrak eraikitzen ari dira

arantxa elizegi egilegor
2010eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Duela hamabi hilabete -asteartean beteko da urte bat gerra bukatutzat eman zutela- munduan gehien saltzen diren egunkarietan irakur zitezkeen Sri Lankako gerrari buruzko kronikak eta erreportajeak. Duela urtebete telebista kate guztietan ikus zitezkeen armadak tamilen lurretan jaurtitako bonbek egindako kraterrak. Baina gizakiok erraz ahazten dugu, eta mundua zabala da. Hilabete gutxiren buruan beste gatazka batek hartu zuen Sri Lankakoak utzitako tokia, eta sinhalar eta tamil herriak bakarrik geratu ziren. Bakarrik eta bakartuta. Izan ere, Mahinda Rajapaksaren gobernuak aginduta milaka tamilek errefuxiatu guneetatik atera ezinik jarraitzen dute -gune lasaigarriak, agintearen hitzetan- ; haietako askori duela gutxi egindako Legebiltzarrerako bozetan parte hartzeko eskubidea ere ukatu egin diete. Estatuburuak dio «beren segurtasunagatik» hartutako neurriak direla, berak bizi ziren eremuetan ekintzaileak egon omen daitezkeelako. Arrazoi bera argudiatzen dute tamilenak diren lurretan eraikitzen ari diren dozenaka base militarrengatik galdetuta. «Txinatik bidalitako materialarekin kuartelak eraikitzen ari dira, kuartelak eta tenplu budistak -erlijio horretakoa da sinhalar gehiengoa-. A9 errepidean, non-nahi ikus daitezke bunkerrak eta base militarrak. Zalantzarik ez dago horrek ez duela bakea eta adiskidetzea lortzen laguntzen», dio Leela Issac kazetariak.

«Normaltasun» froga gisa, gerra garaian itxitako hainbat eremutan sartzen utzi diete kazetariei. Hainbatetan bai, baina ez guztietan. Hemen ere «segurtasuna» da aitzakia. Giza eskubideen aldeko ekintzaileen esanetan, ordea, bestelakoa da egia. Izan ere, agintariek ez dute nahi armadak egindako gehiegikerien frogak inork ikusterik. Arrazoi beragatik Europako Batasunak iragarri zuenean ikerketa batzorde bat osatuko zuela eskubideen urraketak ikertzeko, Rajapaksak erantzun zion Sri Lankako barne arazoak zirela horiek, eta berek egingo zutela lan hori. Aste honetan jakinarazi du «egiaren batzorde bat» eratuko dutela. Mezuak, ordea, sinesgarritasun eskasa du gatazka gertutik ezagutzen dutenen artean. «Batzorde horrek ez du eskumenik izango inor auzipetzeko. Sudanen gauza bera egin zuten Omar al Bashir Nazioarteko Zigor Auzitegira eramatea saihesteko. Han huts egin zuten, ordea», dio Francis Boylek, Illinoisko Unibertsitateko zuzenbide irakasleak.

Heriotza mehatxuak

Boylek dio Kottek behin baino gehiagotan frogatu duela ez duela borondaterik ikerketa onargarririk egiteko. «Gotabhaya Rajapaksa Defentsa ministroak, presidentearen anaiak, heriotzarekin mehatxatzen ditu testigantza ematera ausartzen diren lekukoak. Biktimen eskubideak bermatzen ez dituzten une beretik, ezinezkoa da ikerketarik egitea». Haren iritzi berekoa da Brad Adams, Human Rights Watcheko Asiako arduraduna: «Nazioarteak kontuak eskatzen dizkion aldiro, Sri Lankak batzorde bat eratzen du ezer ez egiteko».

Bestalde, beren etxeak zeuden tokira itzuli diren milaka tamilek ikusi dute nola sinhalarrentzako tenpluak eta etxeak eraiki dituzten berenak ziren lurretan. TamilNet webgunearen arabera, agintariak barne desplazatu gisa erregistratzen dituzte hegoaldetik joandako sinhalarrak, eta tamilenak ziren lurretan kokatzen dituzte, nazioarteko giza laguntzarako erakundeek errefuxiatuei laguntzeko emandako diruarekin. Prozesua 1970eko hamarraldian hasi zuten, tamilak gehiengoan ziren eremuak sinhalarren kontrolpean jartzeko asmoz. 1984an, ordea, bertan behera utzi zuten, armadaren erasoaldi baten ondoren.

Bide beretik, «terroristatzat» jo dituzte LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Armadarekin harremanak zituztelakoan preso hartutako 1.300 lagun. Larrialdi egoera dela-eta Poliziak ez du epaileen aginduen beharrik inor atxilotu edo preso sartzeko.

Salbuespenezko neurriak hilabetez luzatu dituzte

Gerrilla tamilaren hondarrak kontrolpean izateko, 27 urtez indarrean egondako salbuespenezko neurriak mantentzea erabaki du gobernuak. Larrialdi legearen aurka daudenek salatu dutenez, oposizioa eta hedabideak jazartzeko baliatzen dituzte neurri horiek, hala nola akusaziorik gabe jendea atxilotzeko.

Txinak 900 milioi eurotan finantzatu du Sri Lanka

Mendebaldea giza eskubideen auziagatik kontuak eskatzen hasi zitzaionean, Sri Lankako Gobernuak Ekialdeko herrialdeetara jo zuen finantzabide eske. Atzerritik jasotzen duen laguntzaren %54 Txinak ematen dio egun: diru laguntzetan, kreditutan eta mailegutan 900 milioi euro inguru eman zizkion iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.