Errefuxiatuen krisia

Suedian hartuko dituzte asiloa onartu dieten lehen iheslariak

Erromatik irten dira goizean Europako Batasunak bere estatuen artean banatuko dituen lehen hogei errefuxiatuak. Alabaina, EBk asilo eskaera ukatzen dietenen deportazioak azkartuko ditu, eta kanporatze agindua betearazteko atxiloketak onartuko ditu. Europako kanpo mugen kontrola zorroztuko du. 

Suediarako bidea hartu duten 20 eritrearrak. GONZALO SáNCHEZ, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Adrian Garcia
2015eko urriaren 9a
13:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Suediak hartuko ditu Europako Batasuneko herrialdeen artean banatuko dituzten lehen errefuxiatuak. Goizean hartu dute harako bidea Erromatik irten diren hogei errefuxiatu eritrearrek. EBk hartua du 160.000 errefuxiatu kuota bidez banatzeko erabakia, gerratik ihesi Europako ateak jo dituztenen egoera bideratzeko. 

Gainerakoekin nola jokatu eztabaidatu zuten atzo 28en ordezkariek. Eta hartu duten konpromisoa bestelakoa izan da: asilo estatusa ukatutakoak kanporatzeko prozesua azkartzea eta batasuneko kanpo mugak indartzea onartu dute.

«Itzulera politika» eraginkorragoa egin nahi du Bruselak. Beste hitz batzuetan esanda: asilo eskaera onartu ez dieten errefuxiatuak eta Europan sartzeko baimenik ez duten gainerako migratzaileak deportatzeko epeak murriztu egingo dituzte, zenbatean ez zehaztu arren. Neurri gogorrak onartu dituzte kanporatzeko agindua derrigorrean bete dadin: migratzaileak ihes egiteko arriskua egonez gero, segurtasun indarrek atxilotu egin dezake.

Europako Batzordeak bidea erraztu die Barne ministroei, eta egungo deportazio sistemen hutsuneak azaleratu ditu. Erakunde horren arabera, kanporatze aginduen %40 baino gutxiago betetzen dira. «Deportazio tasa handiagoek migrazio irregularrari atzera eginaraz diezaiokete», ondorioztatu dute ministroek bilkura amaieran.

Hala eta guztiz ere, EBko kide bakoitzak du deportazioen inguruko eskumena, eta Europak batasun gisa joka dezakeen rola mugatua da.

«Kanporaketak beti dira gogorrak», adierazi du Alemaniako Barne ministro Thomas de Maizierek. «Baina soilik honela babestu ditzakegu errefuxiatuak: babesa behar ez dutenak etortzen ez badira edo azkar itzultzen badira».

Jatorriko herrialdeak

Erresuma Batua da deportazioak azkartzeko Europa gehien estutu duena, nahiz eta Londres salbuetsita egon Barne eta Justizia sailetako EBren irizpideak betetzetik. «Erresuma Batuak marka ona du alor horretan, baina orain Europa ikusi nahi dugu apustua handitzen. Gure asilo sistemaz aprobetxatzen direnen aurka egin behar dugu», esan du Theresa May Barne ministroak. Ez deritzo egokia errefuxiatuen krisian egiten den lotura. «Bidaia arriskutsu bat egiteak ez du esan nahi Europan gelditzea».

Baina deportazioak azkartzeko ezinbestekoa du Bruselak jatorriko herrialdeekin eta igarobide direnekin negoziatzea eta kooperazioa indartzea. Garapenerako diru laguntzen eta bisen politika bidez limurtu nahi dituzte herrialde txiroak. Ministroek onartutako testuaren arabera, «pizgarrien eta presioaren arteko oreka» erabiliko dute herrialde horiek migrazio jarioa oztopa dezaten.

Siria inguruko herrialdeekin antzera jokatu nahi du Bruselak. Izan ere, Turkian, Libanon eta Jordanian dozenaka milaka siriar errefuxiatu daude, eta Europarako bidea has dezakete. Atzo bildu ziren EBko hainbat Atzerri ministro Turkiako, Jordaniako eta Libanoko ordezkariekin, laguntzak aztertzeko. Europak kanpalekuen finantzaketaren zati bat bere gain hartu nahi du, iheslari gehiago ate joka izan ez ditzan.

Arautu gabeko migrazioari aurre egiteko gotorleku bihurtu nahi dute Europa, kanpo mugak are gehiago kontrolatuz. Frantzia eta Alemania izan dira muga horiek blindatzearen sustatzaileak. Frontex erakundea indartu nahi dute, eta mugazainen talde bateratu bat sortu. Haatik, zenbait ministrorengan zalantzak eragin ditu, subiranotasuna galduko ote duten beldur. «Estatuek mugen kontrol osoa izaten jarraituko dute», lasaiarazi ditu Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak. Haren esanetan, herrialde batek kanpo mugak kontrolatzeko zailtasunak dituenean bakarrik jarriko lukete martxan mekanismo hori. Halaber, Grezian eta Italian migratzaileak izen emateko prozedura zorroztu nahi dute.

Giza trafikatzaileak

Bruselak aurreikusitako giza trafikatzaileen aurkako neurriak aurrera egin dute, eta NBEk egunotan emango dio oniritzia. Ebazpenak baimena emango dio EBri operazio militarrak egiteko nazioarteko uretan, sumagarriak diren ontziak abordatzeko eta desbiderarazteko.

Krisia lehertu bezain pronto saiatu dira Europako agintariak errefuxiatuen eta arrazoi ekonomikoengatik migratzen dutenen artean marra bat marrazten. Miseriatik ihesi bidaia egin dutenak etxera itzularazi nahi dituzte.

Haatik, proposamenak egin ditu EBk estatus hori emateko baldintzak aldatzeko, esate baterako, «herrialde seguruen» zerrenda bateratua eratzearena. Egun kide bakoitzaren araberakoa da izendapen hori. Herrialde «seguru» horien artean leudeke, besteak beste, Turkia —errepresio kanpaina abian du Ipar Kurdistanen— eta Kosovo—iaz babes eskaera gehien egin zituztenen artean hirugarrenak izan ziren kosovarrak, siriarren eta afganistandarren atzetik—.

Europako krisiei aurre egiteko «batasuna, justizia eta elkartasuna» eskatu zuten herenegun François Hollande Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Siriako gatazkaren erroei irtenbide politikoa ematearen alde daude bi agintariak. Baina luzerako joko du gatazkak, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen ustetan. «Errefuxiatuaren krisia ez da Gabonetan amaituko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA