Sudan, gerra zibilaren atarian

Bake akordioan hitzartu bezala, hegoaldearen independentziari buruzko erreferenduma egingo dute datorren urtarrilean, baina gerturatu ahala tentsioa nagusitzen ari da; NBEk «kezka» agertu du galdeketaren inguruan.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Tentsioa Sudango giroa itotzen ari da erreferenduma gerturatu ahala. Hegoaldeko eta iparraldeko agintariak ados jarri dira esateko «edozer egiteko prest» daudela gerra zibila eragoztearren, baina praktikan edozer ezer gutxi izaten ari da, eta nor bere armez josten ari diren biltegiek beste zerbait iradokitzen dute: gerra zibilaren atarikoa. Omar al Bashir presidentearentzat, datorren urtarrilaren 9a goizegi da erreferendumean hegoaldea galtzeko; harengatik balitz, atzeratu egingo luke, betiko ahal bada, baina nazioartea estutzen ari zaio epeak ezinbestean bete ditzan, 2005eko bake akordioan ezarritako prozesuari ez diezaiola muzin egin esaten. Horregatik, asteon, boto-emaileen errolda egiten hasi diren unetik, han dira behatzaileak prozesua jarraitzen galdeketa egunera arte. Nazio Batuen Erakundeak, atzo gaia aztertzeko egindako bileraren ostean, «kezka» agertu du Khartumgo gobernua galdeketak egiteko bitartekoak ez delako ematen ari.

Hogei urte iraun zuen gerra pizteko arrazoiak ez dira desagertu, eta, horregatik, bakerako ezarritako baldintzak betetzeko eskatu du NBEk, erreferendumak sinesgarritasuna izan dezala. SPLM Sudango Herria Askatzeko Mugimenduaren buruzagi Salva Kiirrek ohartarazi du «hilketa masiboa» gertatuko dela galdeketa egiten ez bada. Kiir Al Bashirren presidenteordea da bake akordioaren ondoren hegoaldeak gobernuan parte hartzeko erabakiaren ondorioz. Iparraldean NCP presidentearen alderdia da nagusi, eta hegoaldean Kiirrena. Bi aldeak egiten ditu NBEk erantzule.

Hain zuzen, joan den apirileko hauteskundeetan -bake akordioaren beste baldintzetako bat- iparraldean Al Bashir nagusitu zen gehiengo osoz, eta gauza bera gertatu zitzaion SPLNri hegoaldean. Bataren zein bestearen era guztietako trikimailuak salatu dituzte bi lurraldeetako oposizioek. Hegoaldeak independentzia lortuta ere, alderdi bakarreko bi estatu izango lirateke, bat beharrean, eta egoera antzekoa, oposizioak salatzen duenez.

Gaur-gaurkoz, Sudan bitan bana daitekeela pentsatze hutsak bere onetik ateratzen du Al Bashir. «Akordioetatik desbideratzea» da berarentzat banaketaren aldekoek erreferendumerako baldintzak eskatzea. Gerrarekin egin du mehatxu teniente jeneralak beste behin, aitzakia bat topatzen duen oro egiten duen bezala: 2005eko bake hitzarmenaren aurretiko giroa baino okerragoa izango da harentzat baldintzak zehazten ez badira, baina zehazteko gauza asko dago oraindik, bi aldeen ikuspegiak bateratzeko gaitasunik ez dagoelako, 2005ean gerra zibilari amaiera jarri zion akordioa betetzeko. Aberastasunaren banaketa, ura, mugen lerroak, herritarrei dagozkien eskubideak eta zor nazionala gai polemikoak izaten ari dira, baina negoziazioez ez dute ezer azaldu, muga malgua izango dela soilik, ibiltarien bizimodua ez trabatzeko.

Abiei eskualde aberatsa

Ia ziurra da atzeratu egingo dela hegoaldeko erreferendumarekin batera egitekoa zen Abiei eskualdeari buruzko galdeketa. Hori esan du NCP Sudango Gobernuaren alderdiak, eta mugak zehaztu beharra dagoela aurretik. Iaz CPA arbitratzeko auzitegi iraunkorrak Abieiko mugak berriz marraztu zituen, iparraldearen esku utziz petrolio hobi garrantzitsuak. Hegoaldeari, Abieiko hiria barne, lurralde zatirik handiena itsatsi zion, eta hobi garrantzitsu bat ere bai. Mugak, ordea, ez dira fisikoki ezarri, Misserijako artzainek egindako mehatxuengatik. Mapako lerroez gaindi mugitu ahalko diren axola zaie petrolioa baino gehiago, ez direlako ez iparraldeko ez hegoaldeko, handik harako ibiltariak baizik.

Sudango herritarren %1 besterik ez da Abieikoa, baina petrolio hobi handienak izateagatik gatazka armatu luzeegia sufritu dute hango biztanleek. Orain, iparraldearekin edo hegoaldearekin joan nahi duten erabakiko dute; banatuta, dena den.

Sudango batasunaren aroa amaitutzat jotzen dute adituek. Herri bakar bat izaten jarraituko du Omar al Bashirren armada hegoaldean sartzen bada,baina hori ez da batasuna. SPLMko idazkari nagusi Pagan Amum bilerak egiten aritu da AEBetako funtzionarioekin, irailean azkenak. SPLMren helburua ez da bakarrik nazioarteko onespena lortzea independente izateko; etorkizuneko estatua bizirik irauteko babes bila ere ari da.

Sudangoa gatazka iraunkorra izan da garai kolonialaren osteko historia osoan, 1956tik, talde erlijioso eta etnikoen arteko borroka etengabea, bake akordioen tarteak salbuespen. Dozenaka talde armatu daude herrian, mehatxu erreala gatazka berritzeko. 2005ean, oposizioko alderdiek Afrikako gerra zibil luzeenari amaiera emateko bake akordioa sinatu zuten -Darfur kanpoan geratu zen-. 2,2 milioi pertsona hil ditu gerrak, baina kili-kolo dago, eta kezka handia da bake garaian ere egunero daudelako hildakoak: desplazatuak pilatzen ari dira, eta herritarrak torturak, bortxaketak eta era guztietako gehiegikeriak sufritzen ari dira. Gosea baretzera ere iritsi ezinik daude gobernuz kanpoko erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeko konboiak.

Betiko galdera da Niloko iparraldean bizi diren arabiar musulmanak, historikoki Sudan gobernatu dutenak, prest dauden boterea eta ugaritasuna partekatzeko hegoaldeko kristau eta animistekin. Hegoaldeko lurralde ia autonomoa politikoki baztertu izanak eragin du borroka.

Hasieran lurrak eta etnien arteko borrokak ziren gerrako auzi, petrolioa kanpo zegoen, baina nazioarteko egoerak lagundu zuen beste izaera bat ematen. 1983tik gerra iturri izan da, garapenerako baliabide izan beharrean. Hegoaldearen alde egon dira AEBak eta Erresuma Batua -eurek bideratu zuten bake akordioa-, eta multinazionalek bi aldeetara jokatu dute. Txina Al Bashirren alde zegoen lehen, eta hegoaldearekin tratuak egiten ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.