Suteei lotutako zalantzak

Uda honetako suteen ondorioz 44 pertsona hil dira Aljerian egun bakarrean. Hainbatek egotzi diete agintariei behar adina neurri hartu ez izana ezbeharrak saihesteko.

Al-Kalako zoologikoan erretako autobusa. EFE.
Ricard Gonzalez.
Aljer
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bigarrengo udaz jarraian, baso suteek tragedia ikaragarria eragin dute Aljerian. Zorigaiztoko egun batez bakarrik, abuztuaren 17an, 44 hildako kontatu zituzten, eta 180 zauritu baino gehiago, noiz eta dozena bat suteko bolada suntsitzaile bat izan eta gutxira, herrialdeko ipar-ekialdea oldarrean jo zuena. Iaz jende gehiago izan zen: 90 lagun, gehienak amazigen Kabilia eskualdean. Agintarien esku hartzeak zenbait zalantza eta kritika piztu ditu Magrebeko herrialde horretan, baina apenas ispilatu den ez inguruko komunikabideetan, zeinak gero eta gutxiago baitira independenteak, ez eta hurbileko testuinguruan ere, zeina gero eta errepresiboagoa baita disidentziarekin.

Al-Tarf probintzia izan zen gehien kaltetua, 36 pertsonak galdu baitzuten bizia han. Al-Kalako zoologikoa izan zen dramaren gertaleku nagusietako bat, «suzko tornado» batek irentsi baitzuen parkea. Dozena bat lagun alfer-alferrik ahalegindu ziren autobus batean ihes egiten, sugarren pean geratu baitzen bat-batean, eta tranpa hilgarri bihurtu. «Familiei ihes egiten laguntzen ahalegindu gara. Inor ez zitzaigun etorri laguntzera, ez suhiltzailerik, ez eta beste inortxo ere. Hemengo langileok ahalegindu gara jendea parketik ateratzen, sugarrek inguratuta baitzeukaten»; hala adierazi dio AFP prentsa agentziari zoologikoko enplegatu batek, Takyeddinek.

Hein batean, agintariek klima baldintza ohiz kanpoko batzuei egotzi diete tragedia. Hiru urtean lehortea izan eta gero, 48 graduko tenperaturak izan ziren zenbait egunetan, bai eta haize indartsua ere, orduko ia 90 kilometrorainokoa. «Baso suteak izango zirela aurreikusirik, estatuak eskura dauzkan baliabide guztiak mobilizatu ditu uda hasieratik», adierazi zuen Kamal Beldjud Barne ministroak, zeinak armada eta beren helikopteroetako batzuk baliatu baitzituzten suaren kontrako borrokan laguntzeko.

Berotze azkarragoa

«Aljeria herrialde erdibasamortutarra da, eta zuzen-zuzenean eragin diote klima aldaketak ekarritako nahasmenduek. Baso oso zerratuak ditu ondare, mediterraneoak, eta oso kaltebera direnak muturreko klima egoeretan», nabarmendu du sute arriskuetan beteranoa den aditu batek, Abdelkarim Txelgum aljeriarrak. Medecc Mediterraneoko klima eta ingurumen aldaketei buruzko aditu taldeak egindako txosten baten arabera, eskualde mediterraneoan batez beste planeta osoan baino %20 lasterrago ari dira handitzen tenperaturak, eta uste dute 2030erako %30 gutxituko direla hango baliabide hidrikoak. Aljeriako demografia laster batean handitu izanak ere, batez beste hiru haur emakume bakoitzeko, askoz ere gehiago larritzen du lehortearen arazoa.

Bere burua zuritze aldera, gobernuak, halaber, esan du sute horietako ugari nahita piztuak izan direla, eta, guztira, hamahiru susmagarri ere baditu atxilotuak. Agintariek iaz izan zuten erreakzioa, berriz, oso susmagarria izan zen, ziurtzat jo baitzuten sute haien atzean MAK alderdia zegoela, amazigen Kabilia eskualdearen autodeterminazioaren alde diharduena; iradoki ere egin zuten Marokoren lankidetza izan zuela. Halaber, Aljerrek alderdi hori «erakunde terroristatzat» edukirik —inolako atentaturik ez eginagatik ere—, MAKi egotzi zioten Djamel Bensmail gaztearen lintxamendua eta erailketa; Bensmail boluntario joana zen eremu hartara sua itzaltzeko asmoz, eta jendaila asaldatu batek piromanotzat hartu zuen.

Aljeriako komunikabideek ez dute azaldu, ordea, Aljeriako suteen kontrako borroka Espainiarekiko tirabira politikoen biktima dela, Pedro Sanchezen gobernuak bira politikoa eman duela-eta Mendebaldeko Sahararen inguruan Espainiak zuen neutraltasun jarrerari dagokionez, Rabaten tesia bere egiteraino. Iaz, Espainiako Plysa konpainiak—Air Nostrumen filial bat, suteak itzaltzen espezializatua— bi hidrohegazkin laga zizkion Aljerri, sugarren kontrako borrokaldiaren unerik gorenean. Bere jarduerarekin gogobeterik, irailean, gobernuak kontratu bat sinatu zuen lau hegazkin eskuratzeko, udarako prest egon beharko luketenak. Hala ere, Aljeriako Mena-Defense webgunearen arabera, Aljerrek kontratua urratu zuen, errepresalia modura; Espainiak Sahararen inguruko politikan emandako bira dela eta, ekainean haren kontrako zenbait neurri hartu zituen, zeinen ondorioz blokeatuta geratu baitabien arteko merkataritza.

Ali Idir kazetariak kritika artikulu bat idatzi zuen TSA egunkarian, agintariek prebentzio politikarik ez zutela salatzeko; han, halaber, «hidrohegazkinak berandu eskuratu izana» kritikatu zuen, eta «ulertezintzat» jo zuen Errusiari hegazkin bakarra alokatzea arriskutsua izango zela aurreikusia zuten uda bati aurre egiteko. «Gutxietsi egin al da mehatxua?», galdetu zion bere buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.