Suitza

Suitzarrek klima larrialdiari aurre egiteko neurriak baztertu dituzte erreferendumean

Berotegi gasen isurketa murriztearen eta erregai fosilei zergak handitzearen inguruan galdetu diete herritarrei. Emaitzek arriskuan jarri dituzte herrialdeak Parisko Hitzarmenean sinaturiko helburuak.

Suitzako Aletsch glaziarra, Europako luzeena, 23 kilometrorekin. Iaz bakarrik, Suitzako glaziarrek bolumenaren %2 galdu zuten. BASTIEN GALLAY / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 14a
11:05
Entzun

Suitza hasierako laukitxora itzuli da klima larrialdiaren inguruko politikei dagokionez, herritarrek isurketak murrizteko neurrien kontra bozkatu baitute erreferendumean.

Atzo egin zuten bozketa, eta boto emaileen %51,6k baztertu egin dute CO2aren inguruko legea, eta %49k bozkatu zuten alde.

Gobernuak proposatu zuen herrialdeak 1990ko hamarkadan zituen isurketa mailak erdira jaistea 2030erako, energia iturri berriztagarriak indartuz, erregai fosilen zergak handituz, besteak beste hegazkin txarteletan.

Ezetzak «ondorioak» izango dituela esan zuen atzo Simonetta Sommaruga Ingurumen ministroak. «Orain zaila izango da klimaren inguruko helburuak lortzea». Edonola ere, adierazi zuen herrialdeak ez duela utziko Parisko Hitzarmena.

Alderdi Berdeak deitoratu egin zuen erreferendumaren emaitza. «Petrolio eta gas konpainiak eta haien presio taldeak irabazi dute», adierazi zuen alderdiak ohar batean. «Honek izugarri geldotuko du klima babesteko ahalegina».

Legearen aurkariek argudiatu dute Suitzak bakarrik isurien %0,1 eragiten dituela munduan, eta adierazi dute halako neurriek ez diotela lagunduko ingurumenari.

Erabakiak erabaki, klima larrialdiak eragin handia du Suitzan. Iaz bakarrik, hango glaziarrek bolumenaren %2 galdu zuten.

Demokrazia zuzenerako tradizio handia du Suitzak. Gai asko erreferendumaren bidez erabakitzen dira. Erreferendum bat eskatzeko, 100.000 sinadura bildu behar dira, eta zortzi milioi biztanle dituen herrialdeak.

Edonola ere, bozketa zuzenaren praktikak hainbatetan eragin du herrialdean jarrerarik kontserbadoreenak garaitzea. Izan ere, Suitzakoa Europako demokraziarik zaharrenetako eta iraunkorrenetako bat da, baina emakumeei boto eskubidea onartzen azkena izan zen: 1990. urtean zabaldu zen herrialde osora. Gaia ikertu dutenek azaldu dutenez, Suitzan tradizio demokratikoa bera erabili zuten emakumeei bozkatzeko eskubidea galarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.