Tentsioa Groenlandiako Parlamentuan: «Ez gaude salgai»

Ameriketako Estatu Batuekin krisi betean dauden honetan Groenlandiako lehen ministro Jens-Frederik Nielsenek parlamentuan eginiko agerraldiaren kronika da hau.

Groenlandiako Parlamentua, kanpotik ikusita. ORIOL BÄBLER MATA
Groenlandiako Parlamentua, kanpotik ikusita. ORIOL BÄBLER MATA
Oriol Bäbler Mata (Vilaweb)
Nuuk
2026ko otsailaren 3a
17:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nuukeko erdialdea ilun dago oraindik. Erlojuen arabera, iragana da gaua, baina iluntasuna trinkoa da, kalean —bizkor eta hotzak kuzkurtuta— dabilen jende apurraren ahotik irteten den lurruna bezain trinkoa. Zeropeko tenperaturak behera eta behera doaz, hainbeste non jada ez baitu axola zenbat.

Ordubete pasatxo falta da Groenlandiako lehen ministro Jens-Frederik Nielsen parlamentuan ager dadin AEB Ameriketako Estatu Batuekin duten krisi diplomatikoaz hitz egiteko. Bien bitartean, ganberaren ondoko kale batean, umeak pilatzen ari dira eskolara sartzeko. Isiltasuna zalaparta bihurtu da, eta futbol partida inprobisatu bat.

Baloia punpa eta irrist eginez dabil izotzaren gainean, baina haurrak beldurrik gabe ari dira lasterka. Negua bezatzen ohituak baitira, piztia bat otzantzen duena nola. Helduak, berriz, geldirik egoteko eskatzen ari zaizkie. Ez dago zereginik. Algarek, baloiak bezalaxe, ihes egiten diote kontrolari.

Eguna argitzen ari da pixkanaka. Badoaz diputatuak —30 bat— parlamentuko bulegoetara. Beira lausotuetan zehar, lehen ministroa ageri da Demokratak alderdiko kideekin —gobernuko alderdi nagusia da, liberalez eta independentista moderatuz osatua—. Txalo joz animatu ditu. Aurpegiei logale kutsua darie oraindik.

Parlamentuaren eraikina gorri bizia da, eta hartz zuriaren sinboloa du atean. Haizea dela eta, Groenlandiako banderak dilindan dabiltza. Ez dago Danimarkaren sinbolo bat bera ere, etxera itzultzeko gogoz dauden dozena bat kazetari danimarkar baino ez. «Espero dugu azkarra eta arina izatea», esan du batek.

Parlamentuaren barnealdea inuiten obraz eta animalien margolanez betea dago. Kandelak ere badaude. Prentsako kideak korridore batean aurrera doaz, osoko bilkuren aretorantz. Zuria eta txikia da. Eserlekuen bost ilara daude, eta Groenlandiako bandera handi bat. Leihoetan barrena, goizeko argi ahulak itsaso izoztua erakusten du, katedral luteranoaren silueta eta Islandiako kontsuletxeko bandera.

Kim Kielsen lehen ministro ohia da mahaiburua, eta bi aliotaren eskulturak daude mahaiaren gainean. Txori hori izan zen kayakak diseinatzeko inspirazioa —hegazti horren azala kutun gisa erabiltzen zuten ehiztariek —, baina hori ez da hegaztiok aretoan edukitzeko arrazoia.

Atezain batek azaldu duenez, txorion kantu ahaltsua groenlandiarren elokuentziaren sinboloa da, eta, beti erne egoten direnez, oso zaila da haiek harrapatzea. Horregatik daude hor, hain zuzen ere. «Horrelakoak gara; beti izan gara horrelakoak», esplikatu du, irribarrez.

Kielsen da aretora sartzen lehena. Hamaikak jotzear dira. Kielsen Simuteko kide da —alderdi hegemonikoa orain gutxi arte, sozialdemokrata eta independentista—, eta lehen ministroa zenean, Trumpen lehen agintaldian, aurre egin behar izan zion haren grina inperialistari. Kielsenek argi utzi zuen Groenlandia ezin dela erosi.

Bost urte geroago, berriz ere lehengoan daude. Orain, gainera, Trumpek militarki ekiteko mehatxua ere egin du. «Onean ez bada txarrean egingo dugu», esan du behin eta berriz. Okupazioaren ideia, pixka bat hoztu arren, oraindik ez da desagertu, eta arrastoa utzi die groenlandiarrei.

Atezainek errespetua eta adeitasuna eskatua zieten kazetariei, baina kargu hartu behar izan diete Danimarkako zenbait berriemaileri. Kamerari batek ia zangotraba egin dio lehen ministroari, eserlekura zihoala. Nielsenek irribarre behartua egin du.

