Katalunia

Torra eta Junqueras kargugabetzeko agindu du Espainiako Hauteskunde Batzordeak

Batzordeak aurrea hartu dio Espainiako Auzitegi Gorenari, eta ez du itxaron hark auziak aztertu arte. Torrak eskatu du Kataluniako Parlamentuak ezohiko deialdian biltzea, bihar, agindu hori errefusatzeko.

Quim Torra Kataluniako presidentea, artxiboko irudi batean. ANDREU DALMAU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 4a
07:14
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidentea berehala inhabilitatzea erabaki du Espainiako Hauteskunde Batzordeak, eta erabaki bera hartu du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiarekin ere. PPk, Ciudadanosek eta Voxek aurkeztutako eskariak aztertu ondoren, eskuineko indarrei arrazoia eman die, eta diputatu akta kendu dio Torrari. Horrenbestez, Kataluniako presidente gisa kargugabetu du —Generalitateko presidente kargurako ezinbestekoa da Kataluniako diputatu izatea—. Halaber, Junqueras hamahiru urterako inhabilitatuta dagoela eta, eurodiputatu izaera ukatu dio.

Hauteskunde Batzordeak ez du itxaron Espainiako Auzitegi Gorenak Torraren eta Junquerasen auziak argitu arte. Torrari urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientzia delituagatik, eta defentsaren helegitea aztertzeko du Gorenak. Junquerasen kasuan, berriz, auzitegiak erabaki behar du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ERCko buruari eurodiputatu izaera eta immunitatea aitortu izanak nola eragiten dion haren egoerari. Hauteskunde Batzordeak aurrea hartu dio, eta biak inhabilitatu ditu. 

Bi erabakiak Hauteskunde Legearen 6.2 artikuluan oinarritu ditu batzordeak. Artikuluak bigarren puntuan dio ezin direla hautatuak izan «matxinada, terrorismo, Administrazio Publikoaren kontrako edo Estatuko Erakundeen kontrako delituengatik» zigortuak izan direnak, «nahiz eta epaia irmoa ez izan». Batzordearen iritziz, Torrak desobedientziagatik jaso duen zigorra arrazoi nahikoa da hari diputatu akta erretiratzeko. Junquerasi 13 urteko espetxe zigorra eta beste hainbesterako inhabilitazioa ezarri zion Gorenak matxinada delituagatik eta diru publikoaren erabilera bidegabeagatik.

PPk, Ciudadanosek eta Voxek Hauteskunde Batzordeari eskatu zioten Junquerasen inhabilitazioa jakinaraz diezaiola Europako Parlamentuari, eta hala egingo du. Belgikako Justiziak kontrako norabidean ebatzi duela jakin ondorengo egunean hartu du erabakia batzordeak. Bruselako lehen instantziako epaitegi batek bertan behera utzi ditu Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Toni Comin kontseilariaren kontrako euroaginduak, EBko Justizia Auzitegiak eurodiputatu direla eta immunitatea dutela ebatzi eta gero.

Torraren kasuan, hura inhabilitatzeko eskatu zioten PPk, Ciudadanosek eta Voxek Bartzelonako Hauteskunde Batzordeari ere, baina hark baztertu egin zuen aukera hori. Bartzelonako batzordearen esanetan, Generalitateko presidentearen kargugabetzea Kataluniako autonomia estatutuak arautzen du 67. artikuluan, eta hark dio soilik epai irmo batek justifika dezakeela gisa horretako neurri bat inhabilitazio zigor baten kasuan.

Hauteskunde Batzordeak bilera luze baten ondoren eman du erabakien berri. Ez da erabateko adostasuna izan Torraren auzian. Batzordeko hamahiru kideetako seik erabakiaren kontrako boto partikularra eman dute. Kritikoek argudiatu dute Hauteskunde Batzordeak ez duela eskumenik auziaren gainean ebazteko; hala ere, batzordeko gehiengo kontserbadoreak Torra inhabilitatzea erabaki du.

Presidenteak Auzitegi Gorenera jotzeko aukera izango du, eta administrazioarekiko auzien aretoan helegitea aurkeztu. Gorenak helegitea aztertu artean, baina, Kataluniako Parlamentuak izango du Hauteskunde Batzordearen erabakia gauzatzeko ardura.

