UDAKO SERIEAK. Udaberri Arabiarren ondorena. Tunisia (II)

Trantsizio bat Saidek zapuztua

2011ko iraultzaren osteko promesak ez ziren bete, eta Tunisiako presidentearen aurrekoei legitimotasuna galarazi zien gauza bera dago herriaren atxikimendu falta gero eta handiagoaren erroan: egoera ekonomiko gero eta delikatuago bat.

Kais Saiden aldekoak iazko urrian, presidentetzarako bozen ondoren. MOHAMED MESSARA / EFE
Kais Saiden aldekoak iazko urrian, presidentetzarako bozen ondoren. MOHAMED MESSARA / EFE
Ricard Gonzalez.
TUNIS
2025eko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Duela bost urte eskas, goresmenez esaten zen Tunisiakoa zela Udaberri Arabiarretatik sortutako trantsizio guztietan arrakasta izan zuen bakarra. Goraipatzen zen Mediterraneoko herrialde koxkor hura izan zela 2011ko iraultza antiautoritarioen sorlekua eta, aldi berean, demokrazia loratu zen leku bakarra. Itxura oneko instituzio demokratiko haien axalaren azpian, ordea, gero eta ondoez handiagoa zabaltzen ari zen, ikusirik ez zirela betetzen ari 2011ko iraultzan egindako oparotasun promesak. 2019ko hauteskundeetan, Kais Said hautatu zuten presidente, zuzen ospea zuen politikari independente bat, botoen %70 pasatxo lortuta. Batzuek ohartarazi zuten hautagai populista bat zela, baina inork ez zuen espero dena gain behera joango zenik hain azkar eta hain sakon, kutsu arrazistako autokrazia baten infernuetaraino.

«Tunisiak trantsizio politiko arrakastatsu samarra egitea lortu zuen. Konstituzio demokratiko bat onartu zuen, eta zenbait hauteskunde prozesu antolatu, garbiak denak ere; horien ondoren, gorabeherarik gabe eskualdatu ziren botereak. Egoera ekonomikoak, ordea, ez zuen hobera egin, eta horrek dezepzio eta frustrazio handia eragin zuen», laburbildu du Tarek Kahlaui politologo eta Tunisiako Mediterranean School of Businesseko irakasleak. Datu guztiek irudi bera ematen dute: 2011n, per capita BPGa 4.300 dolar pasatxo zen, eta hamar urte geroago, berriz, 3.500. Gainera, ekonomiak eragindako ondoeza gutxi balitz bezala klase politiko berriak legitimitatea gal zezan, ustelkeria kasu ugari azaleratu ziren. Hala, bada, bidea zelaitua zegoen «aberri-salbatzailearen» diskurtsoa ahoan azalduko zen lider populista batentzat.

2021eko udan hasi zen Tunisiako demokraziaren esperimentuaren gainbehera, hain justu Saidek, hautatua izan eta bi urtera, ustekabean bidea errotik aldatu zuenean. Lehen ministroarekin eskumen gatazka batean nahasturik, konstituzioaren interpretazio zalantzagarri bat egin ―interpretazio iruzurrezko bat esan beharko litzateke egiaz―, eta botere guztia hartu zuen beretzat; gobernua bazter utzi, eta parlamentuaren lanak ere bertan behera utzarazi zituen. Batere eraginkortasunik gabeko politikariez enpo eginda, tunisiar gehienek txalotu egin zuten azken batean «autokolpe» bat zirudien hura. Baina, promestu bezala «ustelkeria amaiarazteko» helburuz herrialdea erreformatu ordez, Saidek gero eta botere gehiago hartu zituen bere esku, eta bere asmoak nolabait trabatu zitzaketen erakundeen independentzia higatuz joan, hala nola ISIE Hauteskundeetarako Instantzia Independente Gorenarena eta Hauteskunde Batzordearena.

«Alderdi politiko demokratikoek zilegitasuna galdu dute, trantsizioa kudeatu zuten moduagatik; beraz, ez dira alternatiba bat»

TAREK KAHLAUIPolitologoa

Handik urtebetera, 2022ko udan, beste konstituzio bat onetsi zuen Saidek, eragile politiko bakar bati ere kontsultatu gabe, eta hilabete batzuk geroago, berriz, abenduan, parlamenturako hauteskundeak antolatu zituen; oposizio guztiak boikota egin zien, eta parte hartzea inoiz baino txikiagoa izan zen: %11 baino ez. Herriaren atxikimendu falta gero eta handiagoaren erroan, izan ere, Saiden aurrekoei legitimotasuna galarazi zien gauza bera dago: egoera ekonomiko gero eta delikatuago bat, dagoeneko berekin ekarri duena, besteak beste, oinarrizko produktu batzuk tartean-tartean eskuragarri ez egotea, hala nola arroza, irina eta olioa. Oraingoan, ordea, ez dago horren kontra altxatzeko behar adinako indarrik, ezta konfiantzarik ere. «Alderdi politiko demokratikoek zilegitasuna galdu dute, trantsizioa kudeatu zuten moduagatik; beraz, ez dira alternatiba bat. Despolitizazio eta apatia handia dago gizartean», azaldu du Kahlauik.

