Tibeteko erbesteko lehen ministroa izango da Lobsang Sangay

Harvardeko irakasleak dalai-lamaren lekukoa hartuko du, azken honek ardura politikoak utzi baititu berriki

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lobsang Sangay Harvard Unibertsitateko irakaslea izango da hurrengo kalun tripa; Tibeteko erbesteko gobernuko lehen ministroa. Iragan martxoaren 20an egindako hauteskundeetan, botoen %55 eskuratu ditu Sangayk. Jampal Chosang Hauteskunde Batzordeko arduradunak plazaratu ditu emaitzak, lehen ministroak inoizko sostengu zabalena lortu duela zehaztuta; orotara 49.200 lagunek parte hartu dute bozetan (%58,9), aurreko bozetan baino ia bikoitza (%32). Tenzin Namgyal funtzionarioak botoen %37,4 eskuratu ditu, eta Tashi Wangdi diplomazialariak, botoen %6,4. Parlamentuko 43 kideak ere aukeratu dituzte bozetan.Tibet okupatuan bizi diren sei milioi lagunek ez dute bozkatzerik izan; orotara, 140.000 tibetar bizi dira mundu zabalean erbesteratuta.

Sangayk dalai-lamaren lekukoa jasoko du, ezen buruzagi politiko izateari utziko diola iragarri berri baitu dalai-lamak eta aurrerantzean soilik erlijio buru izango baita. Konstituzioa aldatu beharko da, dena den, urrats hori egiteko.

Indian babestuta dagoen erbesteko gobernuak, beraz, agintari sekular bat izango du aurreneko aldiz. Sangayk 42 urte ditu eta erbestean jaiotako belaunaldiaren ordezkaria da. Gazte Tibetarren Kongresuko buruzagia izan zen —independentzia eskatzen du erakunde horrek—, eta horregatik eta egin izan dituen adierazpenengatik ondoriozta daiteke erdibideko bidetik haratago joateko asmoa duela. Autonomiarena da erdibideko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.