Iheslarien krisia

Tentsioa Greziaren eta Turkiaren arteko mugan, eta hildako bat Lesbosen

Haur bat ito da, Greziako kostara heldu nahian zebiltzan iheslarien talde baten ontzia hondoratuta.

2020ko martxoaren 2a
16:44
Entzun

Iheslarien krisiak bi puntu bero eduki ditu gaur goizean Grezian. Turkiako mugaldeko Kastanies igarobidean istiluak egon dira Greziara sartu nahi zuten iheslarien eta pasatzea galarazi dieten militar greziarren artean. Bitartean, Lesbos uhartera heltzen jarraitu dute iheslariek, eta haur bat ito da horien txalupetako bat hondoratu denean.

Greziako kostazainen arabera, 48 iheslari heldu dira txalupa puzgarri batean, Turkiako ontzi batek lagunduta. Txalupa Greziako kostazainen aurrean hondoratu da. Agintariek erabaki dute ipar-ekialdeko hondartzetatik Moriako iheslarien kanpamendurako errepidea moztea. Ia 20.000 pertsona daude dagoeneko han.

Turkiak duela lau egun erabaki zuen mugak zabaltzea. Ankarak Europako Batasuna —eta NATO— estutu nahi ditu horrekin, Sirian esku har dezaten, joan zen astean Damaskoko armadak 33 soldadu turkiar hil ondoren. Turkiaren deiaren ondoren, milaka errefuxiatu pilatu dira mugaldean. Baina gaurkoa izan da azken egunotako krisialdiko lehen heriotza.

Turkia eta Grezia arteko Kastanies igarobidean, berriz, istiluak gertatu dira Greziako Poliziaren eta Europako Batasunean asiloa eskatu nahi dutenen artean. Poliziak gasak eta soinu granadak bota dizkie iheslariei, eta haiek, harriak eta adarrak. Turkiako Poliziak ere negar gasa jaurti die Greziako poliziei, droneetatik, Atenasek salatu duenez. Esan dutenez, turkiarrak ari dira iheslariak berotzen, muga igarotzen saia daitezen. Kastanieseko alkate Stavros Tsiamalidisek esan duenez, mugako hesia mozten eta zabaltzen aritu dira militar turkiarrak.

Asilo eskubidea hilabete batez eten du Greziak, eta ohartarazi du atzera botako dituela legez kanpo sartzen diren guztiak. Bihar, egoera bertatik bertara ikusteko, mugaldera joango da Kyriakos Mitsotakis lehen ministroa, Europako Kontseiluko buru Charles Michelekin, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenekin,  eta Europako Legebiltzarreko presidente David Sassolirekin.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.