SIRIA

Tirokatu egin dute eraso kimikoaren gunea aztertu behar duen NBEko behatzaileen taldea

Atzo onartu zuen Baxar al-Assaden gobernuak Nazio Batuen Erakundeko ikuskatzaileak eraso gunera iristea. Al-Assadek AEBei ohartarazi die esku hartze militar bat abiatzen badute "porrota zain" izango dutela. Turkia prest da Siriaren aurkako nazioarteko koalizio batean sartzeko, NBEk erabakirik hartzen ez badu ere. Frantziak iragarri du asteon hartuko dutela erabaki bat.

jon olano
2013ko abuztuaren 26a
17:43
Entzun

Damasko kanpoaldean iragan astean izandako eraso kimikoa ikertzen hasiko dira gaur Sirian diren Nazio Batuen Erakundeko behatzaileak, NBEko Idazkaritza Nagusiak ohar batean jakinarazi duenez. Baxar al-Assaden gobernuak NBEko ikuskatzaileei ingurua aztertzeko baimena eman ondoren jakinarazi du erakundeak gaur hasiko direla lan horietan.

NBEk salatu duenez, lantaldeari "hainbat aldiz" tiro egin diote frankotiratzaile batzuek, zonaldera bidean zihoazela. Autoetako bat jo dute tiroz. Siriako Gobernuak "terroristei" egotzi die NBEren behatzaile taldea tirokatu izana. Hala ere, eraso kimikoa izandako zonaldeetako batera heldu dira behatzaileak; Damasko hego mendebaldean dagoen Muadamiyara, hain zuzen. Siriako armadak babestuta iritsi dira haraino.

Ez da eraso bakarra izan. Bi mortero erori dira gaur goizean Damaskoko erdigunean, NBEko behatzaileak dauden hoteletik gertu. Siriako hedabide ofizialek jakinarazi dutenez, "terroristek" sortutako jaurtigaiak ziren, Al-Assaden aurkako oposizioari erreferentzia eginez. Hiru lagun zauritu dira, Sana berri agentziaren arabera.

Iragan astean izandako eraso kimikoaren eremua aztertzera joanak ziren ordurako NBEko behatzaileak.

"Abuztuaren 21eko gertakarien inguruko informazioa biltzeko" eskatu dio Idazkaritza Nagusiak Ake Sellstrom lantaldeko arduradunari. Ustez Damasko inguruan gertatutako eraso kimiko baten berri eman zuen NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioko Indarren Koalizio Nazionalak asteazkenean: 1.300 pertsona baino gehiago hil zirela salatu zuen, eta al-Assaden tropei egotzi zien erantzukizuna. Damaskok erabat ukatu ditu akusazioak. Aitzitik, oposizioari leporatu dio halako armak erabiltzea.

Mugarik Gabeko Medikuek larunbatean adierazi zutenez, sintoma neurotoxikoak zituzten 3.600 pertsona inguru artatu zituzten egun horretan Damaskoko hiru erietxetan, eta horietatik 355 hil ziren.

Siriako Gobernuak adierazi du gertatutakoa ikertzeko "beharrezko laguntza" emango duela eta erasoa izan zen eremuan emandako su-etena errespetatuko duela. NBEk, berriz, adierazi du gobernuak nahiz oposizioak "ardura bera" dutela behatzaileek lana segurtasunean eta eraginkortasunez egin ahal izateko.

Al-Assad: "AEBek porrota dute zain"

Al-Assad presidenteak adierazi du haren aurkako salaketak "politikoak" direla, eta AEBei ohartarazi die esku hartze militar bat abiatzen badute "porrota zain" izango dutela.

Izvestia Errusiako egunkarian elkarrizketatu dute Al-Assad. "Asteazkenean egin zuten gure aurkako salaketa, eta bi egunera iragarri zuen AEBetako Gobernuak frogak biltzen hasiko zela. Nola eskuratu nahi dituzte frogak urrunetik?", galdetu du.

Al-Assadek azaldu duenez, bere kontrolpeko gune batean izan da erasoa: "Nola erabiliko ditu gobernuak produktu kimikoak bere tropak dauden eremu batean?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.