Titikaka aintzira, subjektu eskubidedun

Emakume aimara eta kitxuek uraren alde osaturiko sare batek bultzatu du neurria, aintzira babestu nahian, eta eskualdeko indigenentzat eta beste komunitateentzat duen balio sakratua itzultzeko asmoz.

Aimara batzuk ospakizun batean parte hartzen Titikaka aintziraren ertzean, iazko ekainean. ESTEBAN BIBA / EFE
Aimara batzuk ospakizun batean parte hartzen Titikaka aintziraren ertzean, iazko ekainean. ESTEBAN BIBA / EFE
Cecilia Valdez
2025eko urriaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 24an, Punoko Eskualde Kontseiluak subjektu eskubidedun izendatu zuen Titikaka aintzira, horretarako ordenantza bat onartuta. Orain arte, Perun ez da halakorik egin ingurumenaren alde, eta emakume aimara eta kitxuek bultzatu dute. Ordenantzan, gainera, ezarri dute indigenek parte ahal izango dutela arroa kudeatzeko organismo nazionalean.

Peru eta Bolivia artean dago munduko lakurik garaiena, eta izaki biziduna dela onartu berri dute Perun, haren espiritualtasuna azpimarratuta: «Guretzat, aintzira sakratua da, biziduna. Gure eskualde Punon, esan ohi da ura bizia dela», kontatu du Abad Vizcarrak, eskualdeko kontseilari eta Chucuito Juli probintziako ordezkariak. «Horregatik defendatu eta babestu behar dugu aintzira ordenantzen eta legeen bitartez. Egunotan Peruko Aldizkari Ofizialean argitaratu da, eta azken ukituak baino ez dira falta. Horri guztiari esker, ondo babestu ahal izango dugu aintziraren oreka eta biodibertsitatea».

Uraren eta Titikaka Aintziraren Aldeko Punako Emakume Aimara eta Kitxua Batuen Organizazioak kideak ditu eskualdeko hamahiru probintzietan, eta talde horren lanaren ondorioz onartu diote nortasun juridikoa lakuari: epai historiko baten bitartez, Titikaka osoki babesteko eskualde legedia ezarri dute, antzinako ikuspegia ere jasota. Dokumentu horren bitartez, deskontaminaziorako eta lehengoratze ekologikorako politikak egin beharra ezarri dute, Peruko Kongresuari beste hainbeste egiteko eskatu diote, eta Titikakaren Arroko Kontseilua sortu dute, non parte hartuko duten erakunde sozialek eta indigenen elkarteek.

«Gu autonomiaren esparruan aritzen gara, Peruko eskualdeei autonomia onartu baitzaie Eskualde Gobernuen Lege Organikoan»

ABAD VIZCARRAPuno eskualdeko ordezkaria

Nolanahi ere, Peruko Gobernuak auzitan jarri du erabakia: haren ustez, araua konstituzioaren kontrakoa da, eta ez du lege baliorik. «Lege tresna hori onartu baino lehen, ondo-ondo prestatu genuen, eta ez sinestekoa iruditzen zaigu gobernu zentralak eta aintzira defendatzen omen duten eta babesteko betebeharra duten beste erakunde batzuek haren kontra egitea orain», zehaztu du Vizcarrak. «Limakoek bestela analizatzen dute errealitatea. Gu autonomiaren esparruan aritzen gara, Peruko eskualdeei autonomia onartu baitzaie Eskualde Gobernuen Lege Organikoan, eta badugu eskubidea gure eskualdeen mesederako legeak onartzeko, oraingo honetan Punoren mesederako lege bat».

Ura kutsatua dago aspaldidanik, ordea, eta milaka arrain, hegazti eta, are, galtzeko arriskuan diren hainbat anfibio hil dira artsenikoaren, merkurioaren eta beste metal astun batzuen ondorioz. «Konstituzioak dio babesa eman beharra dagoela, baina hori ez da betetzen», baieztatu du Vizcarrak. «Kutsadura begien bistakoa da, batez ere meatzaritzak eragindakoa, eta, gainera, gure ibaiadarrak lehortzen ari dira».

