Tibeteko erlijio munduko beste lagun bat hil da, Txinaren errepresioaren aurka azaltzeko bere buruari su emanda. 19 urteko moja da orain zendu dena —Tenzin Choedron—, Aaba eskualdean, bere komentu ondoko autobide batean. Tibet Aske gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du iazko martxotik Tibeko erlijioko hogei lagun hil direla.
"Bere buruari su eman aurretik Pekingo Gobernuaren aurkako leloak oihukatu zituen", dio South China Morning Post egunkariak, eta Dalai Lama tibetarren lider izpiritualaren itzuleraren alde agertu zen. Poliziak-eta berehala heldu ziren, moja erietxera eramateko; bidean hil zen. Larunbatean izan zen gertaera.
Haren komentu Mamae, Dalai Lamaren aldekoa da, eta 2011n 20 urteko beste lekaime batek bere buruaz beste egin zuen, hark ere su emanda. 2008an Txinako Poliziak hango hainbat moja atxilotu zituen, Dalai Lamaren argazki bat erakusteagatik.
Datorren martxotik aurrera Tibetera sartu nahi duen orok Poliziaren aurrean identifikatu egin beharko du.