Sudango erreferendumaren hirugarren egunean, %60tik hurbil dago parte-hartzea

Khartumek gezurtatu egin du hegoaldea banatuz gero kanpo zorra osoa bere gain hartuko duela

mikel rodriguez
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hegoaldeko Sudango independentziari buruzko erreferendumaren hirugarren eguna zuten atzo. Galdeketa balioduna izan dadin, parte-hartzeak gutxienez %60koa izan behar du, baina antolaketa batzordearen arabera, aurreikuspen guztiak gainditzen ari dira oraingoz. «Prozesua lasai ari da gertatzen. Ez dirudi arazorik izanen dugunik %60ko mugaraino ailegatzeko. Gainera, uste dugu parte-hartzea anitzez handiagoa izanen dela», azaldu du batzordeko presidente Mohammed Ibrahim Khalilek.

EB Europako Batasuna ere pozik agertu da erreferendumaren garapenarekin. Veronyque de Keyser EBko begiraleen buruak adierazi du ikusi duenarekin «hunkituta» gelditu dela, eta nabarmendu du jendea bozkatzen ari dela «bizitza aldatuko» zaiela dakitelako.

Eztabaida eta erasoak

Nahiz eta antolatzaileek eta nazioarteko begiraleek oro har erreferendumaren arrakasta nabarmendu, azken egunetan izan da eztabaida eta gatazkarik. Alde batetik, kanpo zorraren auziak eman du zeresana. Sudango Atzerri ministro Jalid Musak gezurtatu egin du herrialdearen kanpo zorra soilik iparraldeak bere gain hartuko duela. Herenegun, Jimmy Carter AEBetako presidente ohiak, Omar al Bashir Sudango presidentearekin hitz egin ondotik, jakinarazi zuen iparraldeak bere gain hartuko zuela kanpo zorra osoa. 29.000 milioi eurokoa da Sudanen zorra.

Bertzalde, herenegun gertatutako liskar armatuen berri eman du Hegoaldeko Sudango gobernu autonomoak. Iturri horren arabera, iparraldetik hegoaldera zihoan errefuxiatuen konboi bati eraso egin zion arabiarren milizia batek, eta hamar lagun hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.