Militarren eta oposizioaren arteko borrokak eta herrialdeko krisia bukatu asmoz, Thailandako Gobernuak eta haren kontrako manifestariek elkarrizketak hasi dituzte, Weng Tojirakran oposizioko buruetakoak jakinarazi duenez. Haren arabera, bide onetik doaz elkarrizketak. Ostegunetik 37 lagun hil dira liskarretan.
Oposiziokoen kontra neurri gogorrak iragarri zituen larunbatean Thailandiako Gobernuak. "Ez dugu atzera egingo; legea urratzen ari direnei eta armatutako milizia osatu dutenei ez diegu gobernua beldurtzen utziko", zioen Abhisit Veijjajiva lehen ministroak.
Gobernuaren kontrako eta Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiaren aldeko bi mila alkandora gorridun Bangkok hiriburuko Ratchapresong merkataritza gunean daude. Apiril hasieratik hartuta daukate milaka alkandora gorridunek. Gobernuko iturriek diotenez, sei mila lagun inguru daude han kanpatuta; erreboltak gidatzen ari direnek diote hamar milatik gora direla.
Veera Musikhapong-ek hartu du alkandora gorridunen artean ardura gobernuarekin hitz egiteko. Militarrak Bangkokeko kaleetatik erretiratzeko eta gobernuak azaroan hauteskundeak antolatzeko eskatzen dute, besteak beste. Gobernuak, berriz, merkataritza gunea uzteko galdegiten die.
Martxoaren 12tik, istiluak hasi zirenetik, gutxienez 67 lagun hil eta 1.600 inguru zauritu dira.
munDUA
Thailandako Gobernuak eta haren aurkako manifestariek elkarrizketak hasi dituzte
Ostegunetik 37 lagun hil dira liskarretan. Alkandora gorridunek gobernuari hauteskundeak aurreratzeko eta militarrak Bangkokeko kaleetatik erretiratzeko eskatzen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu