Su etena onartu ezean, Ukrainaren aliatuek zigorrak ezarriko dizkiote Errusiari

Tregoa astelehenean indarrean sartzea proposatu dute, nahiz eta Kremlinek dagoeneko ezezkoa eman duen: «Zigorrekin beldurtzea denbora galtzea da».

Merz, Macron, Zelenski, Starmer eta Tusk, gaur, Kieven. DAREK DELMANOWICZ / EFE
Ezkerretik eskuinera, Merz, Macron, Zelenski, Starmer eta Tusk, gaur, Kieven. DAREK DELMANOWICZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko maiatzaren 10a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

30 eguneko su etena, etzitik aurrera. Horixe galdegin diote Ukrainaren Europako aliatuek Errusiari, eta mehatxu egin dute halakorik onartu ezean zigor ekonomikoak ezarriko dizkiotela. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du, aliatuekin bildu ostean, Kieven eta Moskuren arteko bake elkarrizketei bultzada bat eman nahi dietela. Horiek horrela, Europako potentziek aurrea hartu diete Ameriketako Estatu Batuei, orain arte Washingtonek gidatu baititu negoziazioak; dena dela, Zelenskik azaldu du AEBen onespenarekin exijitu diotela Vladimir Putin Errusiako presidenteari aurrerapausoak eman ditzala bake elkarrizketetan.

Boluntarioen koalizioko zenbait herrialdetako buruzagiak Zelenskirekin bildu dira gaur Kieven; bertan egon dira Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroa. Bilera osteko agerraldia egin aurretik, Donald Trump AEBetako presidentearekin ere hitz egin dute telefonoz.

Aliatuek iragarri dituzten zigor horiek «egundokoak» izango dira, Macronen hitzetan. Espero dute Putinek menia onartzea, Frantziako presidentearen arabera horrek bide emango liokeelako «berehala» negoziatzen hasteko Europako tropak Ukrainara bidaltzearen inguruan. Horretarako, Merzek azpimarratu du «presio» egin behar diotela Errusiak amore eman dezan; bestela, «ez da mugitu ere egingo». Eta esan du «txanpon beraren bi aldeak» direla, batetik, tregoa erdiesteko ahaleginetan aritzea eta, bestetik, Ukrainari laguntza militarra ematea: «Garrantzitsua da laguntzen jarraitzea, Ukrainako herri ausartak bere burua defendatzeko behar duena izan dezan, baina Europa osoaren segurtasunagatik ere egiten dugu hori».

Hain zuzen, Moskuren baldintzetako bat da Ukrainaren aliatuek hari armak ez ematea. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak gogor egin du eskaera horren kontra: «'Bai' edo 'baina' gehiagorik ez. Baldintza eta atzerapen gehiagorik ez. Putinek ez zuen baldintzarik behar izan desfile bat ospatzearren su etena ezartzeko. Eta orain ere ez du behar horrelakorik». Halaber, Starmerrek Putini egotzi dio Garaipenaren Egunaren bueltako aldebakarreko su etena «kezko hesia» izan dela, eta bakearen alde dagoela «frogatzeko aukera» duela orain. Lehen ministroaren iritziz, zigorrek eta Ukrainari eskainitako laguntza militarrak negoziazio mahaian esertzera behartuko dute Errusia.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, ordea, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan du Errusiak ez duela onartuko tregoarik Ukrainak armak jasotzen jarraitzen badu, eta gutxietsi egin du zigorren mehatxua: «Zigorrak jasotzera ohitu gara. Dagoeneko irudikatzen dugu zer egingo dugun horiek iragarri ostean, eta nola minimizatuko ditugun ondorioak. Ikasi dugu dagoeneko. Beraz, zigorrekin beldurtzea denbora galtzea da».

Atzo Garaipenaren Eguna ospatu zuten Moskun; Sobietar Batasunak naziak garaitu zituen eguna oroitzen dute. Horren harira, Starmerrek Putini egotzi dio «oker» ikasi dituela Bigarren Mundu Gerran jazotakoak: «Ez baitago gloriarik erasoetan eta konkistetan; gloria zure herriaren alde borrokatzetik dator, herritarrak defendatzetik, eta bakea irabaztetik». Macronek ere leporatu dio Ukrainako Gerrak kolokan jarri dituela «nazioarteko ordena oinarritzen den printzipioen defentsa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.