Israelek hiltzat jo du Irango segurtasun burua

Israelgo armadaren arabera, Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria eta Basij talde paramilitarreko burua hil dituzte; Teheranek ez du adierazpenik egin hilketei buruz. AEBetako Terrorismoaren Aurkako Zentroko buruak dimisioa eman du.

Erasoetan kaltetutako etxebizitza bat Teheran hegoaldean, igandean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Erasoetan kaltetutako etxebizitza bat Teheran hegoaldean, igandean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek buruzagiez gabetu nahi du Iran. Ameriketako Estatu Batuekin batera ekin zion xede horri, erasoaldiaren lehen egunean: otsailaren 28an, Ali Khamenei lider gorena hil zuen, eta ez dirudi buruzagien kontra egiteari utziko dionik errepublika islamiarra gidatuko duen norbait dagoen bitartean. Israelgo hedabideek atzo kaleratu zutenez, Israel Katz herrialde horretako Defentsa ministroak jakinarazi zuen Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil zutela herenegun gauean egindako eraso batean, eta Gholamreza Soleimani Basij talde paramilitarreko burua beste batean; zera esan zuen telebista bidez: «Erregimeneko liderrak hiltzen ari dira, eta haien gaitasunak, suntsitzen».

Iranek oraindik ez du adierazpenik egin Larijanirren hilketari buruz, baina aintzat hartzekoa da idazkariaren X sare sozialeko kontuan eskuz idatzitako ohar bat zabaldu izana Israelen iragarpenaren ondoren; AEBek Iranen gerraontzi bat hondoratu zuten martxoaren hasieran Indiako ozeanoan, eta eraso horretan hildako 84 soldaduen omenez kaleratu zuten mezua, atzo egin baitzituzten haien hiletak. Herenegun, Larijanik esan zuen Irani eraso diotenak «damutu» egingo direla.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo esan zuen Larijani hil izanak aukera ematen diela irandarrei euren herrialdeko agintariak erorarazteko: «Ez da aldi berean gertatuko, ezta aise ere. Baina horretan jarraitzen badugu, aukera emango diegu berriz beren patuaren jabe egin daitezen», esan zuen telebista bidez egindako agerraldi batean.

Larijani Irango Guardia Iraultzailean aritu zen 1979ko Iraultzaren ondoren. Ali Khameneiren aholkularia izan zen Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Gorenean (1996-2008), eta kontseilu horretan gaur egun zuen kargu hori bera eduki zuen bi urtez (2005-2007); urte horietan, programa nuklearrerako negoziazioez ere arduratu zen; porrot egin zuten —eta, ordainetan, NBE Nazio Batuen Erakundeak zigor ekonomikoak ezarri zizkion Irani—, eta, azkenerako, 2015ean lortu zuten auzi horren inguruko akordioa. Irango Parlamentuko presidentea izan zen hiru agintalditan, 2008tik 2020ra bitarte. Iazko abuztuan hartu zuen Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari kargua, bigarrenez.

Soleimani, berriz, gaztetan sartu zen Irango armadan, 80ko hamarkadan —Iraken aurkako gerran (1980-1988) aritu zen—, eta 2019tik zen Basij talde paramilitarreko komandantea. Irango Guardia Iraultzaileak atzo gauean baieztatu zuen heriotza hori. Ruhollah Khomeini Irango lehenbiziko lider gorenak sortu zuen Basij, 1979an, eta Guardia Iraultzailearen adarretako bat da —besteak beste, protesten kontra egiteko hedatzen dituzte paramilitarrak; tartean, gobernuaren kontra urte hasieraren bueltan gertatutakoetan eta Mahsa Amini zenaren hilketa salatzekoetan—.

Larijani eta Soleimani gabe irandarrak «seguruago» daudela esan zuen Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak atzo, Jerusalemenen emandako prentsaurreko batean, eta gaineratu badela garaia Mojtaba Khamenei lider gorenak agerraldiren bat egiteko: «Aurpegia eman beharko luke, egoera honek enbarazu egiten dio-eta erregimenari». Horren harira, Errusiak Iranen duen enbaxadoreak, Kazem Jalalik, gezurtatu egin zuen atzo Khamenei Moskun artatzen ari direla; Kuwaiteko Al-Jarida hedabideak kaleratu zuen informazio hori, igandean.

45

Goseak zenbat milioi laguni eragingo dien Ekialde Hurbileko gatazkagatik MEP Munduko Elikadura Programak atzo ohartarazi zuen Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz goseak beste 45 milioi laguni eragingo diela —batik bat Asian eta Afrikan— baldin eta erasoaldiak ez badira ekainerako amaitzen eta petrolio upelen prezioa ez bada merkatzen. Kaleratutako dokumentuan, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek jakinarazi zuen munduan dagoeneko 318 milioi pertsona daudela goseak jota.

Bestalde, Donald Trumpek herenegun esan zuen «ezustekoa» izan zela Teheranek erantzun bat eman izana AEBek eta Israelek hasitako erasoaldiari eta inguruko herrialdeak bonbardatu izana, nahiz eta presidenteari aurrez ohartarazi bazitekeela hori gertatzea, baita ziurrenik Iranek Ormuzko itsasartea itxiko zuela ere. Horixe kaleratu zuen atzo Reuters albiste agentziak, Washingtongo iturri ofizialak aipatuz: kontraerasoa ez zela «ziurra, baina, dudarik gabe, emaitza posibleen zerrendan» zegoela. AEBetako presidentearen hitzetan, «uste» zuen Teheranek ez ziela eraso egingo Ekialde Hurbileko herrialdeei: «Inork ez zuen horrelakorik espero», esan zuen herenegun Etxe Zurian. Geroxeago berriro galdetu zioten horri buruz: «Inork ere ez, inork ere ez, ez, ez, ez. Ezta adituenek ere, inork ez zuen espero eraso egingo zienik», erantzun zuen.

