Suu Kyiren kontrako epaiketan azken argudioak aurkeztu ditu defentsak

Myanmarko oposizioko buruaren aurkako prozesuak astelehenean jarraituko du; epaia abuztuan jakin daiteke

2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Myanmarko oposizioko buruaren kontrako epaiketaren azken txanpan, defentsak Aung San Suu Kyiren aldeko argudioak aurkeztu zituen atzo. Astelehenean jarraituko du saioak; ondorioak jakinarazteko Fiskaltzaren txanda izango da orduan. Epaia abuztuan jakin liteke.

Herenegun gauean Bakearen Nobel saridunarekin adostutakoak azaldu zituen atzo Kuy Win defentsa abokatuak. Junta Militarrak bi astez baimena eman ez bazien ere, azkenean Suu Kyirekin bildu ahal izan zen Inseingo espetxean. Bi ordu eta erdiz hitz egin zutela jakinarazi zien abokatuak kazetariei.

Defentsak beste behin ukatu zituen NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko buruari leporatzen dizkiotenak. «Bidegabea da». Suu Kyiri etxe barruko atxiloaldiaren baldintzak urratzea leporatzen diote, eta bost urteko kartzela zigorra ezartzen ahal diote. Myanmarren datorren urtean egitekoak diren presidentetzarako bozei begira militarren estrategia bat baino ez dela akusazioa uste du oposizioak. LNDk aise irabazi zituen 1990. urteko bozak. Junta Militarrak, baina, emaitzak onartu ez eta oposizioko kideen kontrako jazarpena areagotu zuen. Egun bi mila preso politiko daude Myanmarren.

Nazioartea alde

John William Yetaw kazetari estatubatuarrari bi egunez haren etxean babesa ematea leporatzen diote. Suu Kyik, baina, ukatu egin du horrelakorik. Eta horri sinesten diote nazioartean; izan ere, egunetik egunera ugarituz doaz haren askatasuna eskatzeko aldarrikapenak. Aste honetan ere izan dira halakoak, ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren bileran.

Jarrera hori esku hartzetzat jo du Junta Militarrak. Eta Suu Kyiren defentsa abokatuak, bestalde, eskerrak eman dizkio nazioarteari, agertutako babesagatik. Era berean, prozesua desorekatua izan dela salatu du. Izan ere, defentsak bi lekuko baino ezin izan ditu deitu deklaratzera; artean, hamabik deklaratu dute Suu Kyiren kontra. «Legea alde daukagu, baina ez dakigu noren aldekoak diren epaileak», adierazi du Kuy Winek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.