Gobernabidea kolokan

Torraren inhabilitazioari buruzko erabakiak bete-betean eragingo dio Kataluniako Gobernuaren etorkizunari. Batetik, gobernuaren osaketa alda dezakeelako Torra kargugabetuz gero. Parlamentuak du batzordearen erabakia gauzatzeko ardura, eta, kargutik kenduko balu, Pere Aragones presidenteordeak hartuko luke Torraren lekua. Jarduneko presidentea litzateke, eta mugatuta izango lituzke zenbait funtzio. Esaterako, ezingo luke bozetara deitu, ezta gobernua eraberritu ere.

Bestetik, gobernuak eta parlamentuak hartu beharko dituzten erabakiek areagotu egingo du JxCren eta ERCren arteko harremana, lehendik ere arantzaz beteta dagoena. Kataluniako presidenteak iragarri zuen Hauteskunde Batzordeak inhabilitatuko balu parlamentuaren esku utziko zuela bere etorkizuna, konfiantza mozio baten bidez. Ikusi egin beharko da parlamentuko mahaiak eta Roger Torrent presidenteak (ERC) zer jarrera hartzen duten, eta Torraren kargugabetzeari bide emango dioten ala ez. Erabakia ez betetzeak Torraren zilegitasuna defendatuko luke, baina ondorio judizialak izan ditzake mahaiko kideentzat.

Beste aukera bat ere bada. Batzordearen erabakiari aurrez aurre kontra egin gabe hari izkin egiteko modu bat izan daiteke Katalunian hauteskundeak aurreratzea.

Bide bat edo beste hautatu, Torraren eta Junquerasen inhabilitazioak sakondu egin ditzake JxCk ERCren eta PSOEren arteko akordioari buruz dituen zalantzak. Izan ere, «politikaren judizializazioa» etetea da akordioan jasotako helburuetako bat, eta JxCk argudia dezake halakorik ez dela inondik ageri.

Presazko bilerak

Erabakien ondorioz sor daitezkeen jokalekuak aztertzeko, Torrak Gobernu Kontseilua bilduko du presaz, 20:00etan, Generalitatearen jauregian. Bilkura amaitu ondoren, Kataluniako Parlamentuko presidenteari eskatu dio presazko eta ezohiko bilera batera deitzeko parlamentariak. Roger Torrent Parlamentuko presidenteak eskaria jaso du, eta bihar 17:00etan osoko bilkura egiteko deia zabaldu du.

ERCk, berriz, Kontseilu Nazionala deitu du bihar goizerako. Adierazi dutenez, Hauteskunde Batzordearen erabakiek «egutegi politikoan» duten eragina aztertzeko izango da bilkura.

Torraren inhabilitazioaren berri eman eta gutxira, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Hauteskunde Batzordearen ebazpena salatu du Belgikatik. «Asaldagarria, lotsagarria. Kataluniako azken bi presidenteak Espainiak kargugabetu ditu, ez Parlamentuak. Presidente nork izan behar duen eta nork ez erabakitzera ohitu dira. Nahikoa da. 155.a bezalakoa da, baina Senatutik pasa gabe».

ERCk Torraren aldeko mezua zabaldu du bere Twitter kontuan. «Politikaren eta demokraziaren kontrako beste ekintza bat. Zure ondoan gaude, presidente!».

Batzordeak erabakia hartu baino ordu batzuk lehenago, Torra inhabilitatzeko aukeraz ohartarazi du Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuak. Haren esanetan, erabaki horrek «kontrolik gabeko leherketa» eragin dezake Espainiaren «sistema demokratikoan». «Organo administratibo batek Generalitateko presidentea kargugabetzea oso larria da; sistema demokratikoari iruzur egitea da, eta egitura guztiaren funtzionamenduaren aurkako neurria litzateke».

ANCk mobilizatzera deitu du

ANCk elkarretaratze batera deitu du gaurko, Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabakia salatzeko eta Torrari elkartasuna eta babesa adierazteko. 20:00ak aldera ehunka herritar elkartu dira Bartzelonako Sant Jaume plazan, Generalitateko jauregiaren parean. ANCren esanetan, batzordeak ez du «inolako zilegitasunik» Torra kargutik kentzeko.

Omnium Culturalek ere onartezintzat jo du Torraren inhabilitazioa. «Estatuko botereen mendekua da. Legea erabili dute berriz errepresiorako arma politiko gisa». Omniumen iritziz, batzordearen erabakiak islatzen du Espainiako justizia «politizatuta» dagoela, eta gogorarazi du bederatzi buruzagi independentista hamahiru urtera arteko espetxe zigorrekin zigortu dituen Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratu Hauteskunde Batzordeko kide ere badirela. Beste bost kide Kongresuak zuzenean izendatutako kideak direla gogorarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.