Tregoa indarrean sartu bezperan, Errusiak eta Ukrainak elkarri erasotzen segitzen dute

Errusiaren arabera, bere kabuz hartu du erabakia, Ukrainarekin eta AEBekin hitz egin gabe.

Errusiaren tanke bat erasoan Ukrainan, atzo. EFE
Errusiaren tanke bat erasoan Ukrainan, atzo. EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 10a
12:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainaren eta Errusiaren arteko su etena bihar 16:00etan da indarrean sartzekoa, eta 32 ordu irautekoa da, igande gauerdira arte. Bi aldeek elkarri erasotzen segitu dute gaur. Ukrainak Volgograd eskualdeko (Errusia) petrolio biltegi bati eraso die droneekin, eta, Errusiako iturri ofizialen arabera, horren ondorioz pertsona bat hil da. Moskuk, berriz, Odesako (Ukraina) energia azpiegitura izan du helburu azken orduetan, Kieven esanetan. Bonbardaketak ez du biktimarik eragin.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak asteak zeramatzan Pazko ortodoxoaren bueltarako tregoa bat eskatzen, eta Errusiak atzo gauean jakinarazi zuen 32 orduko menia bat ezarriko duela. Kremlinek ohar bidez eman zuen horren berri, eta Dmitri Peskov bozeramaileak gaur zehaztu du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, AEBekin eta Ukrainarekin hitz egin gabe hartu duela erabaki hori.

AEBak ari dira bitartekari Ukrainaren eta Errusiaren artean, eta, behin Iranen su etena ezarrita, Zelenskik uste du Washingtonen ordezkariak Kievera joango direla bidaia ofizialean. Ukrainako estatuburua hainbat kazetarirekin bildu zen Kieven asteazkenean, eta gaur eman dute hitz egin zutenaren berri. «Hona etorriko zirela adostu genuen», esan zuen Zelenskik, Steve Witkoff eta Jared Kuhsner AEBen ordezkariez ari zela.

Errusiak duela lau urte pasa inbaditu zuen Ukraina, eta ordutik, bihar indarrean sartuko dena alde batera utzita, hiru menia ezarri dituzte. Aurrenekoa, 2023ko urtarrilaren 6tik 8ra; bigarrena, iazko Pazko ortodoxoan, apirilaren 19tik 21era; eta hirugarrena, iazko maiatzaren 8tik 11ra, Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 80. urteurrenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA