Atzo aurreratu zuten, eta gaur goizean bertan aurkeztu dute kereila Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta ERC-ko diputatu Ernest Maragallek CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako buru ohi Felix Sanzen aurka. 2019an Pegasus programa erabiliz beren sakelakoa zelatatzea egozten diote Sanzi.
Asteon jakin da 2019an Pegasus programa —gobernuei eta segurtasun indarrei bakarrik saldu ohi zaiena—erabili dutela Torrent eta Maragall zelatatzeko. Ikerketaren arabera, programa horrek 1.400 sakelako espiatu zituen mundu osoan, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean, Whatsapp aplikazioaren akats bat baliatuta. Zerrenda horretan daude Kataluniako agintari politikoak.
Torrent eta Maragall kide diren ERC alderdiak Sanzen aurkako kereila aurkeztu du, baina alderdiak ez du baztertu bertze buruzagiren baten aurkako bide judiziala hastea ere. Aurkeztutako kereilaren arabera, CNIko zuzendari ohia da zentroko funtzionarioen arduradun nagusia, eta, beraz, hari dagokio bermatzea bere jarduerak legearekin bat datozela eta jakinarazpenen sekretuaren edozein esku hartzek aurretiazko baimen judiziala duela.
Andreu Van Den Eynde abokatuak aurkeztu du salaketa, eta nabarmendu du orain arte azaleratutako ikerketek erakutsi dutela programaren jabe den enpresako bezero dela Espainiako gobernua 2015etik. Gainera, El País egunkariak gaur argitaratutako informazio bat ere aipatzen du Van Den Eyndek. Kazeta horren arabera, Espainiako zerbitzu sekretuek Pegasus programa erabiltzen dute espioitza lanetarako.
ERCk aurkeztutako salaketan nabarmendu dute gutxienez 100 pertsonaren kontrako espioitza lanak egin dituztela; tartean, Maragallen eta Torrenten aurka. Espioitza horiek «abusuzkoak eta arrazoirik gabeak» direla nabarmentzen du kereilak, software horrek biktimaren telefonoa «erabat» monitorizatzea ahalbidetzen duelako. Programak segurtasun akats ezezagunak aprobetxatzen zituen, eta ezkutatzeko propietateak zituen, programa arakatzea zailtzen zutenak. Ondorioz, ezinezkoa da jakitea zer komunikazio atzeman dituen eta zer informazio jaso duen.
Alderdiak nabarmendu du dagoeneko Whatsappek salaketa aurkeztu duela programaren jabe NSO taldearen aurka. Citizen Lab laborategiak azpimarratu du egiaztatu egin duela Torrentek eta Maragallek jasan zuten espioitzaren «egiazkotasuna», eta zera salatu du: «disidentzia politikoaren, kazetaritza kritikoaren, aktibismoaren eta populazioaren sektore jakin batzuen kontra aurrez pentsatutako espioitza ekintza bat izan da».