AEBetako Terrorismoaren Aurkako Zentroko zuzendari Joseph Kent-ek dimisioa eman zuen atzo, sare sozialetan jakinarazi zuenez: «Ezin dut Irango gerra babestu. Iran ez zen mehatxu bat gure nazioarentzat, eta klaru dago Israelen eta hark Amerikan duen lobby boteretsuaren presiopean ekin geniola gerra honi». Trumpek prentsaurrekoa eman zuen atzo arratsaldean, eta, besteak beste, esan zuen Kent «ahula» zela segurtasun kontuetan. Era berean, nabarmendu zuen «albiste ona» zela Kentek dimisioa eman izana. «Esan zuen Iran ez zela mehatxu bat. Eta, bai, Iran mehatxu bat zen».

AFP France-Press berri agentziak atzo jakinarazi zuen Irakeko aireko defentsek jaurtigai bat eraitsi zutela Bagdaden, eta hark AEBen enbaxada zuela helburu. Gainera, Irakeko Barne Ministerioak ohar bidez esan zuen AEBek eraso egin ziotela hiriburuko Jadriyah barrutiko etxebizitza bati, eta gutxienez bost lagun hil zirela; tartean, Iranen aldeko Irakeko milizia bateko bi buru eta Irango aholkulari bat.

Israelgo armadak atzo iragarri zuen errepublika islamiarraren azpiegituren kontrako erasoak egingo zituela Teheran, Xiraz eta Tabriz hirietan. Irango Guardia Iraultzaileak ere erasoaldiei eutsi zien: Arabiar Emirerri Batuetako Defentsa Ministerioak ohar bidez salatu zuen Irandik jaurtitako hamar misil eta 45 drone eraitsi zituela, eta tarte baterako itxi zuen aire eremua; Qatarrek ere salatu zituen zenbait eraso.

Erasoaldiak Ormuzko itsasarteko urak ere harrotu ditu: NIE Nazioarteko Itsas Erakundeko buruak, Arsenio Dominguezek, atzo ohartarazi zuen handik igarotzen diren ontziak eskoltatzeak ez duela «segurtasuna guztiz bermatzen». Financial Times egunkariari egindako adierazpenetan, agerian utzi zuen petroliontziei laguntza militarra eskaintzea ez dela «epe luzerako irtenbidea». Gaur eta bihar ohiz kanpoko bilera egitekoa da NIE, Londresko egoitza nagusian. Bestalde, The Guardian egunkariak atzo kaleratu zuen Erresuma Batuko armadaren HMS Dragon destruktorea Gibraltarko itsasartean dagoela eta Zipreko Akrotiri base militarrerantz doala —Erresuma Batuak irla horretan dituen bi baseetako bat da—.

Trumpek, bestalde, atzo adierazi zuen ez duela beste herrialde batzuen laguntzarik behar Ormuzko itsasartean esku hartze militar bat egiteko. Azken egunetan nazioarteari babesa eskatu dio itsasartea zabaltzeko, baina Europako hainbat herrialdek astelehenean jakinarazi zuten ez zeudela prest halako operazio militar batean parte hartzeko. «Ikusita zer-nolako arrakasta militarra izan dugun, jada ez dugu NATOko herrialdeen laguntzarik behar, ezta nahi ere. Ez dugu inoren laguntzarik behar!», idatzi zuen atzo AEBetako presidenteak, Truth Social bere sare sozialean. Eta arratsaldean emandako prentsaurrekoan gaineratu zuen Ormuzko itsasartea «nabigatzeko eremu segurua» izango dela laster. 

ERASOEK EZ DUTE ETENIK LIBANON

Israelgo armadak Beiruteko hiru gune bonbardatu zituen atzo, Libanoko NNA agentziak kaleratu zuenez; Israelek ebakuatzeko aginduak eman ohi ditu erasoa jo aurretik, baina Beiruten dagoen Al-Jazeerako kazetari batek adierazi zuen ez zutela eman gune horietako bat ere husteko agindurik. Iturri ofizialen arabera, Israelek gutxienez 912 lagun hil ditu herrialde horretan, eta milioi bat baino gehiago desplazatu dira gatazkagatik. 

Libano hegoaldetik ihes egiteko ohartarazpena ere egina du Israelek, Hezbollah milizia xiitaren azpiegituren kontra egiteko. Zenbait gune bonbardatu zituen atzo, eta, Libanoko armadak atzo jakinarazi zuenez, soldadu bat hil zen Israelen eraso baten ondoren, eta beste lau zauritu; Israelgo armadako bozeramaile batek esan zuen eraso hori ikertuko zutela. Libanoko armadak salatu zuen beste bi soldadu ere hil zituztela Nabatieh herrian, Libano hegoaldean. Bestalde, Hezbollahk sare sozialetan esan zuen Israelgo armadako zenbait soldaduri eraso ziela atzo, Libano hegoaldeko Khiam herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA