Kataluniako Parlamentuak onartu egin du helegite bat aurkeztea Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu akta kentzeko eman zuen aginduaren kontra. Parlamentuak agindua betetzea erabaki zuen, eta horrek krisi sakona eragin zuen JxCren eta ERCren artean, Kataluniako Gobernua zatitzeraino. Torrak hauteskundeak aurreratuko zituela iragarri zuen, desadostasun horren ondorioz.
Parlamentuko osoko bilkurak JxCren, ERCren, En Comu Podemen eta CUPen botoekin onartu du Hauteskunde Batzordearen aginduaren kontra egitea, eta Espainiako Auzitegi Gorenera joko du. PSC abstenitu egin da, eta Ciudadanosek eta PPk aurka bozkatu dute.
Parlamentuko zerbitzu juridikoek Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuten joan den urtarrilaren 16an, baina Auzitegi Gorenak adierazi zuen helegitea ganberaren osoko bilkurak onartu behar duela.
PPren kereila
Torrak diputatu izaera galdu zuen urtarrilaren 27an, baina presidente karguan dago oraindik. Horretarako aukera duela dio Kataluniako Parlamentuko zerbitzu juridikoen txosten batek, harik eta presidentearen kontrako epaia irmoa den arte. PPk, ordea, ez du iritzi bera, eta Torraren kontrako kereila bat aurkeztu du, «funtzioak usurpatzea» egotzita. Pablo Casado PPko buruaren esanetan, Torra ez da Kataluniako presidente, desobedientziagatik zigortua izan delako eta diputatu akta galdu duelako.
Torrak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin egitekoa duen bileraren bezperan eman du PPk salaketaren berri. Casadoren esanetan, Sanchezek bertan behera utzi beharko luke bilera hori, «ziurgabetasun juridikoa» ekiditeko. «Sanchezek desobedientziagatik inhabilitatuta dagoen pertsona batekin biltzea erabaki du, haren botoak behar dituelako aurrekontuak onartzeko», adierazi du Casadok.
Kereilak jasotzen duenez, Torrak presidente karguari eutsi nahi dio, Espainiako Konstituzioak eta Kataluniako Estatutuak arautzen dutenaren kontra. Idatziak dio diputatu akta galtzeak presidente kargua ere indargabetzea dakarrela ezinbestean. Horrenbestez, presidente gisa egin dituen jarduera guztiak administratiboki baliogabeak direla ziurtatu du, eta Torrari ardura penalak ere badagozkiola nabarmendu du.