Mursal Nabizada hil dute, Afganistango Gobernuko parlamentari ohi bat. 32 urte zituen, eta Talibanen garaipenaren ondotik ere bere aldarrikapen politikoei tinko eutsi zielako da ezaguna, besteak beste. 2021eko abuztuan gobernua talibanen esku gelditu eta gero, parlamentari ziren emakume bakan batzuek baizik ez zuten segitu hiriburuan; horietako bat izan zen Nabizada. Uko egin zion herrialdetik ihes egiteari. Tiroz hil dute igandean, Kabulen. Bizkartzaina ere hil dute.
Poliziak jakinarazi duenez, Nabizadaren etxean hil dituzte parlamentari ohia eta haren bizkartzaina. Oraingoz, inork ez du bere gain hartu hilketaren erantzukizuna, eta Poliziak esan du ikerketa bat abiatu dutela gertatutakoa argitzeko.Talibanak agintean direnez geroztik, emakumeen kontrako errepresioa etenik gabe gogortu da herrialde hartan. Batik bat, andreak guztiz baztertuak izan dira parte hartze politikotik. Hezkuntzarako eskubidea ere ukatu zaie.
Ikusi gehiago:URTE BAT TALIBANEN MENPE: Emakumeak, baztertuetan baztertuenak
Mariam Solaimankhil legegile ohiak zenbait mezu eskaini dizkio Nabizadari. Parlamentari ohiak urteetan eginiko ahalegina laudatu du, bai eta erakutsitako indarra ere. «Emakume indartsua zen, arriskuan izanik ere bere sinesmenak grinaz defendatu zituena. Afganistandik ihes egitea eskaini ziotenean, herrialdean gelditzea erabaki zuen, herritarrengatik borrokatzeko».