Armategian, momentuz behintzat, mehatxuak baino ez ditu Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Ekialde Hurbileko gatazka bere erara amaiarazten saiatu baldin bada ere, badirudi diplomaziak ez duela gehiagorako eman; iradokizunak egin ditu alde batek, horiei zer irizten dien adierazi du besteak, baina, azkenerako, Washington eta Teheran ez datoz bat akordioa egiteko baldintzak ezartzeko orduan. Atzo, Masud Pezexkian Irango presidenteak beste proposamen sorta bat eman zion Mohsin Naqvi Pakistango Barne ministroari, errepublika islamiarreko hiriburuan egin zuten bileran. Irango eta AEBetako ordezkaritzak apirilean bildu ziren Islamabaden; orduz geroztik, ordea, ez dira berriro juntatu, eta Pakistan bitartekari dutela ari dira negoziatzen, edo horretan saiatzen behintzat.
Irango hedabideek kaleratu dutenez, Teheranek aintzat hartu ditu Washingtonen iruzkinak, eta gisako beste proposamen bat egin du, nahiz eta ez duten eman hari buruzko xehetasunik. «Proposamen horiek aztertu ditugu azken egunotan, eta atzo iragarri genuen gisa, gure puntu propioak aurkeztu dizkiegu AEBei», adierazi du gaur Esmaeil Baghaei Irango Atzerri ministerioko bozeramaileak, astero eman ohi duen prentsaurrekoan.
Aurrez, besteak beste, zera eskatu du Iranek: erasoak etetea, gerra amaitu delako bermeak izatea, Ormuzko itsasartearen kontrola bere esku geratzea, AEBetako armada eskualdetik erretiratzea, eta Mendebaldeak ezarritako zigor ekonomikoak kentzea; programa nuklearrari buruzko negoziazioak, berriz, gerorako uztea eskatu zuen. «Inork ere ez luke onartuko», esan zuen Trumpek joan den astean Iranen eskakizunei buruz galdetu ziotenean, eta ez du iritzia aldatu: «Iranentzat tak-tak ari da erlojua, eta hobe dute mugitzea, azkar, edo ezer gabe geratuko dira. Zein garrantzitsua den denbora!», idatzi zuen atzo Truth Social bere sare sozialean. Ikusteko dago Iranek zer-nola heldu dien AEBen eskakizunei.
Irango Fars albiste agentziaren arabera, AEBek uranio aberastuaren erreserbak entregatu ditzala exijitu diote Irani, eta instalazio nuklear bat eta bakarra eduki dezala ere bai; are, Trumpek asteburuan iradoki du ontzat joko lukeela Teheranek hogei urtez etetea programa nuklearra, «benetan hogei urtez». IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren iazko txosten baten arabera, Iranek %60 aberastutako 440 kilo uranio dauzka gordeta —%90 aberastu beharko luke arma nuklearrak garatzeko gaitasuna izateko, nahiz eta esana duen ez duela halakorik nahi—; hori «diluitzea» proposatu izan du, eta ez, inondik inora ere, erreserba horiek atzerriratzea.
Horrez gain, gerrako kalte ordainei uko egin diezaiela eskatu diote AEBek Irani. Elkarrizketak, dena den, ez atzera eta ez aurrera daude: «Hitz egiten dugun aldiro, baietz esaten diote guztiari, eta, jarraian, atzera egiten dute», esan zuen AEBetako presidenteak atzo Fox News katean.
Trumpek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin hitz egin zuen atzo telefonoz. Dei horren ondoren, Netanyahuren bulegoak ohar bat kaleratu zuen: «Aukera asko daude; prest gaude, agertokia edozein izanda ere». Israelgo telebista publikoak kaleratu duenez, herrialdeko armada erasoei berrekiteko prestatzen ari da, eta Irango energia azpiegiturak izango ditu helburu.