Muga zergak nahieran igo, jaitsi, jarri eta kentzea ohikoa ari da bihurtzen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin. Bere nahia inposatzeko erabili izan ditu, arma komertzial gisa. Oraingoan, Groenlandiara soldaduak bidali dituzten Europako zortzi herrialderi egin zien mehatxu, %10etik gorako muga zergak ezarriko zizkiela Artikoko uharte hori anexionatzeko asmoa oztopatzeagatik. Gaur, baina, zigorrak bertan behera geratu direla iragarri du, Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezu batean.
Arratsean hitzaldia eman du Davosen (Suitza), Munduko Ekonomia Foroan, eta handik ordu batzuetara eman du muga zergen inguruko erabakiaren berri, Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiarekin bilkura «emankor» bat izan ostean. Jakinarazi duenez, Ruttek eta biek Groenlandiarako eta Artiko osorako akordio bat ontzeko oinarriak ezarri dituzte. Hortaz, jada ez dauzka beharrezkotzat otsailaren 1etik aurrera indarrean sartzekoak ziren zigorrak. AEBetako presidentearen hitzetan, etorkizuneko akordio hori «onuragarria» izango da AEBentzat eta NATOko kide guztientzat. Ez du, baina, xehetasun gehiago eman.
Aurrez, Davosko Foroan hitzaldi bat eman du Trumpek. «Nahi al duzue Groenlandiaren inguruan hitz batzuk esatea?». AEBetan azken urtean izandako «sekulako hazkunde ekonomikoaz» luze hitz egin ostean bota die galdera hori hitzaldira bertaratutakoei. «Mintzalditik kanpo utzi behar nuen, baina batzuek ez zuten begi onez ikusiko». AEBetako presidenteak oroitarazi du NATOko herrialde guztiek beren lurraldeak babesteko betebeharra dutela, baina soilik AEBek dutela Groenlandia babesteko gaitasuna. Horregatik, «AEBen zein nazioartearen segurtasunerako», Artikoko uharte hori anexionatzeko «beharra» duela esan du.
Danimarka ahula dela iradoki ostean —Bigarren Mundu Gerran naziek «sei orduan» inbaditu zutela aipatu zuen—, Trumpek berretsi du ez duela Groenlandia inbadituko. Eta gaineratu du uhartea erosteko negoziazioei berrekin nahi diela. «Ez daukat indarra erabili beharrik. Ez dut indarra erabili nahi. Ez dut indarra erabiliko».
AEBek NATOri eman diotenaren aldean eskatzen duena «huskeria» dela esan du; «izotz puska bat baino ez». Eta NATOko herrialdeei mehatxu egin die: «Baiezkoa ematen baduzue, oso eskertuta egongo gara; erantzuna ezezkoa bada, gogoan izango dugu».
AEBen eta aliantza militarreko gainerako estatu kideen arteko harremana ez dago bere onenean, eta Trumpen hitzaldiak ez du egoera hobetuko. «Europa ez doa bide onetik», adierazi du hitzaldia hasi berritan. Haren hitzetan, Europari «kalte egin» diote immigrazioak eta energia berriztagarrien aldeko politikek —Itun Berdeari Iruzur Berdea deitu zion behin eta berriz—. Berriztagarrien alde egiten dutenak «tentelak» direla ere esan du.
Hori aski ez, eta atzo Trumpen jarrerarekin kritiko agertu ziren agintariei ere mintzatu zaie gaur Etxe Zuriko maizterra. Adierazi du Mark Carney Kanadako lehen ministroa ez zela «oso esker onekoa» izan: «Kanada AEBei esker bizi da. Mark: hurrengo hitzaldia ematerakoan, har ezazu hori kontuan». Munduaren ordena aldatu egin dela nabarmendu zuen atzo Carneyk, Davosen emandako hitzaldian. Esan zuen jada ordena hori ez dela legeetan oinarritzen, eta munduko potentzia handienen aurrean elkarrekin lan egitera deitu zituen gainerako herrialdeak.
Danimarkarentzat, «arazoa» ez da konpondu. Etxe Zuriak indarra erabiltzea baztertu izana begi onez ikusi badu ere, Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak kezka adierazi du, Trumpek uhartea bereganatzeko asmoz jarraitzen duelako. Gobernu autonomoa badu ere, Groenlandia Danimarkaren parte da ofizialki.
