Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroaren gaineko presioa gero eta handiagoa da. Alderdi Laboristak danbatekoa hartu zuen ostegunean Erresuma Batuko udal hauteskundeetan, eta, Starmer buru duen indarrean bertan, azken orduetan ugaritu egin dira dimisioa emateko eskatzen diotenak. Agerraldia egin zuen atzo, eta azpimarratu ezetz, ez duela utziko kargua; eta gaur gauza bera esan die, bilera batean, bere kabineteko kideei. Baina dagoeneko laboristen 88 parlamentarik eskatu diote dimiti dezala —hala kaleratu du The Guardian egunkariak, gobernuko iturriak aipatuz—. Gutxienez 81ek beste parlamentari baten alde egiten badute, abian jarriko dute alderdiko liderra aukeratzeko prozesua.
Izan ere, laboristen arautegiak dioenez, Komunen Ganberan dituzten parlamentarien %20k gutxienez eskaera hori egiten badute —405 dituzte—, automatikoki jarriko lukete martxan primarioen prozesua. Erresuma Batuko Gobernua astearte goizero biltzen da, eta gaur ere batzartu da Downing Streeteko 10. zenbakian; gaurko bilerako gai zerrendak gai bakarra eduki du, ordea: Starmerrek zer egin behar duen.
Lehen ministroaren bulegoko iturriak aipatuz zenbait hedabidek argitaratu dutenez, Starmerrek jakinarazi die ministroei ez duela amore emango, herritarrek nahi dutela gobernatzen jarrai dezatela. Hori bai, erantsi du alderdiak baduela beren liderra kargugabetzeko prozedura bat, baina hori ez dutela aktibatu; alegia, oraindik ez direla gutxienez 81 parlamentari alde egiteko eskatzen diotenak.
Bilkuraren ostean, gobernua batuta dagoela erakutsi nahi izan dute, eta ziurtatu dute gobernuak martxan jarraituko duela. David Lammy lehen ministroaren bigarrenak «arnasa hartzeko» eskatu die Starmerren kontra egin duten laboristei, eta gogoratu du oraindik inork ere ez duela aurkeztu bere burua primarioetarako prozesua abiatzeko. «Alderdia baino gehiago herrialdea da lehentasuna», esan die kazetariei Downing Street kaleko 10.aren atarian. Halaber, Steve Reed Etxebizitza ministroak kazetariei adierazi dienez, bere «babes osoa» du Starmerrek: «Alderdi Laboristak badu boz primarioak martxan jartzeko prozesu bat. Eta halakorik ez da gertatu. Gure lana egiten jarraitu behar dugu». Pat McFadden Lan ministroak gaineratu duenez, gobernuaren bilkuran inork ez du esan lehen ministroak dimititu beharko lukeenik.
Gainera, 111 parlamentari laboristak babesa adierazi diote Starmerri, gutun batean. Herritarren konfiantza «berreskuratu» behar dela aitortu badute ere, ohartarazi dute ez dela une egokia alderdiaren «lidergoagatik lehian» hasteko.
Baina Starmerren inguruan badaude haren dimisioa beharrezkotzat jotzen dutenak ere. Joan den ostiraletik Alderdi Laboristako hainbat kidek utzi dute beren kargua. Gaur bertan, lau estatu idazkarik dimititu dute: Alex Davies-Jonesek, Jess Phillipsek, Miatta Fahnbullehek eta Zubir Ahmedek. Ez dira ministroak, baina badute pisua Starmerren administrazioan. Davies-Jonesek eta Phillipsek Barne Ministerioan jarduten dute: emakumeen aurkako biolentziaren biktimen arduraduna da Davies-Jones, eta genero eta haurren gaiez arduratzen da Phillips. Fahnbulleh botereen itzulpenaren hitzarmenaren (devolution) arduraduna da Etxebizitza Ministerioan, eta Ahmed Osasun Ministerioan berrikuntza eta segurtasun arloetako arduraduna da.
Hauteskundeetako emaitzak «katastrofikoak» izan direla eta horren aurrean Starmerrek atzera egin behar duela adierazi du Davies-Jonesek, dimisioa aurkezteko gutunean. Iritzi berekoa da Phillips, eta «ekintzek hitzek baino gehiago» balio dutela oroitarazi du. Fahnbullehek «trantsizio ordenatu baterako egutegia» ezartzeko eskatu dio lehen ministroari.Â
Duela ia bi urte hartu zuen kargua Starmerrek, gehiengo oso nabarmena lortuta bozetan, toryek aurreko urteetan nozitutako gainbehera etengabea baliatuz. Hori bai, ordutik bi aldiz egin dituzte hauteskundeak Erresuma Batuan —iaz eta aurreko astean; biak udal hauteskundeak, biak prozesu partzialak—, eta bietan laboristek ez dute emaitza onik izan; are, aurreko osteguneko bozetan 1.500 zinegotzi galdu zituzten ia; 1.068 izango dituzte aurrerantzean.
