Suediako komunikabideek baztertu egiten dituztela salatu dute samiek

Sami hizkuntzan emandako saioak 8,5 ordu murriztu dituzte ikus-entzunezko hedabideek

STOCKHOLM
2006ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Sametinget Suediako Samien Legebiltzarrak telebista eta irrati publikoen aurkako salaketa jarri du, sami hizkuntzan hedatutako saioak murrizteagatik. Hitzartutakoa haustea eta sami herria diskriminatzea leporatzen diete komunikabideei. Indarrean dagoen hedabideen araudiarenarabera igortzen ziren saioak 8,5 ordu gutxitzea erabaki dute irrati eta telebista kateek. Hedabide publikoen jarduna arautu eta gainbegiratzeaz arduratzen den batzordeak salaketa aztertu eta ordu murrizketak diskriminazioa eragiten duen edo ez erabaki beharko du orain.

Gutxiengoen eta batez ere samien aukako jarrera ezkorra izatea eta samiek azken hamar urteetan izandako garapen politikoa aintzat ez hartzea egotzi dio telebista eta irrati publikoari Sametinget-ek. Suediako Sami Legebiltzarreko presidente Lars-Anders Baerrek eta presidenteorde Anders Kraikek salaketa zabal bat kaleratu zuten joan den astean. «Ez dirudi Stockholmgo ikus-entzunezko zerbitzu publikoko buruzagiek jatorrizko herriak zer diren dakitenik, ezta jakin nahi dutenik ere». Gobernuaren, telebista eta irrati publikoaren eta Suediako Legebiltzarraren artean negoziatutako akordioek samierazko saioak hedatuko direla bermatzen dute. SVT eta UR telebista kateek eta SR irratiak dute, gainera, sami hizkuntzan ikus-entzunezko programak hedatzeko monopolioa. Joan den urte amaieran, ordea, telebista eta irrati publikoak kudeatzen dituen enpresak gutun bat bidali zion Sametinget-i sami hizkuntzan emititutako saioak 8,5 ordu gutxitu eta hainbat kazetari kaleratu egingo zituztela jakinarazteko.

Aurrekontu txikiagoa

Neurri horiek hartzeko irizpide nagusiak aurrekontuen murrizketa eta sami hizkuntzan kaleratutako saioen kalitate eskasa direla jakinarazi du telebista eta irrati publikoak. Arrazoi horiek ez direla sinesgarriak , eta hala balira ere, aurrez hitzartutakoaren kontra egiten dutela nabarmendu du Sametinget-ek. Zerbitzu publikoak etorkizunerako aukera bideragarri eta egokirik ez duela aurkeztu salatu dute, halaber, samiek. Suediako ikus-entzunezko hedabide publikoko ordezkariek ez dute salaketaren inguruan adierazpenik egin nahi izan batzordeak bere erabakia hartu arte.

lars-anders baer -suediako sami legebiltzarreko presidentea

«Aurrekontuen murrizketa samierazko saioei soilik aplikatzea susmagarria da»





u. otaegi - STOCKHOLM

Sametinget Suediako Sami Legebiltzarrak Suediako telebista eta irrati publikoaren aurka aurkeztutako salaketaren nondik norakoez mintzatu da Legebiltzarreko presidente Lars-Anders Baer berriarekin.

Irrati eta telebista publikoak sami hizkuntzan dituen saioak murrizteko hartutako erabakiak ikus-entzunezko hedabideen inguruko akordioa urratu duela salatu duzue.

Suediako Gobernuak, Legebiltzarrak eta ikus-entzunezko hedabide publikoak kudeatzen dituen enpresak 2000. urtean sinatutako akordioak ez zuen horrelako murrizketarik aurreikusten. Aurten sinatu behar zen akordio berria, baina Gobernuak zaharra urtebete luzatzea erabaki du, aldaketarik egongo ez dela bermatu ostean. Sami hizkuntzan ematen diren saioak gutxitzea bat-bateko eta alde bateko erabakia izan da, beraz. Oso susmagarria iruditzen zaigu hori, eta salaketa aurkeztea beste irtenbiderik ez dugu izan.

Noizko espero duzue batzordeak erabakia hartzea?

Udaberria arte itxaron beharko dugu. Guk aurkeztutako salaketa luzea eta zabala da. Ziurtatu egin nahi dugu horrelakorik ez dela berriro gertatuko. Izan ere, murrizketa salatzeaz gain, orain arte samiei telebista eta irrati publikoan ematen zaigun tartea handitu nahi dugu. 70eko hamarkadan herritar sami batek ikus-entzunezko hedabideak arautzen dituen batzordean aurkeztutako salaketa baten ondorioz hasi zen telebista eta irrati publikoa sami hizkuntzan saioak igortzen. Espero dugu oraingoan ere ondorio baikorra izatea gure salaketak.

