HEGAZKIN EZBEHARRA IRANEN

Teheranen 128 lagun hil dira, hegazkin militar bat eraikin batera erorita

Airekoak matxura bat izan du eta, aireportura bueltatzen ari zela, apartamentu eraikin bat jo du; 94 bidaiariak eta eraikinean bizi ziren 34 lagun hil dira, gutxienez

Erredakzioa
2005eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Atzo, Irango hegazkin militar bat Teherango apartamentu eraikin baten gainera erori eta gutxienez 128 lagun hil ziren. Hercules C 130 airekoa Bandar Abbas hirira joatekoa zen, baina matxura bat izan zuen eta Mehrabadeko aireportura itzultzeko ahaleginetan ari zela, erori egin zen. Irango Armadaren ariketa militar batzuk ikuskatzerat zihoazen kazetariak eta militarrak zeramatzan hegazkinak.

Irango Barne Ministerioak atzo iluntzean zabaldutako balantzearen arabera, gutxienez 128 lagun hil ziren, Hercules C 130 aireko militar bat Teheran hiriburuko Jaftabad auzuneko Shahrak e Toulid deitutako egoitza baten kontra lehertu ondoren. Hegazkina, Iran hegoaldeko Bandar Abbas hirira joatekoa zen, eta Teheran hirian bertan dagoen Mehrabadeko aireportutik abiatu berria zen. Lekukotasunen arabera, doi-doi aireratua zelarik, matxura bat izan zuen eta aireportuan behar gorriko lurreratzea egiteko saioan lehertu zen egoitzaren kontra.

Agintariek emandako datuen arabera, hegazkinean zihoazen 84 bidaiariak eta eskifaiako 10 kideak hil ziren istripuan, baita Shahrak e Toulid egoitzako 34bizilagun ere. Azken horietatik 90etik gora zauritu ziren airekoa eraikinera jaustean, eta batzuk oso larri zeudenez, baliteke istripu honen balantzea larriagoa bilakatzea azken batean. Hegazkinean zeudenak Iran hegoaldean egiten ari ziren ariketa militar batzuk ikuskatzerat zihoazen kazetariak eta Armadako agintariak ziren. Airekoa erori zen Shahrak e Toulid egoitzako bizilagun asko, berriz, militarrak eta haien senideak ziren.«Istripua airekoaren motore batean gertatutako arazo baten ondorioa izan da», zehaztu zuen Irango Armadako Nami jeneralak, telebista publikoan egin zituen adierazpenetan. Hegazkina egoitzaren kontra lehertu ondoren, sute itzel bat piztu zen eta hamar solairutako eraikin horrez gain, inguruan aparkatutako hainbat ibilgailu kiskali ziren.

Hiri barneko aireportua

«Erregai andelak beteta zeuden eta horretarako da leherketa hain handia izan eta sutea horrela zabaldu», azaldu zuen, aldiz, Irango Armadako hegazkinen mantentzean diharduen eta Jaftabadeko auzokide den Nasser Sedignia lotinantak. Gainerat, eraikinaren kontra lehertu baino justu lehen, Hercules C 130ak etxebizitzetako gas biltegiak jo zituela ziurtatu zuen Poliziako arduradun batek. Sutea itzaltzeko nekezia handiak izan zituzten suhiltzaileek, are gehiago hegazkinean zihoazenen eta egoitzako biztanleen familiakoak istripuaren lekura hurbildu zirelarik euren senitartekoez berriak jasotzeko. Une batez, polizia indarrek gogor ekin zioten egoitzaren inguruan bildutakoak sakabanatzeko.

Istripuaren larritasuna areagotu zuen hegazkinaren abiagune zen Mehrabadeko aireportua Teherango hiriaren barnean kokatuta izateak. Orai dela mende erdi eraiki zuten aireportu honen inguruan hedatu dira hainbat auzune. Hiriburutik 50 kilometrora eraikia den Khomeini Imama aireportuak hartzen baditu ere gaur egun Iran barnealderako eta kanpoalderako hegaldi gero eta gehiago, Mehrabadekoa ere asko baliatuta da.Hegazkinari ere lotuta egon daiteke istripuaren eragilea. Izan ere, Armadak oraindik baliatzen dituen modelo honetako hamabost bat aireko orain dela 30 bat urte erosiak izan ziren, Rezza Pahlavi enperadorea agintean zelarik. 1979an iraultza islamikoa gailendu ostean, Washingtonek zigorrak jarri zizkion aginte berriari. Hauen artean zen Lockheed Martin enpresak fabrikatzen dituen aireko militar honentzako ordezko piezarik ez saltzeko manua. Hala, C 130 hegazkinak nola edo hala fabrikatutako piezaz josita daude. Tropen garraiorako hegazkin hau mundu zabaleko 60 herrialdetan baliatzen da.

Azken 20 urteetako hegazkin istripuak







1986-11-03: Hercules C 130 airekomilitar bat erori zen Zahedan, hiriko aireportutik hurbil. 103 soldadu hil ziren.

1988-07-03: Iran Air konpainiakoAirbus A-300 aireko bat lurrera bota zuen Ameriketako Estatu Batuetako Armadako misil batek. 290 bidaiari zibil hil ziren.

1993-02-08: Iran Air Tours konpainiako hegazkin zibil batek eta Sukho aireko militar batek elkar jo zuten. 132 zibil eta bi militar hil ziren istripuan.

2002-02-12: Iran Air Toursen Tupolev 154 aireko bat erori zen Khorramabadeko eskualdean. 119 bidaiari hil ziren ezbeharrean.

2003-02-19: Armadako Iliushin bat erori zen Irango hegoaldean, eta 276 Iraultzaren Zaindari hil ziren.

2005-12-06 Hercules C 130 airekobat Teherango eraikin batera erori eta 128 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.