Ostegunean, Eskoziako eta Galesko parlamentuetarako hauteskundeak ere egin zituzten; aurrenekoan 35 parlamentari galdu zituen —44 zituen lehen, eta bederatzi orain—, eta bigarrengoan, lau —21 zituen lehen, eta 17 aurrerantzean—. Kontuan eduki behar da Galesko Parlamentuak 60 eserleku eduki dituela orain arte, eta aurrerantzean 96 izango dituela. Hortaz, are eta sakonagoa da laboristek izandako galera. Gainera, Galesko Parlamentua sortu zenetik lehen aldia da laboristek gehiengoa edukiko ez dutena.
NOla erori diren lehen ministroak azken hamarkadan
- David Cameron. Europako Batasunaren barruan jarraitu ala ez erabakitzeko erreferenduma egin zuten Erresuma Batuan 2016ko ekainaren 23an, eta ezezkoa nagusitu zen. Brexit-aren kontrakoa zenez, Cameron toryak dimisioa eman zuen hurrengo egunean. Sei urte egin zituen karguan.
- Theresa May. Alderdi Kontserbadoreko primarioak irabazi zituen; urtebete geroago, ordea, 2017ko boz orokorretan, toryek gehiengo osoa galdu zuten, eta, EBtik dibortziatzeko prozesu betean, horrek Mayren jarduna baldintzatu zuen. Komunen Ganberak hirutan esan zion ezetz Mayk eta EBk 2018ko azaroan egin zuten irteerarako akordioari, eta Mayk, etsita, 2019ko maiatzaren 24an dimititu zuen.
- Boris Johnson. Hauteskunde orokorrak nabarmen irabazita hartu zuen toryak kargua, 2019ko uztailean. Karguan egon zen ia hiru urteetan, gobernu barruko hainbat eskandalu azaleratu ziren, eta horrek Alderdi Kontserbadorea higatu zuen. 2022ko maiatzeko udal hauteskundeetako emaitzak ez ziren onak izan, eta, kabineteko 60 kide ingururen dimisioek bultzatuta, Johnsonek 2022ko uztailaren 7an eman zuen amore; hori bai, alderdikideak akusatuz.
- Liz Truss. Alderdi Kontserbadoreko primarioak irabazi ondoren izendatu zuten lehen ministro, 2022ko irailean. 45 egun besterik ez zuen egin karguan. Azken mende erdiko zerga jaitsierarik handiena planteatu zuen, hori finantzatzeko herrialdea zorpetzea proposatuz. Merkatuek eta inbertsiogileek kontra egin zioten. Trussek barkamena eskatu zuen «hutsegiteengatik», eta handik gutxira dimisioa eman zuen. Urriaren 25a zen.
- Rishi Sunak. Primarioak irabazi zituen. Ia bi urtez egon zen karguan, baina 2024ko uztaileko boz orokorretan emaitza oso txarrak izan zituzten toryek —244 parlamentari galdu zituzten—, eta dimititu egin zuen.
Hori guztia kontuan hartuta, alderdi barruan bertan mugitzen hasi dira. Are, The Guardian-ek kaleratu duenez, gobernuko kide batzuek ere eskatu diote jar dezala martxan prozesu bat dimisioa emateko. Haien artean daude, esaterako, Yvette Cooper Atzerri ministroa eta Shabana Mahmood Barne ministroa.
'Epstein auziaren' zipriztinak
Starmerrek, baina, ez du bere gain hartu erantzukizuna. Atzo azpimarratu zuen, adibidez, toryek beren azken agintaldietan eragindako «kaosari» heldu behar izan diola gobernuburu denetik —lau lehen ministro eduki zituen Erresuma Batuak 2019 eta 2024 bitartean—, eta aurrera begira jarri zen: «Erakutsi beharra daukat eszeptikoak oker dabiltzala, eta horixe erakutsiko dut».
Hauteskundeetako emaitzak aski ez, eta horri gehitu behar zaio Epstein auziak Starmer ere zipriztindu duela. Peter Mandelson Erresuma Batuaren AEBetako enbaxadorearen izena nabarmen agertu zen pederasta diruduna zenaren paperetan. Iazko otsailean izendatu zuten kargurako, baina irailean kargugabetu zuten. Hilabete batzuk geroago, aurtengo otsailean, Starmerren kabineteburu Morgan McSweeneyk dimititu zuen, hark gomendatu baitzuen Mandelson kargurako.Â