Human Rights Watchen ikerketek erakutsi dute Sudango indar armatuek eta beste eragile armatu batzuek emakumeak bortxatu dituztela Sudanen, baina, zehaztu dutenez, abusu horietako gehienak Azkar Laguntzeko Indarrek eginak dira; hain justu, milizia hori herrialdeko armadaren kontra ari da gerra zibila piztu zenetik, 2023ko apiriletik.
Gatazkan hilketa asko izan dira lurraldeko hainbat tokitan, baita gerra krimen eta gizateriaren aurkako krimen asko ere, dirudienez, eta, ondorioz, 11 milioi pertsonak etxetik alde egin behar izan dute, eta beste eskualde batera joan. Nolanahi ere, zibilak babestu diren txoko batzuetan ere erabili dute sexu indarkeria gerrako arma gisa. Belkis Willerekin hitz egin du BERRIAk: HRWeko Krisien, Gatazken eta Armen Dibisioko zuzendaria da, eta zenbait ikerketa egin berri ditu Sudanen emakumeei pairarazten dieten sexu indarkeriaren inguruan.
Zer gatazka dago Sudanen?
Gatazka 2023ko apirilean larriagotu zen, gerra zibila piztu baitzen. Batetik, Sudango Indar Armatuak daude, zeinek Sudango Gobernua ordezkatzen baitute, eta, bestetik, Azkar Laguntzeko Indarrak taldea (RSF), lehen Janjaweed deitua eta 2000ko hamarkadaren hasieran Darfurren izandako abusu izugarriekin lotua. Zibilak izan dituzte indarkeriaren jomuga. Dokumentatu ditugun krimenik okerrenak RSFk eginak dira.
Zuk egindako ikerketetako batean, Kordofan aztertu duzu, nuba herritarrak bizi diren mendialdea.
Inguru hori beste talde armatu batek kontrolatzen du, Iparraldeko SPLM taldeak, eta gaur egun ez du babesten ez gatazkako alde bat eta ez bestea. Beraz, herrialdeko tokirik seguruenetako bat da, eta Sudan osoko herritarrak joaten dira hara babes bila, batez ere nuba etniakoak.
Lurrak inbaditu ahala, RSFk herritarrak hiltzeko kanpainak egiten ditu, eta emakumeak era masiboan bortxatu.
RSFk eta talde aliatuek, Sudanen milizia arabiar esaten zaien horiek, eraso egin diete afrikartzat jotzen dituzten talde etniko batzuei, talde tribal arabiarren kontrakoak direlakoan. Gizonak, emakumeak eta haurrak hil dituzte. Etxeei su eman diete, baita arpilatu ere; jendea lekualdatzera behartu dute era masiboan, eta lurra kontrolpean hartu dute. RSFrentzat ohiko tresna izan da indarkeria sexuala.
Horren adibiderik?
Darfurren, RSFk emakume aktibista batzuei eraso die, baita masalit komunitateko liderrei ere. Elkarrizketa bat egin nion sare sozialetan asko ibiltzen zen neska gazte bati, bideoak zabaltzen baitzituen talde horiek masaliten kontra egiten dituzten abusuen berri emateko. RSFko talde bat zain egon zitzaion bere etxearen kanpoaldean, eta harrapatu eta taldean bortxatu zuten. Argi utzi zioten zergatik egin zuten hori: zabaltzen zituen bideoengatik. Ez da kasu bakana. Aktibismoan aritzeagatik bortxatu dituzten zenbait emakume elkarrizketatu ditugu.
