Kataluniako indar subiranisten arteko desadostasunak agerikoak izan dira independentzia lortzeko 2017ko urriaren 1ean egin zuten erreferendumetik. Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeen kanpainan ere nabarmendu ziren bi alderdi independentista nagusien arteko harreman txarrak, ERC Esquerra Republicana de Catalunyaren eta JxC Junts Per Catalunyaren artekoak; ohikoak izan ziren, esaterako, ERCko diputatugai Gabriel Rufian eta JxCko Miriam Noguesaren arteko aurrez aurrekoak, eta tentsioa ere nabaria izan zen. UB Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta politologo Jordi Matasen (Bartzelona, 1962) esanetan, «erabateko zatiketa dago» gaur egun alderdi independentisten artean. UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko zientzia politikoetako irakasle Marc Guinjoanen (Bartzelona, 1985) arabera, berriz, «ez dago harremanik, interes oso ezberdinak dituzte eta».
Matasek dioenez, «nor bere aldetik doa; ez dago batasunik, eta estrategia oso gutxitan datoz bat» ERC eta JxC: «Ez naiz oso baikorra: ez dut uste bi alderdi nagusi horien arteko harremana asko aldatuko denik». Nork bere estrategiarekin jarraituko duela uste du UBko irakasleak, eta horrekin bat egiten du Guinjoanek, ez baitu ikusten luze gabe «ados jartzeko biderik». Hau da, bi adituen arabera, ez dirudi bi alderdien arteko harremana laster hobetuko denik.
Guinjoanek eta Matasek azaldu dute ERCko eta JxCko buruzagien arteko harremana txarra dela, eta horrek eragina duela independentismoak bizi duen zatiketan. UOCeko irakaslearen arabera, ERCko presidente Oriol Junquerasen eta 2016 eta 2017 bitartean Kataluniako Generalitateko presidente izan zen Carles Puigdemonten arteko harremana «oso txarra» da; eta, hori kontuan harturik, egoera aldatzeko, «belaunaldi aldaketa benetan apartekoa» beharko litzateke, UBko irakaslearen ustetan.
Ikuspegi desberdinak
Erreferendumaren osteko jokaleku politikoa «gaizki» kudeatzeagatik eta estrategia ezberdinak izateagatik sortu da zatiketa alderdien artean, Matasek azaldu duenez. Guinjoanen arabera, 2012an prozesu subiranista hasi zenetik independentismoak estatu propioa lortzeko izan zuen estrategia erori egin zen 2019an, eta horrek banaketa ideologiko «oso garrantzitsua» eragin zuen mugimendu subiranistaren barnean. UOCeko irakasleak dioenez, 2019-2021 bitartean zehaztu zituzten estrategia berriak alderdi independentistek, eta, tartean, errepresioak eragina izan zuen, «ziur», alderdi politikoen estrategia aldaketan, UBko irakaslearen arabera.
Zer ezberdintasun daude, ordea, estrategiari dagokionez?Matasen esanetan, gaur egun,JxCk alde bakarreko bidea defendatzen du, eta Espainiako Estatuari presioa egitearen eta erakundeak desafiatzearen aldekoa da. ERCk, berriz, elkarrizketaren, negoziazioaren eta Espainiako gobernabidearen aldeko apustua egin du; oraingoz, behintzat. «PSOErekin itunak egiten ere saiatu da, baita sozialisten babesa lortzen ere, hemen, Katalunian», UBko irakaslearen arabera.
Guinjoanen iritziz, JxCren bidearen alde daudenek oraindik ere pentsatzen dute 2017ko urriaren 1eko emaitzak «azken hitza» direla. Haren esanetan, uste dute horrek bide ematen duela Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko, deskonexio legeekin aurrera jarraitzeko eta modu batera edo bestera estatu independente bilakatzeko; diskurtso hori, neurri handiagoan, JxCrekin dago lotuta, eta neurri txikiagoan, CUPekin. Azken alderdi horri dagokionez «beti» izan du «estatutik bereizteko nahia, ez da hortik mugitzen», eta «ez du inongo interesik» Espainiako gobernabidea bermatzeko.
UOCeko irakaslearen arabera, ERCrena diskurtso «pragmatikoagoa» da. «Alderdiak egoera aztertu zuen, eta zera ikusi zuen: urriaren 1ekoa mobilizazio esfortzu ikaragarria izan zela, balioa eman behar zitzaiola, baina, zoritxarrez, unionismoaren zati handienaren boikotagatik, ezin zitekeela homologagarria den erreferendumtzat hartu».
Hori kontuan hartuta, negoziazioaren aldeko apustua egin zuten ERCkoek, Espainiarekin adostutako erreferenduma lortzeko helburuz: «ERCk Espainiaren gobernabidearen parte izateko apustua egin zuen, eta hainbat gauza lortu ditu». Urriaren 1eko erreferendumaren ondorioz espetxeratutako politikarien indultua eta lege aurrerakoi asko onartzea dira adituak aipatu dituen adibideetako batzuk.
Estrategia aldaketari uko
Aldiz, UOCeko irakaslearen esanetan, JxCk eta haren inguruak ez dute onartzen estrategia aldaketa hori. «Uste dute ERCk bere burua saldu diola etsaiari, urriaren 1eko emaitzak ahaztu dituela, eta independentismoari mesede gutxi egiten diola».
Guinjoanek dio JxC barruan badagoela Puigdemont eta Nogueras buru dituen espazio bat PSOErekin akordioetara iristeko guztiz herabe dena; baina askoz ere «pragmatikoagoak» diren eremuak ere badaudela dio.
Hala ere, haren esanetan, «hausturaren aldeko jarrera» da nagusi gaur egun JxCren barruan, eta aukeratu dituzten liderrek «pentsaera hori dute». Bestetik, iragan uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozak egin baino lehen, JxCren boto emaileen erdiek baino gehiagok PSOEko hautagai Pedro Sanchezen gobernua nahi zuten.
Matasen arabera, berriz, ERC izan da U-1eko tesietatik «gehien urrundu» den alderdia eta, beraz, «gutxi gorabehera duela sei urteko independentismoaren postulatuei gehien uko egin diena». ERCk «hainbat porrot» izan ditu; batetik, Espainiako koalizio gobernuarekin edukitako elkarrizketa mahaiarena, eta, bestetik, zera ere bai: «Mugimendu independentistaren ustez, izugarrizkoa izan da alderdiaren porrota, ez baitu indultuez haratago beste ezer lortu».
Subiranistek bide zaila dute bat egiteko
Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumaz geroztik, alderdi independentisten arteko desadostasunak agerikoak dira. «Erabateko zatiketa» dago egun, eta ez dirudi ERCren eta JxCren arteko harremana hobetu egingo denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu