Suteen ondorioz Cap Ferret penintsula ebakuatzeko agindu du Frantziako Gobernuak

Sute bat dela eta, 110.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte Frantzia hego-mendebaldean azken orduetan. Espainiako bi erkidegotan larrialdi nazionala ezarri dute suteengatik.

Sua gaur, Bordele inguruko Lege-Cap-Ferreten (Frantzia). EFE
Sua gaur, Bordele inguruko Lege-Cap-Ferreten (Frantzia). EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 24a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sute bat Frantzia hego-mendebaldea kiskaltzen ari da, Bordele inguruan, eta horren ondorioz Cap Ferret penintsula ebakuatzeko agindua eman du Frantziako Gobernuak. Arcachon parean dago, Akitania Berria eskualdean, eta ehunka pertsona handik ihes egiten hasi dira ontzietan. Beste sute handi bat ere badago herrialdearen hego-ekialdean, Marseilla eta Niza hirien inguruan.

Bordele inguruko sutea asteartean piztu zen Saumosen. Oraingoz 14.000 hektarea erre ditu, eta 110.000 pertsona inguru ebakuatu dituzte. Halere, Laurent Nuñez Barne ministroak X sare sozialean adierazi du herritar gehiago ebakuatzen ari direla. Zehaztu du, gainera, aurten jada 50.000 hektarea erre dituztela suteek Frantziako Estatuan; iazko lehen zazpi hilabeteetan halako hiru ia.

Horrez gain, Nuñezek jakinarazi du Bordeleko aireportua itxi egin dutela. Gehitu du Bordelen ebakuazioak agindu beharko dituztela, sutea «Bordeleko metropoli eremurantz» baitoa.

Suhiltzaileak sugarrak itzaltzeko lanetan ari dira, eta, hain zuzen, bi suhiltzaile hil ziren asteartean. Niza eta Marseilla inguruko suteak 3.700 hektarea inguru erre ditu, eta 20.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte. 

(ID_16308681) ESPAÑA INCENDIOS FORESTALES
Kea gaur Navas del Rey inguruan, Madrilgo erkidegoan (Espainia). MARISCAL / EFE

Espainian, berriz, gobernuak larrialdi nazionala ezarri du Madril inguruan eta Gaztela eta Leon erkidegoko Avila probintzian, han piztutako suteen ondorioz. Madrilgo erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok adierazi du gutxienez 40.000 lagun ebakuatu dituztela, eta arratsaldean jakinarazi du balitekeela dagoeneko 12.000 hektarea kiskaldu izana. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du, X sare sozialean, egoera «dramatikoa» dela.

EB Europako Batasuneko babes zibilerako mekanismoak jakinarazi du lau hegazkin bidaliko dituela Espainiara, eta beste hiru Frantziara, suteak itzaltzen laguntzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA