Tibeteko monasterio bati eraso egin dio Txinako Poliziak

Poliziak monjeak atxilotzea saihestu nahi zuten bi lagun hil ditu; 300 monjetik gora atxilotu dituzte

Erredakzioa
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tibeten aldeko nazioarteko kanpainak jakinarazi du Txinako Poliziak Kirti monasterioari eraso diola. Monasterioa Txinaren menpeko Tibeten dago. 60 urtetik gorako gizonezko bat eta emakumezko bat hil dituzte eraso horretan. Monjeak atxilotzea saihestu nahi zuten horiek.

Ostegun gauean, Tirki monasterioan sartu ziren poliziak, eta 300 monje atxilotu zituzten. Kanpoan, hainbat herritar bildu ziren monjeak polizia etxeetara eramatea saihesteko, baina Polizia gogor oldartu zitzaien. Bi lagun hil zituzten eta hainbat zauritu. Hainbat herritarrek gose greba hastea erabaki dute Poliziaren indarkeriaren aurkako protestan.

Duela hilabete monje batek bere buruari su eman zion Txinako Gobernuaren aurka protesta egiteko, eta ordutik tentsioa ez da baretu. Duela astebete Kirti monasterioa setiatu zuen Poliziak. Dalai-lamak ohartarazi zuen egoerak «eztanda» egin zezakeela.

Bestalde, asteazkenean erbestean dagoen Tibeteko Gobernuko lehen ministroa aukeratzeko bozen emaitzen berri emango dute. Martxoan egin zituzten bozak, dalai-lamak erretiroa iragarri ostean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.