Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa mezu garbiarekin iritsi da gaur Bruselara: Eskoziak ez du Europako Batasuna utzi nahi. Europako Parlamentuko presidente Martin Schulzekin goizean bildu ostean, Sturgeonek adierazi du bilera "aukera ona” izan dela, Eskoziak bere jarrera finkatu eta Bruselak horren berri izan dezan. Izan ere, joan den ostegunean Erresuma Batuko herritarren gehiengoek brexit-aren alde bozkatu arren, Eskozian %62k remain-a babestu zuten.
Halere, Sturgeonek onartu du oraindik “oso goiz” dela jakiteko Eskoziaren etorkizuna zein izango den Europako Batasunean. “Oso argi utzi dut eskoziarren nahia batasunean mantentzea eta Eskoziak gainontzeko kideekin dituen harremanak babestea direla”, esan du SNP Eskzoiako Alderdi Nazionaleko buruak. Bileraren ondoren Schulzek aitortu du “asko ikasi duela”, baina ez du baloraziorik egin Eskoziak EBren barruan jokatu beharko lukeen rolaren inguruan.
Atzo Sturgeonek Edinburgoko Parlamentuan hitz eman zuen Eskoziaren hitza “ozen entzungo” dela brexit-aren ostean. Bozketa bidez onartuta, parlamentuak agindua eman zion Sturgeoni, Bruselara joan eta bilerak egin ditzan EBko erakundeekin eta mandatariekin. Gaur arratsaldean Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin biltzekotan da. “Eskoziak eskubidea bereganatu du bere ahotsa Bruselan entzuna izan dadin”, adierazi du bileraren aurretik Junckerrek.