Zertan hobetu behar dute ikus-entzunezko hedabideek?

Samiak telebistan eta irratian ez gaudela behar beste ordezkatutauste dugu. Ez dugu sami hizkuntzan kaleratutako saioak gehiatzea bakarrik nahi, baizik eta baita samien inguruan suedieraz igorritakoak ere. Izan ere, samiera hitz egiten ez duten suediarrek gure egoeraren inguruan informazioa jasotzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Eta, oraingoz, ez dira nahikoa sami gaiez arduratzen diren telebista eta irrati saioak. Sami herriko zenbait eskualdetan, era berean, ez dute irratsaioak entzuteko modurik. Hezkuntzari buruzko eta sami gazteentzako saio gehiago ere nahi ditugu.

Samien inguruko gaiei buruzko Internet bidezko lehen irrati katea eratu berri du Suediako irrati publikoak.

Ona da hori, noski, baina ez da inondik inora ere nahikoa. Kontuan izan ez direla oraindik hainbeste Internetez irratia entzuteko baliabideak dituzten herritarrak.

Sami hizkuntzan ez ezik, beste hizkuntza minoritarioetan finlandiera, esate baterako kaleratutako saioak ere murriztu dituztela salatu duzue.

Bai, hala da. Suedian gutxiengoak diskriminatuta gaudela pentsatzeko arrazoiak besterik ez digu ematen horrek. Izan ere, aurrekontua murriztu nahi dutela diote, baina ez al da susmagarria hori gutxiengoetzako saioetan bakarrik aplikatzea? Saioen kalitate kaskarraz ere hitz egin dute. Gu al gara, ordea, kalitatearen erantzule?

Sametinget-ek parte hartzen al du gutxiengoei hedabide publikoetan emango zaien tarteari buruzko negoziazioetan?

Ez. Aholkularitza eskatzen digute, baina ez dugu erabakirik hartzeko ahalmenik.

Asteko kronika





LARUNBATA
Galizia: «Sinbologia faxistaren kontrako kanpainari jarraiki», Ferrol hiriko udal liburutegian zegoen Franco diktadorearen garaiko ikurra arrosaz pintatu zutela iragarri zuen NOS-Unidade Populare ezker independentistako alderdiak. Aurreko asteetan antzeko ekintzak egin dituzte ikur frankisten kontra.

IGANDEA
Bretainia: Urtarrilaren 14an Kontseilu Nazionala bildu ondotik, PB Alderdi Bretoiaren buruzagitzak bilkura egin zuen Roazhonen (Rennes), eta azken kongresuan finkatutako ekinbidea berretsi. Bretainia batu eta askearen aldeko konpromisoa ere berretsi zuen.

ASTELEHENA
Gales: Erresuma Batuko Barne ministro Charles Clarkek Galesko lau polizia indarretako buruei esan zien otsailaren 24a arte dutela polizia indar horiek bat-egitean adosteko. Galesko poliziaburuak oraingoz ez datoz bat Londresen egitasmo horrekin.

ASTEARTEA
Korsika: Jean Castela eta Vincent Andriuzzi abertzale korsikarren defentsakagerian ezarri zuen Frantziako Poliziak datu faltsu bat baliatu zuela bi akusatuen sumarioan; 1998ko otsailaren 6an Claude Erignac prefeta hiltzeaz akusatuta daude. 1998ko abuztuaren 20ko data duen galdeketako txosten batek Carlu Pieriren auzipetzea aipatzen du, hori, aldiz, 1998ko urriaren 4an izan zen. Datu faltsu horrek kolokan jarri zituen helegite epaiketako akusazioaren argudioak.

ASTEAZKENA
Galizia: Diputazioen baliagarritasuna zalantzan jarri zuen Xuntako Presidentetzako kontseilari Xose Luis Mendez Romeuk. Diputazioek dituzten defizitak eta funtzionamenduaz «serio» hitz egiteko beharra dagoela nabarmendu zuen.

OSTEGUNA
Herrialde Katalanak:Espainiako Kongresuak PSOE alderdi sozialista, PP Alderdi Popular eta CC Koalizio Kanariarraren 294 botoekin onartu zuen Valentziako Estatutuaren erreforma proiektua. Gainerako alderdiek kontra bozkatu zuten (32 boto).

OSTIRALA
Herrialde Katalanak: Kataluniako Estatutuaren aurreneko eztabaida egin zuten Espainiako Kongresuan. Testuaren aurreneko artikulua onartu zuten. Kataluniaren nazio izaera onartzen du artikulu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.