Tikriti eraso dio armadak ISISek kalifa herria aldarrikatu eta biharamunean

ISISek kalifa-herria ezarri du Irakeko eta Siriako haren kontrolpeko eremuetan.Abu al Bakr al-Bagdadi izendatu dute «musulman guztien kalifa».Armadaren Tikrit hartzeko saialdiak, etekinik gabe

Tikriti eraso dio armadak ISISek kalifa herria aldarrikatu eta biharamunean.
Adrian Garcia.
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Potentziek mende hasieran ezarritako mugak hautsi zituen lehendabizi, eta haren mendeko Irakeko eta Siriako eremuak batu. ISIS Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak kalifa-herria aldarrikatu du orain eremu horretan. Siriako Alepo hiritik Irakeko Dijala probintziara ezarri du xaria legean oinarritutako estatu islamikoa. Bien bitartean, armada Tikrit hartu nahian dabil, baina jihadistek eutsi egin diote saialdiari.

Abu Bakr al-Bagdadi izendatu dute estatuko buru Ibrahim kalifa gisara, «munduko musulman guztientzako kalifa». Samarran jaioa 1971n, Historia Islamikoa ikasi zuen Bagdadeko unibertsitatean. Horiek dira haren datu biografiko ezagun bakarrenetarikoak. AEBen inbasioaren aurka borrokatzeko hainbat talde armatutako kide izan zen, eta Camp Buccanen preso hartu zuten 2006an. Wahingtonek Irakeko Al-Qaedako buru izatea leporatu zion 2011n. Beste buruzagiek ez bezala, lehen lerroan borrokatzeagatik egin da ezaguna. Halaber, muturreko talde islamikoak «Irakeko eta Sortaldeko» zatia kendu dute izenetik. Estatu Islamikoa dira aurrerantzean.

Sinbolikoki garrantzi handia du jihadisten aldarrikapenak. Estatu islamikoa da kalifa-herria, eta haren buruzagi politiko, erlijioso eta militarra da kalifa. Ondorengoa esan nahi du, Mahoma profetaren oinordekoa. Hain zuzen ere, oinordeko horren inguruko desadostasunek banatzen dituzte xiitak eta sunitak, islamaren bi adar nagusiak. Xaria edo lege islamikoa da estatuaren zuzenbideko arau nagusia.

«Kalifa-herriaren aldarrikapena mehatxua da herrialde guztientzat», azaldu du Qasem Ata Irakeko armadako bozeramaileak. Israelentzat ere hala da. Horregatik, beharbada, Benjamin Netanyahu lehen ministroak kurduen independentziaren aldeko adierazpenak egin ditu. Izan ere, peshmergak izan dira orain arte muturreko talde islamikoaren erasoak geldiaraztea lortu dituzten bakarrak.

Bestalde, Irakeko armadak areagotu egin ditu erasoak Salahedine probintzian. Tikrit hiria hartzeko erasoaldiari ekin zion asteburuan. Sadam Husein zenaren jaioterria da hiria, matxino suniten gotorlekua. Haien esku dago ekainaren 11tik. Armadak aire erasoak erabili ditu matxinoen aurka. Lekukoen arabera, muturreko talde islamistak kontraerasoa jo du, eta inguruko base militar baten zati bat hartu du.

Biji herriko hirigunea ere bonbardatu dute gobernuaren hegazkinek. Hor dago herrialdeko petrolio findegi handiena, eta borrokaldiak izan dira azken astean. Bi aldeek aldarrikatzen dute findegiaren kontrola.

Hegazkinak lurreko erasoei laguntzeko baliatu nahi ditu gobernuak. Bide horretan, Errusiatik bost bonba hegazkin jaso berri dituzte, eta egun pare bat barru erabili ahalko dituzte.

Estatu Islamikoaren kontrolpeko eremua handitu den heinean, etsaiak ere ugaritu egin zaizkio muturreko talde islamikoari. Siriako Al-Bukamal herrian, Irakeko mugatik oso gertu, borrokak izan ditu beste talde islamistekin, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez. Al-Nusra Frontearekin —Al-Qaedaren menpekoa— etsaituta dago. Siriako armadak ere Estatu Islamikoa eta beste talde islamisten posizioak bonbardatu ditu egunotan.

Siriako Koalizio Nazionalak ere kalifa-herriaren aldarrikapenaren aurka egin du. Oposizioko koalizio nagusiaren arabera, «herriari kendu egiten dio haren etorkizuna aukeratzeko eskubidea». «Diktadura amaitzeko eskaerarekin herritarrak nahastu nahi dituzte».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA