Oposizioaren arabera ehunka pertsona hil dira Tanzaniako istiluetan

Asteazkeneko hauteskundeen ostean, hirugarren protesta eguna dute oposizioaren aldeko herritarrek. Tanzaniako Gobernuak armada kalera atera du protestei aurre egiteko. NBEk adierazi du «txosten sinesgarrien» arabera hamar pertsona hil direla.

Oposizioaren aldeko manifestarietako batzuk, Poliziaren aurrean. BBC
Oposizioaren aldeko manifestarietako batzuk, Poliziaren aurrean. BBC
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urriaren 31
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorabehera handiko egunak izaten ari dira asteon Tanzanian. Asteazkenean egin zituzten hauteskunde orokorrak, baina oposizioko bi alderdi nagusietako hautagaiek ezin izan dute parte hartu. Hori dela eta, oposizioaren aldeko herritarrek kaleak hartu dituzte, eta oposizioak adierazi du ehunka manifestari hil direla aste honetan. Oraingoz, ez dago datu ofizialik. Hirugarren protesta eguna dute gaurkoa: demokraziaren aurkako jarrera izatea eta iruzur egitea egotzi diote manifestariek gobernuari, eta eskatu dute utz diezaiotela hauteskundeen emaitzak iragartzeari. Gobernuak armada kalera atera du azken orduetan, eta herrialde osoa Internetik gabe utzi.

Asteazkenean bertan hasi ziren lehen liskarrak oposizioaren aldekoen eta Poliziaren artean, eta azken orduetan areagotu egin dira protestak. Herritar horietako askok ez zioten jaramonik egin gobernuak asteazkenean ezarritako etxeratze aginduari, eta Poliziak negar gasa erabili zuen atzo manifestariak sakabanatzeko. Kenyako Poliziak atzo jakinarazi zuen bi pertsona hil zirela Tanzaniako Poliziarekin izandako liskarretan, eta Amnesty Internationalek (AI) baieztatu egin du datua azken orduetan. Chadema oposizioko alderdiak, ordea, adierazi du hildakoak ehunka direla. «Dar es Salaam-en 350 hildako inguru zenbatu dira, eta gutxienez beste berrehun pertsona hil dira Mwanzan», esan du gaur alerdiko bozeramaile John Kitokak. «Beste herri batzuetako datuak batuz gero, zazpiehun hildako inguru izango lirateke guztira», gaineratu du. Alderdiak esan duenez, herrialdeko hainbat ospitaletan bildu dituzte datuak. AFP agentziak ere antzeko datuak jaso omen ditu segurtasun iturri baten bitartez. NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, adierazi du «txosten sinesgarriak» dituztela, eta gutxienez hamar pertsona hil direla. Dena dela, Tanzaniako Gobernuak ez du baieztatu hildakorik egon denik, eta esan du estatu indarrak «ordena berrezartzen» ari zirela «istilu bakan» batzuen ostean.

Hauteskundeei dagokienez, oposizioko bi hautagai garrantzitsuenek ezin izan dute parte hartu. Lehenik, oposizioko lehen indarraren buru Tundu Lissu kartzelan sartu zuten, hauteskundeetan erreformak egin zitezela eskatzeagatik; «traizio» egiteaz akusatu zuen gobernuak. Horren ostean, Chadema haren alderdiak ez zuen sinatu nahi izan hauteskundeetako jokabide egokien kodea, eta Hauteskunde Batzorde Independenteak hauteskundeetatik kanporatu zuen. Gainera, oposizioko bigarren alderdiko hautagai Luhaga Mpinari ere galarazi egin zioten bozetan parte hartzea, fiskaltza nagusiak hala erabakita.

Tanzanian CCM Chama Cha Mapinduzi alderdia dago boterean 1961az geroztik, eta gaur egun Samia Suluhu da presidentea. 2021ean iritsi zen kargura, orduko presidentea hil zenean. Asteazkeneko hauteskundeetako emaitzak ez dituzte argitara eman, baina, oposizioko bi alderdi nagusiak jokoz kanpo egonda, agerikoa zen CCMk irabaziko zuela.

Gobernuaren jarrera, arretagune

Azken hilabeteetan Tanzaniako Gobernuaren ekintzak salatu dituzte hala herritarrek nola nazioarteko erakundeek. Ekainean, adibidez, NBE Nazio Batuen Erakundeko bederatzi adituk esan zuten Tanzanian berrehun pertsona desagertu direla 2019az geroztik, eta salatu gobernuaren jarrera «onartezina» dela. Irailean, berriz, HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuen arrazoi politikoengatik eraso edo jazarri dietenen edo bahituak edo torturatuak izan direnen hamar kasu atzeman zituztela, gutxienez.

Une hartan, HRWko Hegoafrikako ikertzaile Nomathamsanqa Masiko-Mpakak ohartarazi zuen Tanzanian urrian egitekoak ziren hauteskundeak «arrisku larrian» zeudela. «Agintariek aurkako iritziak eta komunikabideak isilarazteari utzi behar diote, eta aldaketa nabarmenak egin hauteskundeak askeak, bidezkoak eta sinesgarriak izan daitezen bermatzeko», gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.