KAIS SAID. TUNISIA.
Kais Said presidentearen kontrakoak protesta batean Tunisen, iazko irailean. MOHAMED MESSARA / EFE

Erakundeen arkitektura berria ondo finkatu zenean, Saiden erregimen berriak arerioak deuseztatzeari ekin zion. Klase politikoa erori zen aurrena. 2023aren hasieran, hogei bat pertsonalitate atxilotu zituzten, askotariko ideologietako oposizio lider politikoak gehienak, baina Ennahda alderdi islamista historikoko kideak asko eta asko: besteak beste, alderdi horren fundatzaile Ratxed Gannutxi, 84 urtekoa. «Estatuaren kontra errebelatzea» eta «terrorismoan aritzea»: horra egin zizkieten akusazio nagusiak. Nahiz eta, erregistroen arabera, oposizioko talde bakar batek ere ez duen inoiz atentaturik egin. Haien «konspirazioen» frogen artean, berriz, Europako zenbait herrialdetako enbaxadoreekin egindako bilerak sartu dituzte.

Aurtengo apirilean, hogei horiei eta gerora gehitu zitzaizkien beste hogei bati kartzela zigorrak ezarri zizkieten, 13 urtetik 66ra bitartekoak, giza eskubideen aldeko tokiko eta nazioarteko erakundeek «sasi-epaiketatzat» jotako prozesu batean. «Epaiketa justu baten itxurak egiten ere ez da saiatu Tunisiako justizia, eta, argudiorik emateko aukerarik ere eman ez zaien prozesu masibo baten ondoren, kartzelaldi luzeak ezarri dizkiete», azaldu du Human Rights Watchek mundu arabiarrerako daukan zuzendariordeak, Bassem Khawajak.

Zigortuen artean, Tunisiako eta Espainiako herritartasun bikoitza daukan gizon bat dago: Khayam Turki. Ettakatol alderdi sozialdemokrataren burua da, eta Elodia Zaragozaren semea —Espainiako II. Errepublikan CNTn arduradun aritutako emakume ezagun bat zen Zaragoza, Tunisiara erbesteratu zena—, eta 48 urteko kartzela zigorra jarri diote. Lehen oldean atxilotu ez zituzten politikari ugari bigarren oldean atxilotu zituzten, 2024ko udan; gehien-gehienak, presidentetzarako hauteskundeetara Saiden kontra aurkezteko asmoa adierazi zuten pertsonak. Presidenteak erraz lortuko zuen, horrela, berriz hautatua izatea, lastozko arerio bakar bat edukita eta abstentzio masibo baten laguntzaz.

«Georgia Meloniren eta eskuin muturraren bide beretik doa Saiden kriminalizazio politika. Hori ondo datorkio EBri»

ROMDHANE BEN AMURIkertzailea

Politikarien ondoren, gizarte zibilaren txanda izan zen. Azken urtean, sindikalista kritikoak, kazetariak eta bereziki migrazioaren esparruan lan egiten duten GKE gobernuz kanpoko erakundeetako langileak atxilotzen ibili dira, dozenaka. Europako eskuin muturraren lorratzean, pagaburu baten bila, Saidek besteak beste «traidoretzat» eta «mertzenariotzat» jo ditu giza laguntzarako elkarteak, eta leporatu die «sekulako dirutzak» jasotzea «Tunisian afrikarrak txertatzeko». Oraintxe, legez kanpo daude migratzaileei laguntzen zieten GKE guztiak, eta haien buruzagietako asko, berriz, kartzelan. «Neurri horien ondorioz, migratzaileak bakarrik geratu dira, erakundeen laguntza jaso ezinik. Laguntzen zietenak, izan ere, guztiz izututa daude orain», esan du Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Tunisiako Foroko migrazio arduradunak, Romdhane Ben Amurrek.

Giza laguntzarako GKEen kontrako neurriei isiltasun konplize batez erantzun dio EB Europako Batasunak. «Georgia Meloniren eta eskuin muturraren bide beretik doa Saiden kriminalizazio politika. Hori ondo datorkio EBri, argi utzi baitu migrazioa gerarazi nahi duela kosta ahala kosta. Hortaz, Saidek zera ikusi du: egin dituen gauza horiek guztiak saritzen dizkiotela, laguntzak emanez», bota du Ben Amurrek. Itxuraz, beldurra duelako ere ematen ari da babesa Europa: Tunisia bandoz aldatuko ote den beldurra.

TUNISIA - GATAZKA
Ben Ali presidentearen kontrako protesta bat Tunisen, 2011ko urtarrilean. LUCAS DOLEGA / EFE

«Betiko aliantzetatik irten nahi izan du Saidek, eta Errusia, Txina eta beste herrialde batzuetara hurbildu», esan du anonimo agertu nahiago duen analista batek. Ez dago baikor etorkizunaren inguruan: «Erregimen honekin, 2011tik aurrera lortutakoak ez ezik, independentziatik lortutakoak ere arriskuan daude. Eskualde gatazkaren batean sartuko ote garen ere beldur naiz», erantsi du. 2011ko iraultza gidatu zuten gazteek berek ere ez dute jada indarrik, nonbait, bidea aldarazteko. «Asko lur jota daude; beste batzuk atzerrira joan dira, edo horretarako ahaleginetan dabiltza. Hemen ez dago etorkizunik», kontatu du Waelek, iraultzaren ondoren ekintzaile ibili eta orain Espainian bizitzeko baimena lortzeko prozesuan den gazte batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.