Tiananmengo biktimak oroitzeko ekitaldiaren bi antolatzaile zigortu ditu Hong Kongek

Ordena sozialaren aurkako ekintzak antolatzea egotzi diete, eta Segurtasun Nazionaleko Legea urratzea. Amnesty Internationalen arabera, zigor hori «Txinaren historia ezkutatzeko kanpaina baten parte» da.

Hong Kongeko Kowloongo auzitegiaren kanpoaldean gaur, epaia plazaratu eta gero. MAY JAMES / EFE
Hong Kongeko Kowloongo auzitegiaren kanpoaldean gaur, epaia plazaratu eta gero. MAY JAMES / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko abuztuaren 21a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hong Kongeko auzitegi batek erruduntzat jo ditu gaur bi ekintzaile, eta ebatzi ordena sozialaren aurkako ekintzak antolatu zituztela urtero Tiananmengo 1989ko gertakariak oroitzeko egin duten ekitaldian. Bi ekintzaileak, hau da, Lee Cheuk-yan eta Chow Hang-tung jada deseginda dagoen talde bateko buruak ziren, Txinako Mugimendu Patriotiko Demokratikoak Laguntzeko Hong Kongeko Aliantzakoak, zehazki, eta hamar urteko kartzela zigorra ezarriko diete gehienez.

Hain justu, zigor horiek ezarri izana ulertzeko, 1989ko ekainaren 4ra egin behar da atzera. Orduan, herritar ugari Alderdi Komunistaren aurka protestan ari ziren Tiananmen plazan (Pekin), eta Deng Xiaonpingek, orduko gobernuburuak, militarrak atera zituen kalera, protesta horiek gelditzera. Sarraskia handia izan zen: gobernuaren arabera, hirurehun pertsona hil zituzten; giza eskubideen aldeko taldeek diotenez, 1.000 eta 3.000 artean. Ehunka lagun atxilotu eta kartzelatu zituzten gainera, protesten bultzatzaile izatea egotzita.

Ordutik, Hong Kongeko Aliantzak memoria ekintzak antolatu ditu urtero ekainaren 4an, Tiananmen plazan, biktimak oroitzeko. Bereziki jendetsuak izan ziren 2019ko protestak. Ordura arte ez zen bestelako arazorik izan, baina gobernuak debekatu egin zuen 2020ko ekitaldia, COVID-19a zela eta. Geroago, 2020ko ekainaren 30ean, Pekinek Segurtasun Nazionaleko Legea onartu zuen, zeinak zigortu egiten dituen ordena sozialaren aurkako ekintzak, «terrorismoa», eta atzerriko mugimenduen esku sartzea. 2021eko ekainaren 4ko oroimen ekitaldia antolatzeagatik zigortu dituzte Lee eta Chow, lege hori urratzea leporatuta.

Ia bost urte daramatzate bi ekintzaile horiek behin-behineko espetxealdian, epaiketa egin zain. Egin da epaiketa, eta fiskaltzak aliantzari egotzi dio Alderdi Komunista agintetik kentzea bultzatu izana, eta pentsaera hori sustatu nahi izatea Txinako herritarren artean. Zera izan baita Hong Kongeko Aliantzaren printzipioa sortu zenetik, 1989tik: «alderdi bakarraren erregimena amaiaraztea».

Fiskalek argudiatu dute ideia hori Txinako Konstituzioaren aurkakoa dela. Izan ere, 2018an onartutako konstituzioaren zuzenketa batean erantsi zuten Alderdi Komunistaren lidergoa herrialdearen «funtsezko» sistema definitzen duen ezaugarria dela. Gainera, fiskalek Pekinen aurkako «gorroto publikoa» sustatzea leporatu diete akusatuei, eta Tiananmengo gertakaria erabiltzea «demokrazia sustatzeko» eta gobernua uzkailtzeko asmoz.

Akusatuen defentsek, berriz, adierazi dute aliantzaren helburu guztiek bat egiten dutela «oinarrizko giza eskubideen erabilera legitimoarekin», Hong Kongeko South China Morning Post egunkariak jaso duenez. Chowek —legelaria da, eta bere burua defendatu du— argudiatu du alderdi bakarreko erregimenaren amaiera defendatzea ez dela Alderdi Komunista agintetik kentzea, eta gizartean aldaketa demokratiko bat lortzea «ez litzatekeela legez kanpokotzat jo behar».

Kartzelara protesta egiteagatik

Segurtasun nazionalean espezializatutako hiru epailek eman dute epaia, gaur, eta erruduntzat jo dituzte bi ekintzaileak, Hong Kongeko Mendebaldeko Kowloongo auzitegian. Oraindik ez dute esan noiz kartzelatuko dituzten, baina gehienez hamar urteko kartzela zigorra ezarriko diete, Hong Kong Free Press hedabideak  jakinarazi duenez; Segurtasun Nazionaleko Legea urratzea egotzi diete, eta lege hori urratzeak heriotza zigorra ere ekar dezake zenbaitetan.

Hong Kongeko agintariek nabarmendu izan dute lege horrek lagundu egin duela segurtasun nazionala babesten, eta egonkortasuna ekarri diola Txinari. Giza eskubideen aldeko erakundeek eta atzerriko gobernuek, ordea, salatu dute Pekinen lege horrek oztopatu egiten dituela disidentzia politikoa eta herritarren askatasuna.

AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak, esaterako, adierazi du kondena horrek «atsekabea» eragiten diela, eta «Txinaren historia ezkutatzeko kanpaina baten parte» dela. Bada, 1989tik hona, Tiananmengo gertakarien aipamen guztiak zentsuratzen saiatu da Pekin. Horrela definitu du ekintzaileen aurkako epaia Fernando Cheungek, AIk Hong Kongen duen eledunak, ohar batean: «Bi lagun zigortu dituzte Txinako historia berriko kapitulurik ilunenetako bat modu baketsuan gogoratzeagatik».

Gaur, epaiaren plazaratu denean, zalaparta handia izan da auzitegiaren inguruan, eta polizia asko. Han ziren zenbait senidek eta lagunek borroka keinuak egin dituzte sententziaren berri izan eta gero, ukabilak altxatuz eta eskua bihotzera eramanez, hango hainbat hedabidek zabaldu dutenez.

Izan ere, Txinako Mugimendu Patriotiko Demokratikoak Laguntzeko Hong Kongeko Aliantzako buru izandakoak dira kartzelatuko dituztenak. Zehazki, Lee Cheuk-yan (69 urte) presidentea izan zen, eta Chow Hang-tung (41 urte), berriz, presidenteordea. Bi horiekin batera, Albert Ho ere akusatuen artean da, mugimendu horretako diputatu izandakoa. Hura lau urtez eduki dute atxilotuta, urtarrilean erruduntzat jo zuten, eta epaiaren zain dago orain.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA