Badira hiru urte Fukushimako zentral nuklearrak isuria izan zuenetik. Geroztik, erradiazioak inguruko herritarrengan izan dituen ondorioak ikertzen dihardute adituek, eta, nahiz eta ezin izan duten frogatu zuzeneko loturarik duela, ohartarazi dute tiroideko minbizi kasuek gora egin dutela nabarmen. Lortutako emaitzen arabera, inguru horretan 100.000 lagunetik 30ek garatu dute minbizi mota hori; aldiz, Japoniako beste eskualde batzuetan, 100.000tik 1,7k soilik garatzen dute.
Istripu garaian 14 urte inguru zituzten 300.000 pertsona ikertu dituzte adituek, eta horietatik 57tan aurkitu dute tiroideko minbizia, eta beste 103 lagunek gaitza gara dezaketela ohartarazi.
NBEk ohartarazia zuen lehendik ere Fukushima inguruan bizi diren adingabeek minbizi mota hori garatzeko arriskua zegoela. "Mila baino gutxiago dira 100 eta 150 miligray arteko dosi arriskutsuak jaso dituztenak, eta horien artean gerta daiteke normalean baino minbizi kasu gehiago agertzea", dio erakundeak kaleratutako txostenean.
Zientzialariak datorren hilean hasiko dira ikertzen zuzeneko loturarik ba ote dagoen minbizi kasu horien eta Fukushimako zentralak eragindako erradiazioaren artean.