Tiroketa Okzitanian

Tolosako ustezko hiltzaileak etxean jarraitzen du, itxita

(22:45) Mohamed Mera izenez identifikatu dute; 24 urte ditu. Frantziako Poliziak goizetik inguratua du haren etxea, eta bi polizia zauritu dira hura harrapatzeko operazioan. 2007an kartzelaratu egin zuten Afganistan hegoaldean hainbat bonba jarri zituelakoan, eta ihes egin zuen. Ustezko hiltzailearen anaia atxilotu dute. Bideoa: anbulantziak zauritutako poliziak eramaten. [YouTube]http://youtu.be/W4bNUBvmqxo[/YouTube]

2012ko martxoaren 21a
22:48
Entzun

François Molins Parisko fiskal nagusiak arratsaldeko bostak aldera adierazi duenez, Okzitaniako Tolosako ustezko hiltzaileak arratsean entregatuko du bere burua, baina honek 22:45ean artean etxean jarraitzen zuen, itxita. Molinsek esan du gaur bertan militar bat eta bi polizia hiltzeko asmoa zuela.

Frantziako Poliziak gaur goizaldetik Tolosan inguratuta du azken egunetan zazpi lagun ustez hil dituen gizona; bere etxean da hau. 14:45ak aldera BFM telebista kateak atxilotu egin dutela zabaldu badu ere, Frantziako Gobernutik gezurtatu egin dute informazio hori. 

Ustezko hiltzaileak 24 urte dituela zabaldu dute, eta Claude Gueant Barne ministroak jakinarazi duenez, bere burua Al Kaedarekin lotu du. Mohamed Mera izenez identifikatu dute, Aljeriakoa da, eta 2007. urtean kartzelaratu egin zuten Afganistan hegoaldeko Kandahar eskualdean hainbat bonba jarri zituelakoan. Hilabete batzuk geroago ihes egin zuen, espetxeko zuzendari Ghulam Farukek Reuters agentziari azaldu dionez.

Palestinan hiltzen dituzten haurrengatik mendeku hartzeko eta Frantziako armadak atzerrian egiten dituen esku hartzeak salatzeko aritu dela esan omen du gazteak, albiste agentzien arabera. Gainera, Frantziako Poliziak ustezko hiltzailearen anaia atxilotu du gaur goizaldean. Anaiaren bikotekidea eta ustezko hiltzailearen ama ere Poliziaren esku daude, badaezpadako neurri gisa.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak gaur goizean egin du agerraldia, eta herritarren batasunaren alde egin du. "Biktimei eta gure herrialdeari zor diogu", esan du. Horrekin batera, dei egin die frantziarrei ”mendekurik” ez hartzeko. 

Goizeko 03:00etan hasi da ustezko hiltzailea atxilotzeko polizia operazioa, eta bi polizia zauritu dira lehen informazioen arabera, tiroa jota. Frantziako Poliziak ustezko hiltzailea zegoen etxea inguratu du lehenik, eta hasierako tiroketak amaituta gaztearekin negoziatzen ari da.

Asteleheneko tiroketaz gain, aurreko astean Montaubanen hiru soldadu frantziar hil zituen, eta beste bat koman dago. Hildakoak magreb jatorrikoak izateak hasiera batean pentsarazi zuen eskuin muturrekoa izan zitekeela hiltzailea. BFM telebistak, ordea, Forsane Alizza delako talde islamistarekin lotu du.

Moto salmenta, aitzaki

Gueantek gaineratu du gaztea frantziarra dela, eta Tolosan bizi dela. Ministroak jakinarazi du Afganistanen eta Pakistanen egon dela, eta Poliziak salafistekin eta jihadistekin lotura zuelakoan fitxatuta zuela. BFMren arabera, Interneti esker lortu dute ustezko hiltzailea identifikatzea. Horren arabera, moto baten salmenta aitzakia hartuta jarri zen harremanetan lehen biktimarekin, eta gertu duen tailer batean margotu omen zuen. Salmentarako erabili omen zuen gaur atxilotu duten anaiaren ordenagailua. 

Lehen datuen arabera, moto hori bera izango litzateke erasoen ondoren ihes egiteko erabili zuena. Ozar Hatorah eskola judutik hiru kilometrora bizi da gaztea. Inguratuta duten bitartean ama eraman dute amore eman eta etxetik atera dadin, baina horrek ez omen du semeaz ezer jakin nahi.

Azken agurra hildakoei

Milaka lagun bildu dira Jerusalemen, Givat Shaul hilerrian, tiroketan hil zituzten lau lagunei azken agurra emateko. Tartean zegoen Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroa. Ordu batzuk lehenago, Simon Peres Israelgo presidentearekin bildu da Juppe, eta bilera horretan baieztatu dio ustezko hiltzailea "hainbat orduren edo hainbat minuturen buruan" atxilotuko zutela.

Aurreko astean Montaubanen hil zituzten hiru soldadu frantziarren aldeko elizkizunak egin dituzte arratsaldean. Sarkozy hara joan da, Mohamed Mera atxilotuta duten ingurutik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.