AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek argi esan dute adostutako memorandumak erasoen amaiera jasotzen duela, fronte guztietan. Baita Libanon ere. Israelek, ordea, ez du akordio horrekin ezer jakin nahi, eta Libanon eraso egiten jarraitzen du. Atzo lau pertsona hil zituen, eta gaur beste zenbait eraso egin dituela zabaldu du Al Jazeerak. Horrekin lotuta, Iranek salatu du Israelgo armadak 84 aldiz urratu duela menia Libanon, azken 48 orduetan, eta erasoen bidez erantzutearekin egin du mehatxu.
Irango armadak Isna albiste agentziaren bidez gaur zabaldutako ohar batean nabarmendu du Israelek erasoak eteten ez baditu, «irmoki» erantzungo duela. Azaldu dutenez, azken bi egunetako erasoetan hildakoak izan dira, eta jarrera hori AEBek eta Iranek hartutako konpromisoekin «kontraesankorra» dela esan dute.
Gaur ere erasoak egin ditu Israelgo armadak Libano hegoaldean. Al Jazeerak zabaldu duenez, besteak beste Nabatieh hirian egin dute eraso airez. Informazio horren arabera, Hezbollah Libanoko milizia xiitak erantzun egin du, eta gutxienez 10 suziri jaurti ditu Israelgo armadaren aurka.
Gogorarazi beharra dago atzo AEBetako presidente Donald Trumpek esan zuela Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «ardura handiagoz» aritu behar duela Libanoko auzian. Eta Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak agerraldi batean adierazi zuen Israelek Libano okupatuta edukitzea AEBekin hitzartutako «memoranduma urratzea» zela.
IRANEKIN BAT TALDEKO BI ATXILOTUAK OSTIRALEAN ERAMANGO DITUZTE EPAILEAREN AURRERA
Espainiako Poliziak Iranekin Bat taldeko bi kide atxilotu zituen atzo Bizkaian, Hezbollah Libanoko milizia xiitarekin lotura dutela egotzita. Bada, gaur eraman dituzte Madrilera; Espainiako Poliziaren zaintzapean daude, eta ostiralean utziko dituzte Auzitegi Nazionalaren esku.
Auzitegi horrexek agindu zuen operazioa, eta sumarioa sekretupean dago.
Amnesty International GKE Gobernuk Kanpoko Erakundeak ohar batean salatu du Israel Libanon egiten ari dena gerra krimen bat dela. «Libano hegoaldeko eremu batzuetan Israelgo armada herritarrak bortxaz desplazarazten ari da, eta etxera itzultzea galarazten. Hori legez kontrako lekualdaketa bat da, eta, hortaz, gerra krimen bat», salatu dute oharrean. Libanoko iturri ofizialen arabera, 3.800 pertsona inguru hil ditu martxoan erasoaldia abiatu zuenetik, eta 11.800 lagun baino gehiago zauritu ditu.
Al Jazeerak zabaldu duenez, Libano hegoaldeko hainbat familia etxera itzultzen ari dira azken orduetan. Baina gogorarazi beharra dago hala Libanoko armadak nola Hezbollahk berak «oraindik ez itzultzeko» gomendatu dietela, Iranek eta AEBek ituna egin dutela jakinarazi arren.
G7koen oharra
G7koek ohar bateratu bat zabaldu dute gaur, eta ongietorria eman diote igandean AEBek eta Iranek iragarritako memorandumari. Zazpi herrialde horietako liderrak Frantziako Evian-les-Bains herrian bildu dira astelehenean hasi eta gaur arte, eta oharrean adierazi dute bi aldeen arteko ituna aurrerapauso bat dela: «Aukera historiko bat da Iranek arma nuklearrak eskuratu ditzala ekiditeko».
Batez ere, Ormuzko itsasartean jarri dute arreta. Izan ere, azaldu dute itsasartea «murrizketarik eta bidesaririk gabe» igarotzeko eskubidea «nazioarteko merkataritzaren oinarria» dela, eta ohartarazi dute Frantziak eta Erresuma Batuak «lagundu» dezaketela itsasartean nabigazioa bere onera itzuli dadin.
Horrez gain, babesa eskaini diote Libanoko Gobernurari Hezbollah armagabetzeko saiakeran, eta Israeli eskatu diote amaitu dezala Zisjordanian egiten ari den erasoaldia.
30Irango zenbat marinel aberriratuko dituen Pakistanek. Pakistango Atzerri ministro Ishaq Darrek X sare sozialean gaur jakinarazi du Indiako Ozeanoan dauden Irango 30 marinelen aberriratzea erraztuko duela. Tartean daude AEBetako armadak geldiarazitako Irango Davina petroliontziko eskifaiako kideak, eta hondoa jotako ontzi bateko marinelak. Pakistan bitartekari lanetan ari da AEBen eta Iranen artean, Qatarrekin batera.
Txinak, berriz, atzo jakinarazi zuen laguntza humanitarioa eskainiko duela Libanon eta Iranen, beren herrien «berreraikitze lanetan» eta herritarren egoera ekonomikoan eta sozialean laguntzeko. Gainera, Lin Jian Txinako kantzilertzako bozeramaileak gaur prentsaurreko batean adierazi du Txinak «elkarrizketak eta bake negoziazioak sustatzen» jarraituko duela, Ekialde Hurbilean «bakea eta egonkortasuna» ahalik eta lasterren berrezartzen laguntzeko.
Bestalde, azken egunetan egin bezala, JD Vance AEBetako presidenteordeak elkarrizketak eman ditu AEBetako zenbait komunikabideetan. Fox News katean, esaterako, azaldu du Iranek «benetako onurak» izango dituela, baina «ondo portatzen badira» soilik: «Terrorismoa finantzatzeari uzten badiote eta arma nuklearren programaren berreraikitzea alde batera uzten badute, benetako onurak jasan ditzakete. Ez badute hori egiten, ez dute ezer lortuko». Gainera, nabarmendu du «edozein modutan», AEB «irabazten» irtengo dela.