Tiktok sare sozialean esku hartuko dute AEBek, «segurtasuna» tarteko

Etxe Zuriak adierazi du plataformaren jabea den Txinako enpresak Pekinen esku utz ditzakeela erabiltzaileen datu pertsonalak. Aplikazioaren erabilera debekatzearen alde mintzatu da Trump

Sakelako telefono bat eta Txinako ByteDance enpresaren Tiktok sare sozialaren ikurra. HAYOUNG JEON / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Tiktok sare soziala «nazio segurtasunerako» arrisku bat izan daitekeela iritzita, haren gaineko neurriak hartuko dituela iragarri du AEBetako Gobernuak. Donald Trump herrialdeko presidenteak ostiralean azaldu zuenez, aukeretako bat da sare sozialaren erabilera guztiz debekatzea AEBetan. Tiktoken jabea Byte Dance Txinako enpresa da, eta plataformak erabiltzaileengandik biltzen dituen datu pertsonalak Txinako Gobernuaren eskuetara irits daitezkeela uste du Etxe Zuriak. Debekuarena ez da aztertzen ari den aukera bakarra. Byte Dance enpresa sare soziala saltzera behartzeko aukera ere aipatu da. Enpresa elkarrizketetan ari da jada Microsoftekin eta inbertsore talde batzuekin.

CFIUS AEBetako Atzerri Inbertsioetarako Batzordeak Byte Dance Txinako enpresa ikertu du, hainbat parlamentariren eskariz. Byte Dancek Musical.ly aplikazioa eskuratu zuen 2017an, eta aplikazio hura bideoak zabaltzeko Tiktok sare sozial arrakastatsua bihurtu zuen ondoren. CFIUSek ebatzi du Byte Dancek Tiktok saldu behar duela, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik.

AEBetako Gobernuak, baina, ez du baztertu are gogorrago jokatzea. Trumpek argi utzi du sare soziala debekatzearen aldekoa dela. Presidenteak agindu exekutibo baten bidez gauzatu dezake erabakia. Hala ere, aitortu du aukera gehiago daudela. Datozen egunetan hartuko du erabakia.

Tiktoken AEBetako kudeatzaile Vanessa Pappasek Etxe Zuriari erantzun zion atzo plataforma ez dela «inora joango», eta AEBetan 1.500 langile dituela nabarmendu zuen. Enpresak gezurtatu egin zuen erabiltzaileen datu pertsonalak arriskuan daudela eta Txinako Gobernuari helarazi dizkiola. «Ez genuke egingo eskatuta ere», adierazi zuen Hilary McQuaide bozeramaileak.

Tiktokek 800 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan, eta bereziki ezaguna da gazteen artean. AEBak dira Tiktoken merkaturik handiena. Horrenbestez, aplikazioaren arduradunentzat lehentasunezkoa da herrialdean jardunean jarraitzea.

Microsoftek edo beste edozein eroslek ez dute nolanahiko inbertsioa egin beharko, hura erostekotan. Plataformak 85 mila milioi euroko balioa du, Pitch Book ikerketa taldearen arabera. Microsoftentzat inbertsio erakargarria litzateke, nolanahi ere, ez baita gazteen artean arrakastatsua den sare sozial baten jabe, lehiakide dituen gainerako enpresa digital erraldoiak ez bezala.

Trumpen gobernuarekin harreman sendoa du Microsoftek. Berriki, Pentagonoari biltegi birtualaren zerbitzua eskaintzeko kontratua eskuratu du. Konpainiak Tiktok erosiko balu Etxe Zuriaren segurtasun kezkak baretuko liratekeela uste dute askok.

Ez litzateke lehen aldia

AEBetako Gobernuak Tiktok sare sozialean esku hartzea erabakiz gero, ez litzateke «nazio segurtasuna» babesteko halako neurri bat hartuko lukeen lehen aldia izango. Iaz, Etxe Zuriak Grindr gizonezkoen arteko harremanetarako aplikazioaren kontrola beste enpresa baten esku uzteko agindu zion jabe zuen Txinako konpainiari. Washingtonek argudiatu zuen Txinak AEBetako ordezkariei xantaia egiteko erabil zezakeela aplikazioa.

Beijing Kunlun Technology enpresaren jabeak akordio bat lortu zuen CFIUS batzordearekin aurten, aplikazioa San Vicente Acquisition inbertsio taldearen esku uzteko, baina erosle hark enpresa jabearekin lotura estuak zituela argitaratu zuen Reuters berri agentziak.

Martxoan, berriz, AEBetako Gobernuak Txinako enpresa bat behartu zuen hotelentzako softwarea ekoizten zuen konpainia batean zuen kapitala saltzera.

Tiktoken kasuan, Etxe Zuriak sare sozialaren gaineko kezkak azaldu ditu hainbatetan azken hilabeteetan. Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak plataforma ixteko aukera aztertzen ari zirela jakinarazi zuen uztail hasieran.

Bestalde, AEBetako lurreko armadak eta itsas armadak aplikazioa debekatu zuten beren telefonoetan. Pentagonoak erakundeko kideei aplikazioa sakelakoetatik ezabatzeko eskatu zien iaz, segurtasun arrazoiak tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.