Itun komertziala, etenda
Trumpen mehatxuei aurre egiteko asmoz EB Europako Batasuna neurriak hartzen hasi da, eta oraingoz ez du aplikatuko AEBekin uztailean adostutako merkataritza akordioa. Europako Parlamentuak erabaki du bertan behera uztea akordio horren berrestea. Bernd Lange europarlamentuko merkataritza batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, neurri hori hartzea erabaki dute Trump Europako herrialdeei muga zergak ezartzekoa zelako. Orain, zigor horiek bertan behera utzita, ikusteko dago EBk zer jarrera hartuko duen.
Horrekin guztiarekin lotuta, hainbat hedabidek Eliseoko iturriak aipatuz gaur goizean kaleratu dutenez, Frantziak eskatu du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ariketa militar bateratuak egitea Groenlandian. Danimarkak, Frantziak, Finlandiak, Alemaniak, Herbehereek, Norvegiak, Suediak eta Erresuma Batuak soldaduak bidali zituzten joan den astean hara, munduko uharte handienera. Maniobrak egitekoak dira, baina Frantziak eskatu du NATOk berak koordinatu dezala hori; horrek modua emango lieke AEBei maniobra horietan parte hartzeko.

Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak beso zabalik hartu du Etxe Zuriko maizterra. Atzo harekin biltzeko «irrikaz» zegoela esan zion, biek telefonoz izandako elkarrizketan entzuten denez —Trumpek berak filtratu zuen—. Ruttek koipea eman ohi dio Trumpi, AEBek egiten baitiote ekarpen handiena aliantza militarraren aurrekontuari.Â
Gaur, Trumpekin batzartu aurretik, defentsari buruzko foro batean parte hartu du, eta azpimarratu du Trumpengatik izan ez balitz aliatuek ez zutela hartuko beren gastu militarra norbere BPG barne produktu gordinaren %5 izateko konpromisoa. «Badakit ez nauzuela oso begi onez ikusten, Trump defendatzen dudalako», adierazi du. Groenlandiaz ere hitz egin dute foro horretan, baina NATOko idazkari nagusiak ez du argitu nahi izan zertan diren, horiek sukaldeko lanak direla argudiatuz, nolabait. «Auzi honi aurre egiteko modu bakarra diplomazia hausnartzailea da».
2009tik 2014ra NATOko idazkari nagusi izandakoak ere hitz egin du Trumpen jarreraz: Anders Fogh Rasmussenek. Danimarkako lehen ministro ere izan zen (2005-2009), eta BBC hedabideari esan dio «laudorioen sasoia» bukatu dela: «Trumpi aurre egiteko ordua heldu da». Iruditzen zaio, hori bai, badaudela moduak auzia diplomaziaren bidez konpontzeko.
Eta Rasmussenek uste du bide horiek «Trumpen kezkei erantzuteko» balio dutela. Planteatzen du, besteak beste, AEBek eta Danimarkak 1951n sinatutako akordioa aztertzea; inbertsio akordio berriak egitea, eta akordio horiek Groenlandiako mineralen eta lur arraroen ingurukoak jasotzea, besteak beste; baita mekanismo bat ezartzea ere, Errusiako eta Txinako dirua hara iristea eragozteko.
Ukrainako «lurrari buruzko akordioak» eztabaidatuko dituzte bihar Putinek eta Witkoffek
Steve Witkoff AEBen Ukrainako ordezkari berezia Moskura joatekoa da bihar, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin elkartzeko. Besteak beste, Ukrainako «lurrari buruzko akordioak» izango dituzte mintzagai. Witkoffek Davosen (Suitza) jakinarazi du hitzordua, CNBC kateari egin dizkion adierazpenetan. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak TASS agentziari baieztatu dio bilera Putinen «agendan» dagoela. Witkoffekin batera bidaiatuko du Jared Kushner Donald Trump AEBetako presidentearen suhi eta aholkulariak. Witkoff joan den abenduaren 2an elkartu zen azkenekoz Putinekin. Adostasunik gabe bukatu zuten bilera hura. Eta bihar bertan, Donald Trump AEBetako presidentea Volodimir Zelenski Ukrainako bere homologoarekin batzartzekoa da, Davosen.