AEB

Trump: "Egiazki, Venezuelari eta bereziki Kubari buruz nuen ikuspegia John Boltonena baino gogorragoa zen"

AEBetako presidenteak atzo jakinarazi zuen Venezuela zela kaleratu berri duen Segurtasun Nazionalerako aholkulari ohiarekin zuen desadostasun nagusia. Bezperan iradoki zuen bakoitzaren jarrera gaur errandakoaren ezberdina zela.

SHAWN THEW, Efe. DONALD TRUMP, ATZO.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 12a
09:48
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkularia kaleratu du aste honetan, eta AEBetako hedabide handi batzuek azken hilabeteotan filtrazioak iturritzat hartuta argitaratutakoa berretsi du horrela; hau da, bien arteko harremana ez zela ona. Bolton belatz gisa deskribatu dute AEBetan, hots, atzerri politika erasokor eta militarista baten aldeko politikari gisa. Hura kaleratzeko desadostasuna non zegoen jakin nahi, eta Iranekiko politika izan zitekeela espekulatu zen hasieran, baina Trumpek Venezuela aipatu zuen atzo, Etxe Zurian kazetari talde batekin egin zuen bilkura batean. "Ni ez nengoen ados John Boltonek Venezuelarekin zuen jarrerarekin. Uste dut muga nabarmen gainditu zuela, eta uste dut frogatu dela nik arrazoi nuela", erantzun zion Espainiako Efe agentziako kazteriak egin zion galdera bati. Iturri horren arabera, Trumpek erran zuen "lehentasuna" dela Venezuelari "giza laguntza" ematea, eta ez "erregimen izugarri hori zanpatzea". 

AEBetako presidenteak ohi duenez, ordea, 24 orduren buruan bertsioa goititik beheiti aldatu du: Trump zen gogorra Venezuelarekin, eta, Bolton, berriz, epela. "Egiazki, Venezuelari eta bereziki Kubari buruz nuen ikuspegia John Boltonena baino gogorragoa zen. Gibelera eginarazten zidan!", idatzi du Twitterren. Marco Rubio senatari errepublikanoak —eta Latinoamerikako ezkerreko mugimenduen etsai sutsua denak— idatzi duen bertze txio baten harira mintzatu da Trump modu horretan. Rubio ere nahasita zegoen atzoko bertsioarekin, eta telefonoz mintzatu da presidentearekin. "Egia da ez zegoela ados aitzineko aholkulariaren iritzi batzuekin. Baina anitzek erran edo pentsatu dutenaren justu kontrakoa da. Egiazki, politikaren norabidea aldatzen bada, ez da izanen ahulago egiteko".

Segurtasun Nazionalerako aholkulariaren karguak eragin handia du AEBen atzerri politika militarrean, nahiz eta ez duen aurrekontuen gaineko botererik, Estatu idazkariak eta Defentsa idazkariak ez bezala. Trumpek iazko apirilean izendatu zuen Bolton, H.R. McMaster ordezkatzeko. Handik hilabetera egin zituzten Venezuelan presidentetzarako hauteskundeak. Oposizioko alderdi nagusiek boikota egin zieten, eta AEBek ez zituzten emaitzak onartu. Nicolas Madurok, bozen irabazleak, aurtengo urtarrilean hasi zuen agintaldi berria, baina AEBek ez zioten legitmitatea onartu, eta Juan Guaido parlamentuko presidente eta oposizioko buruak bere burua herrialdeko presidentetzat aldarrikatu zuenean, Washingtonek eta bertze dozenaka herrialdek huraxe onartu zuten —Venezuelako Auzitegi Gorenak 2016tik etena du parlamentuaren jarduna; beraz, praktikan, Guaidok ez zuen kargu eraginkorrik orduan—.

AEBek zigor ekonomiko eta diplomatikoak erabili dituzte Maduro boteretik kentzen ahalegintzeko, eta esku hartze militar zuzen batekin ere mehatxu egin diote, baina ezkerreko presidenteak botereari eutsi dio, eta Guaidok ez du lortu urtarrileko aldarrikapena eraginkor egitea.

Kubari dagokionez —Trumpek gaurko txioan aipatutako bertze herrialdea—, Barack Obama AEBetako aitzineko presidenteak hasitako bidea gelditu du Trumpek. Washingtonen eta Habanaren arteko harreman diplomatikoak berrezarri zituen Obamak bortz hamarkadaren ondoren, 2014an, eta 1962an ezarritako bahimendua kendu ez zuen arren, hura leuntzeko neurriak aplikatzen hasi zen. 

   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.