Kordofanen, sexu esklabotzako zenbait kasu dokumentatu ditugu. 18 urteko neska batekin hitz egin genuen: haurdun zegoen, hiru hilabeteko, eta RSFk atxilo hartu zuen. Base militar batean eduki zuten sexu esklabo gisa hiru hilabetez, beste 51 emakume eta neskatilarekin batera. Kateatu egiten zituzten ihes egin ez zezaten. Ezin ziren komunera joan, eta ez zieten behar bezala jaten ematen. Goizero eta gauero, soldadu taldeek emakume horietako batzuk hartzen zituzten bortxatzeko. RSFko zenbait kidek esan zieten beste bi base ere bazituztela eta emakume gehiago zituztela han atxilo. Gobernu batzuk konplizeak dira, besteak beste Arabiar Emirerri Batuetako Gobernua, RSF babesten baitute.
Sexu indarkeria hori zer da, matxismoaren adierazpen izugarri bat, kaosa aprobetxatuz azaleratua, ala gerrako estrategiaren parte da?
Batzuetan, kaosaz baliatzen diren gizon armatuak izaten dira. Beste batzuetan, zibilen talde jakin bat deshumanizatzea eta makurraraztea izaten da helburua. Halako bortxaketa masiboak egitea helburu militar baten parte da, eta jendea beldurtu eta isilarazi nahi dute horrela. Nuba etniaren herrian, Kordofanen, ematen zuen talde etniko hori umiliatzeko ahaleginean ari zirela, boterea erakutsi eta beldurra zabaltzeko modu bat zela.
Emakume batzuk zigortu egin nahi dituzte familian, bortxatu egin dituztelako edo haurdun geratu direlako.
Gurekin hitz egin zuen emakumea RSFren base batetik ihes egindakoa da, eta ezkutuan bizi da gaur egun, haurdun dagoela; izan ere, lehengusuak mehatxu egin zion hil egingo zuela. Gatazka egoeretan, maiz erruduntzat jotzen dituzte emakumeak abusuak jasateagatik.
Medikuengana jotzen dutenean, biktima askori ez diete egiten GIBaren probarik, eta ez daukate non abortatu. Laguntza humanitarioa emanez konpon daiteke hori, edo ez da horren erraza?
Korapilatsua da. Nuba mendietara jende asko iritsi da ihesi, eta gobernuak han ez du kontrolik. NBEk ezin du jardun Sudanen baldin eta gobernuak ez badio horretarako baimenik ematen, eta gobernuak ez dio uzten NBEri bere kontroletik kanpoko eremuetan lan egiten. Nazioarteko taldeak kezkatuta daude gobernuak ez ote dituen zigortuko edo ez ote dizkien programak kenaraziko herrialdeko beste toki batzuetan.
Medikuak elkarrizketatu genituen zentroetan, esan ziguten ez zutela abortatzeko aukerarik emango, ez zutelako horretan sinisten.
«Sudango sistema judizialak oso gaitasun mugatua du biktimei justizia emateko»
Sudanen ba al dago justizia lortzeko biderik?
Sudango sistema judizialak oso gaitasun mugatua du biktimei justizia emateko. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikerketa bat abiatu zuen orain dela ia hogei urte Darfurren, baina handik kanpo ez dauka eskumenik. Handitu egin beharko litzateke haren jurisdikzioa. Auzitegi horrek, ordea, goi kargudunei bakarrik jazarri diezaieke, eta horrek ez du askorako balio kasu honetan eta antzekoetan, talde asko ari baitira gehiegikeriak egiten. Zoritxarrez, Sudango emakume askok ideia irrealtzat daukate justizia.
Iazko urrian, NBEren ikerketa misio batean, esan zuten beharrezkoa zela «babeserako indar independente bat zabaltzea».
Azken urteetan, NBEko estatu kideek ez dute borondate handirik izan bake misio gehiago abiatzeko. Lan asko egin eta gero, ohartu dira hori beharrezkoa dela Sudanen. Baina oraindik ez dago behar adinako adostasunik. Gure iritziz, legitimotasuna eta babesa lortzeko, NBEk eta Afrikako Batasunak mekanismo bat sortu beharko lukete elkarlanean. Orain arte erronka handia izan da bi aldeek konpromisoa hartzea.