(ID_17700620523575) Groenlandiako Parlamentua, barrutik.
Groenlandiako Parlamentua, barrutik. ORIOL BÄBLER MATA

Justus Hansenek, Demokratak alderdiko diputatuak, txokolatezko bonboi bat eskaini dio. Hizketan ari dira, lasai-lasai. Osoko bilkuren aretoa betetzen ari da. Diputatuetako batzuek inuiten anorak tipikoa dakarte soinean, baina ez ekitaldi garrantzitsuetarako erabili ohi duten zuri tradizionala. Gobernuaren aulki ilaran alderdi guztietako kideak daude —Naleraq alderdikoak izan ezik—, baina hutsune nabarmen bat dago.

Atzerri ministro Vivian Motzfeldt Artikoko konferentzian dago, Tromson (Norvegia). Dena dela, herenegun Nuuken ibili zen, Danimarkako Defentsa ministro Troels Lund Poulsenekin. Gainera, Buksefjordeko zentral hidroelektrikoan dituzten tropei egindako bisitan ere lagundu zion, Nuuketik 50 bat kilometro hegoaldera.

Lehengo astean, argia joan zen hiriburuan, eta argindarrik gabe egon ziren gau osoan. Ekaitz batek eragin zuen itzalaldia, baina herritar batzuek beste zerbaiten susmoa hartu zuten. «Honetara ezkero, ez dakizu zer pentsatu. Estatubatuarrekin, edozer gauza», esan du osoko bilkurara joan den batek, kezkatuta.

Orein adar batetik zintzilik dagoen kanpaia jo, eta Kielsenek hasiera eman dio saioari; groenlandieraz egin dute osorik —danierara ere itzuli dute—. Azkenik, lehen ministroak hitza hartu du. Irribarrea desagertu zaio, eta krisi egoeraz aritu da, ahots lodiz: «Mezua eta helburua argiak dira: Groenlandia hartu eta gobernatu nahi dute AEBek».

(ID_17700619905115) Nuuk. Groenlandia.
Nuuk Groenlandiako hiburuaren itxura, negu gorrian. ORIOL BÄBLER MATA

Nielsenek atsekabea agertu du Trumpek groenlandiarrak mehatxatzen dituelako etengabe, erdeinuz eta zatiketaren aldeko jarrera erabiliz. «Groenlandia ez dago salgai, eta hemengo jendea ezin dute erosi», adierazi du.

«Honek guztiak segurtasun falta handia eragin digu denoi. Herrikide batzuek arazo larriak dituzte lo egiteko, umeak kezkatuta daude, eta helduak, antsietateak jota. Ziurgabetasunez bizi gara denak, ez baitakigu zer gertatuko den bihar», esan du.

«Honek guztiak segurtasun falta handia eragin digu denoi. Herrikide batzuek arazo larriak dituzte lo egiteko, umeak kezkatuta daude, eta helduak, antsietateak jota»

KIM KIELSEN Simut alderdiko burua

Nielsenek adierazi du uhartea ez dagoela bakarrik, eta EBk eta NATOko gainerako kideek babestuko dutela. «Babestuta gaude, baina batuta egon behar dugu Groenlandiak orain arte bezala segi dezan aurrerantzean ere», gehitu du.

Elkarri kargu hartzen

Tentsioa nabari da saioan. Gobernuko alderdiak eta oposizioa elkarri kargu hartzen ari zaizkio. Oposizioan alderdi bakarra dago, Naleraq: zortzi eserleku dituzte, eta ganberako bigarren indarra dira; eskuin popularrekoak eta independentistak dira, eta prest daude Washingtoni entzuteko.

Joan den astean, Danimarkako Parlamentuan dauden bi diputatu groenlandiarretatik batek, Aaja Chemnitzek, traidoreak izatea egotzi zien Naleraq alderdiko ordezkariei. «Suarekin jolasean ibili dira, eta herritarrek ordaindu dute», esan zuen. Kielsenek gutun bat bidali zien ordezkari politiko guztiei, maneretan errespetua eta moderazioa eskatzeko.

«Batuta egon behar dugu, kanpoan indar handiak baitaude, eta gero eta eragin handiagoa izan nahi dute. Garrantzitsua da gure jarrera erakustea»

JENS NAPATOK Narelaq alderdiko bozeramailea

Narelaq alderdiko buru Pele Brobergek aitortu du bitartekari izaten saiatu dela Trumpen gobernuaren eta Nielsenen artean, hura lehen ministro izendatu zutenean. «Zoriondu egin nahi nituen, besterik gabe». Brobergek azaldu du bere telefono zenbakia gordea zutela Atzerri ministroa izan zen garaitik, eta Trumpen gobernua horregatik jarri zela harremanetan berarekin.

Brobergek eta haren alderdiko bozeramaile Jens Napatokek kritikatu egin dute gobernuak batasunerako deia egitea eta aldi berean oposizioa zokoratzea: «Batuta egon behar dugu, kanpoan indar handiak baitaude, eta gero eta eragin handiagoa izan nahi dute. Garrantzitsua da gure jarrera erakustea».

Oposiziokoek atsekabez adierazi dute krisiak, zeharka, Groenlandia Danimarkara gero eta gehiago hurbiltzeko balioko duela. Parlamentuko saioa luze baino luzeagoa da, eta geziek ez dute etenik. «Hau iskanbila hutsa da», esan du gobernuko diputatu batek korridorean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.