Su indigena ez da itzali Chiapasen

Orain dela hogei urte, armak hartu zituen EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak. Azken bi hamarkadetan, indigenak matxinadara bultzatu zituzten faktoreak ez dira desagertu.

Ion Orzaiz.
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Hotz handia egiten zuen Lacandona oihanean, 1993. urteko azken gauean. «Abenduaren 31ko 00:00etan hasiko gara, urte berriko suziriekin batera». Horixe zen Chiapasko tzotzil, tzeltal, chol eta tojolabal komunitateetako erreboltari indigenek jaso zuten agindua. Eta hotzak ikaratzen egon arren, zintzo demonio bete zuten. Buruz zekiten operazio osoa: minutu bakoitzean egin beharreko ekintzak, kontrolatu beharreko gune ak, egin beharreko deiak... Mexikoko segurtasun indarrak eta agintari gehienak konturatu zirenerako, Chiapasko zazpi herri hartuak zituzten zapatistek; tartean, San Cristobal de las Casas, estatuko hirugarren hiri handiena. Hogei urteren buruan amatatu ez den iraultza piztu zen Urtezaharreko gau horretan.

1993an, inor gutxik zuen EZLN Askapen Nazionalerako Armada Zapatistaren edo Marcos komandanteordearen berri; ezta Mexikoko Gobernu Federalak ere. Matxinadaren ostean, indigenen borrokak oihartzuna izan zuen mundu osoan. «Propaganda ekintza bat izan zen», aitortu du, gerora, Marcos komandanteordeak. «Erabateko arrakasta izan zuen propaganda ekintza. Maisulan militar bat».

Operazio horrek eta ondorengo borroka luzeak izandako arrakastaren erakusgarri da mugimendu zapatista etxekotzeko eta Marcos bera ikono huts bihurtzeko saialdi guztiak. Mendebaldeak, alta, ez du lortu komandanteordea elastiko eta itsasgarrietako irudietara mugatzea. Pertsonalismoak EZLNri kalte egin liezaiokeela iritzita, bost urte daramatza Marcosek agerraldi publikorik egin gabe. Joan den asteburuan adierazpen bat kaleratu zuen, iraultza zapatistaren 20. urteurrenaren karira: «Hau lurralde zapatista da, Chiapas da, Mexiko da, Latinoamerika da, Lurra da. Eta 2013ko abenduan gaude. Hotz handia egiten du gaur, duela hogei urte bezala; atzo eta gaur, bandera batek babesten gaitu: matxinadaren banderak».

Duela bi hamarkada lortutakoa goraipatu baino gehiago, urte hauetan guztietan indigenen alde borroka egindako pertsonak gogoratu ditu Marcosek gutunean: «Gauza kolektiboa da borroka, baina borrokatzeko erabakia norberak bakarka hartu beharrekoa da. Pertsonala da. Barrukoa. Boterearen aurrean biktima gisa jardun beharrean, ezkerreko bandera multiplearekin erronka jotzen dioten horiek dira gure adiskideak. [...] Ederra baita matxinada, bakarka egiten denean, baina taldean antolatutakoa izugarria izan daiteke. Eta miragarria».

Adiskide eta arma-lagunei gorazarre egiteaz gainera, bi hamarkada hauetan aurrez aurre izan dituen gobernuburuak kritikatu ditu Marcosek idazkian. «Errepublika bateko eta freskagarri enpresa bateko presidente karguak truka daitezkeela frogatzen du Vicente Foxen agintaldiak... eta baita alproja batek biak bete ditzakeela ere», dio. Komandanteordearentzat, «presidentetza gerra jokoetarako erabili zuen psikopata bat» izan zen Felipe Calderon presidente ohia; eta Enrique Peña egungo agintaria «analfabeto funtzionala» da.

Ideien matxinada

Lana, lurra, etxebizitza, elikadura, osasuna, hezkuntza, independentzia, askatasuna, demokrazia, justizia eta bakea. Horiek izan ziren 1994ko urtarrilaren 1ean Mexikoko indigenek egin zituzten aldarrikapenak. «Ez genuen gerra bat piztu jendea hiltzeko, ezta beste batzuek gu hiltzeko ere; geure ahotsa eta mezua entzunarazteko baizik», azpimarratu du Marcos komandanteordeak behin baino gehiagotan. «Ideien gerrilla» esan izan diote zenbait analistek EZLNren borrokari. Helburu hori argi izan dute erreboltariek hasieratik: «Operazioak biribila izan behar zuen. Akatsik gabea. Erreboltarien izen ona zikintzeko edo borrokari balioa kentzeko aitzakiarik ezin genien eman», azaldu zuen Marcosek elkarrizketa batean. Hala ere, EZLN arma errusiarrak erabiltzen zituen «muturreko talde terroristatzat» jo zuen Mexikoko Gobernuak.

Duela bi hamarkada iraultza eragin zuten ezberdintasunak eta bidegabekeriak, alta, ez dira desagertu, eta, beraz, zapatistek ez dute Lacandona oihanetik ateratzeko arrazoirik ikusten. «Mexiko eta Chiapas asko aldatu dira urte hauetan guztietan, baina, zenbait kontutan, egoera berdin-berdina da», aitortu du Juan Carlos Gomez Arandak, Chiapasko Estatuko Plangintza eta Kudeaketa Publiko idazkariak. 1996an, EZLNrekin bake hitzarmena sinatu zuen Gomez Arandak Mexikoko Gobernuaren izenean, baina ez dago ados gobernuak diseinatutako planarekin: «Aplikatu dituzten neurriek ez dute bazterkeria eta pobrezia konpontzea lortu. Errespetua exijitzeko egin zuten iraultza zapatistek. Bada, has gaitezen errespetatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.