Titikaka itsas mailatik 3.810 metrora dago, eta 3.300 kilometro karratu hartzen ditu. Natura eta ingurumena subjektu eskubidedun izendatzeari dagokionez, badira aurrekari historiko batzuk. Perun bertan, Nautako Epaitegi Mistoak lurraldeko uren garrantzia aitortu zuen, eta modu eraginkorrean babesteko mekanismoen beharra ezarri, Marañon ibaiari dagokionez.

(ID_15342894) FOTODELDÍA BOLIVIA CONTAMINAICÓN
Aimara bat alga bat ateratzen Titikakatik, irailean. LUIS GANDARILLAS / EFE

Hala ere, erabakia atzera bota dute, komunikatu bateratu baten bidez, Ingurumenaren, Nekazaritza Garapenaren eta Ureztapenaren Ministerioak, Justizia eta Giza Eskubideen arlokoak, eta Kulturakoak. Adierazi dute legeak ez duela balio juridikorik: haien ustez, konstituzioa urratu eta gobernu mailen arteko eskumen gatazka sortzen du, nazioko lege babesik gabeko eskualde agintaritza batek ezin baitu ezarri halako araurik.

Uraren Agintaritza Nazionalak egindako ikerlanen arabera, Torococha ibaia oso kutsatuta dago —Coata ibaiarekin bat egin, eta Titikakara iristen da—, eta substantzia toxikoek nabarmen gainditzen dituzte ingurumen kalitateko estandar arautuak; beraz, ura arriskutsua da inguruko herritarren osasunerako.

Tratu txarra jasota ere

Sentsibilizazio kanpainak arrunt garrantzitsuak izan dira ekinaldi hori aurrera ateratzeko moduko adostasuna sortzeko. «Ahaleginak egin ditugu ondo landu eta komunikatzeko zer esan nahi duen aintzirak guretzat, bai espiritualki eta bai kulturalki», kontatu du Uraren Aldeko Emakumeen Sareko kide batek, Soraya Poma Cotradok. «Arazorik izanez gero, aintzirara joan, eta burua argiago daukazula bueltatzen zara. Ura ere sendagarria da, eta nekazariek harri tartean hazten den landaretxo bati erreparatzen diote jakiteko noiz erein behar duten».

«Ahaleginak egin ditugu ondo landu eta komunikatzeko zer esan nahi duen aintzirak guretzat, bai espiritualki eta bai kulturalki»

POMA COTRADO Uraren Aldeko Emakumeen Sareko kidea

Baina hori guztia galbidean da aintzira kutsatua dagoelako, Poma Cotradok azaldu duenez: «Kontzientziazioa landu dugu beste erakunde askorekin batera, eta egitasmoa aurkeztu genuen prentsaurreko batean; gero, eskualdeko gobernuaren prokuradoretzara jo genuen, eta han umiliatu egin gintuzten. Abokatuak galdetu zigun zer dela-eta izango dituen aintzira batek eskubideak, eta esan: 'Hizketan egiten al du, ba, lakuak? Zertaz hitz egiten du? Pertsona al da, ba?'». Cotrado buruzagi indigenak kontatu du ezen, tratu txar hori jaso arren adoretu, eta prokuradoreari ohartarazi ziola bazekitela legeen babesa zutela, eta, gainera, «Uraren Agintaritza Nazionalak esango ez duen guztiaz hitz egiteko» zeudela han, hau da, «arlo kulturalaz hitz egiteko. Han egoteko eskubidea onartu genion geure buruari; nik ere ez nekien zer ziren jurisprudentzia eta ohiturazko zuzenbidea».

Ordenantza berriaren arabera, aintziraren zaintzaile eta ordezkari dira Punoko Eskualde Gobernua, inguruko herri indigenak eta tokiko komunitateak, eta ordezkaritza mekanismo ekitatibo bat sortuko da, genero ikuspegia izango duena; gainera, OITren 169. Hitzarmena betez, herri indigenei aldez aurretik galdetu beharko zaie aintzirari buruzko erabakien gainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.