AEBen eta Venezuelaren arteko soka gero eta gehiago ari da tenkatzen. Azken hilabeteetan hainbat eraso egin ditu AEBetako armadak Karibeko uretan, Venezuela inguruan, eta astelehenean Washingtonek Venezuelako Gobernuarekin lotu zuen Cartel de los Soles izeneko kartela.
Egoera nahasi honetan, Caracas hiriburuko kaleak hartu dituzte milaka herritarrek, gobernuari babesa eta sostengua erakusteko eta AEBen jokabidea salatzeko. Atzo eta herenegun zenbait martxa egin zituzten horretarako, eta Nicolas Maduro presidentearen hitzaldi batekin amaitu zen atzokoa. Bertan, lurraldea defendatzeko «hamar aldiz gehiago egiteko» eskatu zien.
Bi herrialdeetako liderrak hitz egiteko prest agertu dira. Donald Trump AEBetako presidenteak azpimarratu du Madurorekin hitz egin dezakeela, «bizitza asko salbatzeko» helburu bakarra duela. Baina jakinarazpen bat ere egin zion, atzo, Caracasi: «Ondo dago gauzak modu onean egitea, baina modu txarrean ere egin daitezke». Maduro, berriz, prest agertu da «aurrez aurreko» hizketaldi baterako, eta, gazteleraz hitz egiteaz gain, ingelesez ere aritu izan da azken hitzaldietan.
Zer da Cartel de los Soles?
AEBetako Estatu Departamentuak dioenez, Cartel de los Soles kartela AEBetan eta Europan gertatzen diren narkotrafiko operazioen erantzule nagusietako bat da, herrialde bereko Tren de Aragua talde kriminalarekin batera. Horrez gain, Trumpek adierazi du Maduro dagoela erakunde horren atzean.
Gaur egun ez dago Cartel de los Solesen inguruko informazio argirik. Ez nola dagoen osaturik eta ez nola dagoen antolaturik. Venezuelako armadako jeneralek dituzten intsignietatik datorkio izena, eta, AEBetako agintarien esanetan, herrialdeko militarrek osatzen dute taldea, 90eko hamarkadaz geroztik. Nazioarteko hainbat hedabidek adituen hitzak plazaratuz kaleratu dutenez, ez da talde «hierarkiko edo ideologiko» bat. Aitzitik, normalean «deskonektatuta» dauden zelula batzuk dira, eta Venezuelako «indar militarren barruan» daude.
Donald Trump AEBetako presidenteak eta haren administrazioak egindako akusazioei, ordea, kontra egiten die AEBetako Droga Kontrolatzeko Administrazioak —AEBetan drogen trafikoari eta kontsumoari aurre egiteaz arduratzen da, eta drogei buruzko ikerketak koordinatzen ditu AEBetatik kanpo—. Izan ere, erakunde horrek ez zuen Cartel de los Soles drogen trafikoarekin lotu 2020. urtera arte; alegia, Trump lehen aldiz agintera iritsi zen arte.
Caracasek, berriz, behin eta berriz ukatu du erakunde hori existitzen dela. Adierazi dutenez, Washingtonen kontakizuna «guztiz faltsua» da, eta helburu bakarra du: Maduro presidente kargutik kentzea eta Venezuelaren aurkako erasoak «justifikatzea». Maduroren esanetan, kartelarena «asmakizun hutsa» da, eta oraingoz ez du gai horri buruz publikoki hitz egin nahi izan.
Zergatik izendatu dute «terrorista» AEBek?
Trumpek Venezuelaren aurka hartu duen azken neurria izan da Cartel de los Soles kartela «erakunde terrorista» izendatzea —Etxe Zuriko maizterrak gauza bera egin du nazioarteko zenbait kartel eta talde kriminalekin, agintaldi honetan—. Bi herrialdeen arteko soka are gehiago tenkatzeko egin du hori. Izan ere, atzerriko erakunde bat «terroristatzat» izendatzeak AEBetako gobernuari bide ematen dio haren aurkako neurriak hartzeko. Ez du berez eraso militarrak egiteko eskumenik ematen, baizik eta zigor ekonomikoak eta diplomatikoak ezartzeko modua ematen du. Trumpen agindupean, ordea, horixe izan da ekintza militar bati ekin aurretik Etxe Zurian egindako lehen urratsa. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak ostegunean esan zuen izendapenak «tresna gehiago» ematen dizkiola Defentsa Departamentuari, gerora «presidenteari zenbait aukera eskaintzeko».
Era berean, erakunde edo talde bat «terrorista» izendatzeak zera dakar: erakundeari laguntza ematea legez kontrakotzat jotzea, eta erakundeko ordezkariei AEBetan sartzea debekatzea. Beraz, hemendik aurrera delitua izango litzateke erakunde hori diruz laguntzea. Atzerriko enpresek Venezuelarekin dituzten negozioak bertan behera uztea ekar lezake horrek, baita negozio berriak egitea eragoztea ere.
Gogoratzekoa da AEBetako presidenteak ezin duela bere kabuz erakunde bat «terroristatzat» jo. AEBetako Estatu Idazkaritzak egiten ditu halako izendapenak, Fiskaltza Nagusiarekin eta Altxor Idazkaritzarekin kontsultatu eta gero. Bada, astelehenean baieztatu zen hori.
Zer operazio egin ditu AEBek azken asteetan Venezuela inguruan?
AEBetako armadak hilabete batzuk daramatza Karibeko urak kontrolatzen; irailaz geroztik, hain zuzen. Ordutik, hamaika ontziri egin die eraso, betiere «narkotrafikoaren aurkako» operazioak direla argudiatuta, eta 80 pertsonatik gora hil ditu. Horrez gain, azaroaren 11n, Pentagonoak inguru horretara eraman zuen USS Gerald R. Ford hegazkinontzia, munduko handiena. Nazioarteko uretan dago ontzia, Venezuelaren kontrolpekoa den eremuaren mugan.
Eta orain zer?
Orain arte Trumpek ez du esan AEBetako Gobernuak zehazki zer erabaki hartuko duen gai horri dagokionez. Behin baino gehiagotan adierazi du erabakia «hartuta» daukala, baina gaur-gaurkoz ez du horren gaineko ezer adierazi. Horrekin lotuta, AEBetako tropak Venezuelan hedatzearen aukeraz galdetu zioten iragan astean Etxe Zuriko maizterrari, eta argi mintzatu zen: «Ez dut halakorik baztertzen. Ez dut ezer baztertuko. Venezuela zaindu behar dugu, besterik ez».
Madurok, berriz, astelehenean adierazi zuen bertako VTV telebista katean daukan programan «egiten dutena egiten dutela» ezingo dutela Venezuelarekin: «Garaiezinak gara. Ezin izan dute eta ezin izango dute inoiz gure aberriarekin».
Tentsioa, orain, nazioartera zabaldu da. Hainbat herrialde AEBak egiten ari direnaren aurka agertu dira; besteak beste, Frantzia, Errusia eta Erresuma Batua. Horren erakusgarri ere bada nazioarteko sei aire konpainiak azken egunetan bertan behera utzi dituztela Venezuelara egin beharreko bidaia guztiak. Izan ere, AEBetako Gobernuak jakinarazi zien Venezuelan eta haren inguruan egoera «arriskutsua» zela, eta «kontu handiz» ibiltzeko.