Aurrera egingo du Microsoftek Tiktok aplikazioa erosteko bere asmoetan. Hala iragarri du AEBetako konpainiak, Donald Trump presidentearekin hitz egin ostean. Etxe Zuriak, baina, baldintzak jarri dizkio erosketari: akordioak itxita behar du 45 eguneko epean, irailaren 15erako, alegia. Horrez gain, hitzarmenak bermatu beharko luke erabiltzaile estatubatuarren datuak AEBetako konpainiaren esku geratuko direla.
Tiktok sare soziala «nazio segurtasunerako» arrisku bat izan daitekeela iritzita, haren gaineko neurriak hartuko zituela iragarri zuen joan den aste amaieran Etxe Zuriak. Tiktoken jabea Byte Dance Txinako enpresa da, eta plataformak erabiltzaileengandik biltzen dituen datu pertsonalak Txinako Gobernuaren eskuetara irits daitezkeen ustea zabaldu du Washingtonek. Hala, AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok iragarri zuen atzo Trumpek aurrera egingo duela aplikazioaren aurkako «neurriak» hartzeko bere asmoetan. Baina ez zuen zehaztu horiek zeintzuk izango diren, ez eta noiz hartuko dituen ere.
Washingtonen jarrerak haserrea eragin du Pekinen, eta Txinako Atzerri Ministerioak AEBei eskatu die amai ditzatela Asiako erraldoiaren aurkako «diskriminazio politikak». Byte Dance enpresak berak ukatu du erabiltzaile estatubatuarren datuak Txinako Alderdi Komunistaren esku utzi dituztela, eta zehaztu du AEBetan gordetzen dituztela bertako herritarren datuak. «Gure bazkide nagusiak AEBetakoak dira, eta gure erabiltzaileen segurtasuna da gure helburu nagusietako bat», nabarmendu du enpresako eledunetako batek.