Maiatzaren 9an Garaipenaren Eguna ospatzen dute Moskun. Sobietar Batasunak naziak garaitu zituen eguna oroitzen dute, eta gaur 80 urte bete dira. Armada Gorriak naziak garaitu zituen, eta Bigarren Mundu Gerra amaitu zen hilabete batzuen buruan (1939-1945). Orain, Errusia beste gerra batean murgilduta dago. Eta Vladimir Putin presidentea Ukrainako inbasioaz mintzatu da Garaipenaren Egunean eman duen hitzaldian: «Herrialde osoak babesten ditu operazio militar berezian parte hartzen ari direnak». Gehitu duenez, Errusiak «harresi lanak» egiten jarraituko du nazismoaren, errusofobiaren eta antisemitismoaren kontra.
Hain justu, Garaipenaren Egunaren harira, hiru eguneko su etena proposatu zuen Putinek Ukrainarako. Kievek ez du onartu, argudiatuta 30 egunekoa izatea nahi duela; hortaz, menia aldebakarrekoa da. Kremlineko buruak ez zuen nahi Ukrainak hiriburuari eraso eginez urtemuga zapuztea. Izan ere, ekitaldi jendetsuak egin dituzte gaur Moskun. Putinek Leninen mausoleoren aurrean hitzaldia eman ostean, 11.500 soldaduk zeharkatu dute Plaza Gorria, baita ehundik gora gerrako ibilgailuk ere.
Moskuko ospakizunetan 30 bat estatuburu eta gobernuburu izan dira: besteak beste, Txinako presidente Xi Jinping, Brasilgo presidente Luiz Inazio da Silva Lula, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenko, Eslovakiako lehen ministro Robert Fico, Venezuelako presidente Nicolas Maduro, Egiptoko presidente Abdel Fatah Al-Sisi eta Kubako presidente Miguel Diaz-Canel. Gainera, Putinek hitzaldia baliatu du Errusiaren alde borroka egin duten Ipar Koreako soldaduei eskerrak emateko.

Atzotik hasi eta bihar arte Putinek aldebakarreko su etena ezarri bazuen ere, atzo Kievek Kremlini egotzi zion Ukrainari eraso egin izana. Gaur, Errusiako Defentsa Ministerioak Kievi leporatu dio Putinek ezarritako menia urratzea: kaleratutako oharrean, salatu du Ukrainako militarrak Errusiako muga zeharkatzen saiatu direla Kursk eta Belgorod eskualdeetan, baita aire erasoak egin dituztela ere.
Ukrainarako menia bat adosteko negoziazioak abian zirela iritsi zen Putinen iragarpena, apirilaren 28an. Baina hiru eguneko menia ez zaio nahikoa iruditzen Ukrainari. AEBetako presidente Donald Trump ere 30 eguneko meniaren alde agertu da. Atzo, Truth Social bere sare sozialean, berriz ere bi aldeei eskatu zien onar dezatela AEBen menia proposamena. Izan ere, AEBek Ukrainako lur arraroak eta mineralak ustiatzeko akordio bat adostu zuten Kievekin apirilaren 30ean. Ordutik, Etxe Zuriak presioa areagotu du Kremlinek eta Kievek Ukrainarako menia akordio bat onar dezaten.
Kieven aliatuak, Ukrainan
Garaipenaren Eguna soilik ez: Europaren Eguna ere ospatzen da maiatzaren 9an. Gaur 75 urte bete ditu Schuman adierazpenak. Europar integrazio prozesuaren abiapuntua izan zenaren urteurrena oroitzeko, Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburua eta EBko zenbait herrialdetako atzerri ministroak Lviven (Ukraina) elkartu dira. Kieven aliatuek auzitegi berezi bat sortzea adostu dute, Ukrainako inbasioa agindu zuten Errusiako goi agintarien krimenak ikertzeko. Izan ere, Errusiak ez du berretsi Erromako Estatutua; beraz, ez dago Nazioarteko Justizia Auzitegiaren jurisdikziopean. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bideo dei bidez hartu du parte EBko ordezkariek egin duten ekitaldian, eta erabakia goraipatu du: «Gerra bat zigortzen ez bada, gerra gehiago iritsiko dira».
1.418Zenbat egunez borrokatu zen armada sobietarra nazien aurka. Sobietar Batasuna 1.418 egunez aritu zen borrokan Bigarren Mundu Gerran, 1941eko ekainaren 22tik 1945eko maiatzaren 9ra arte. Egun, Errusiako armadak 1.170 egun daramatza Ukrainan borrokan.
Kievek bi pertsona atxilotu ditu Hungariarentzat espiatzea egotzita
Ukrainako estatu indarrek bi pertsona atxilotu dituzte gaur Transkarpatia eskualdean, herrialdearen mendebaldean, Hungariarentzat espiatzen aritzea egotzita. Kievek zabaldutako ohar batean arabera, informazioa biltzen ari ziren, eremuko «segurtasun militarrari» buruz nagusiki, baita «iritzi soziopolitikoei» buruz ere. Hungariarekin muga egiten du eskualde horrek, eta behinola Hungariako Erresumako lurralde bat izan zen, harik eta haren kontrola galdu zuen arte Lehen Mundu Gerran (1914-1918). Gaur egun, jatorri hungariarreko 200.000 pertsona inguru bizi dira eskualde horretan. Atxilotuetako bat Ukrainako armadako kide ohi bat da, eta leporatu diote 2021etik espioi gisa aritzea Hungariarentzat.
Hungariako Gobernuak, berriz, ukatu egin du atxilotuak espioiak izatea, eta adierazi du Hungariaren kontrako «propagandatzat» jo behar direla atxiloketak. Peter Szijjarto Atzerri ministroak agerraldi bat egin du gaur, eta nabarmendu du Ukrainakoa propaganda gerra dela «neurri batean». Eta iragarri du bi diplomazialari ukrainar kaleratu dituztela Hungariatik, «espioiak» izatea egotzita. Aintzat hartu behar da, gainera, Hungaria dela, nolabait, Errusiak EB Europako Batasunean duen aliatu bakarra, eta Ukrainari laguntza militarra ematearen eta hura talde komunitarioko kide bihurtzearen kontra agertu dela.