Ez du zehaztu nork esan dion, ezta nola, noiz edo zer modutan ere: «Iranek jakinarazi digu kolapso egoeran dagoela. Ormuzko itsasartea ireki dezagula nahi dute, ahalik eta azkarren», idatzi du gaur Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Truth Social bere sare sozialean. Irango Defentsa Ministerioak nabarmendu du, ordea, ez dutela pasabide estrategiko hori zabalduko, «bakea» lortu arte. Teheranek Ormuzko itsasartea blokeatzea erabaki zuen gatazka areagotu ostean, eta Washingtonek Irango portuen blokeoa ezarri zuen apirilaren 13an, su etena ezarri eta bost egunera; gaur arte, AEBetako armadak 39 ontziri galarazi die Ormuz zeharkatzea, eta hiru bat atzeman dituzte.
AEBek arrapaladan negoziatu nahi dute Ekialde Hurbileko gatazkaren konponbidea; horixe egiten saiatu ziren duela bi aste Islamabaden, Teherango ordezkaritzarekin aurrez aurre bildu zirenean, otsailaren 28an Iranen kontrako erasoaldia hasi zenetik aurrenekoz. Baina balaztari eragin dio Teheranek: auzi ugarietako bakoitzari banan-banan heldu nahi die. Proposamen hori jaso du Washingtonek, eta Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak atzo esan zuen Trump aztertzen ari zela bere aholkulariekin; Reuters agentziak AEBetako iturri ofizialak aipatuz gaur kaleratu duenez, presidentea ez da kontent.
Shanghaiko Lankidetza Erakundea osatzen duten estatuetako Defentsa ministroei bidalitako komunikatu batean adierazi du Iranek nola jokatu asmo duen Ormuzko auzian. «Ez da ontzi komertzialen jariorik egongo bakea erdietsi arte». Horren harira, Reuters berri agentziak jaso du AEBetako Gobernuak zigortu egingo dituela itsasartetik igarotzearren Irani bidesari bat ordaintzen dioten enpresak.
Iranek, finean, zera eskatu die AEBei azken egunetan: batetik, gerraren bukaera negoziatzea, eta ezarri ditzatela bermeak erasoaldi gehiago egon ez daitezen; bestetik, Ormuzen kudeaketaz eztabaidatzea —Iranek blokeatuta dauka itsasarte hori, eta AEBak Irango portuak blokeatzen hasi ziren apirilaren 8an su etena ezarri eta bost egunera—; eta, azkenik, Teheranen programa nuklearra mugatzeko bileren txanda izango litzateke.
Reutersen arabera, Washingtonek lehenbailehen heldu nahi dio auzi nuklearrari, finean, galarazi egin nahi duelako Iranek arma nuklearrak garatzea, hark esana duen arren uranioa helburu zibiletarako aberastuko lukeela, eta ez militarretarako. Gainera, programa nuklearraz eztabaidatu gabe AEBek Irango portuen blokeoa amaituko balute negoziazioetan «eragiteko» duten gaitasuna kaltetuko luke horrek; hori kaleratu du CNN kateak, negoziazioen inguruko iturriak aipatuz.
Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak aitortu duenez, «negoziatzaile onak» dira Irangoak, baina balizko akordio batek, edozein dela ere, eragotzi egin beharko luke Iranek arma nuklearrak garatzea. Fox News kateari bart emandako elkarrizketa batean, behintzat, esan du Washingtonek jaso duen proposamena uste zuten baino hobea dela, nahiz eta zalantzan jarri duen fidatzekoa ote den.
AEBetako armadaren Agintaritza Zentralak bart jakinarazi du Irango bandera zeraman Stream petroliontzia gerarazi zuela asteburuan, herrialde horretako portu baterantz zihoala; USS Rafael Peralta gerraontziak gerarazi zuen. Marco Rubioren hitzetan, Iranek ezin dio etekinik atera «legez kanpoko bidesari sistema bidegabeari eta Ormuzko kontrolari»; argudiatu zuen AEBek ez diotela ezarri blokeorik itsaso bidezko garraioari, Iranen garraioari baizik.
Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, Amir Saeid Iravanik, «pirateria» egotzi zien atzo AEBei: «Bortxaz egiten diete eraso zamaontziei, tripulazioak bahitzen dituzte, eta ontziak konfiskatu», esan zuen erakundearen New Yorkeko (AEB) egoitzan emandako prentsaurreko batean. Blokeoak nabigazioari «mehatxu» egiten diola ohartarazi zuen enbaxadoreak.
Bestalde, otsailaren 28az geroztik aurrenekoz, Golkoko Lankidetzarako Kontseilua osatzen duten herrialdeetako liderrak aurrez aurre bildu dira gaur Jiddan (Saudi Arabian) —Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Kuwait, Bahrain, Oman eta Saudi Arabia—, eta Persiar golkoa astintzen ari den gatazkaren aurrean bat eginda jokatzera deitu dute.
Urraketak Gazan eta Libanon
Iranen ez ezik, Gazan eta Libanon ere ezarriak dituzte tregoak, nahiz eta Israelek urratu egiten dituen bai bata eta bai bestea. Israelgo armadak lau palestinar hil ditu gaur Gaza hirian, ibilgailu baten kontrako eraso batean, Al-Xifa ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez —horietako bat 15 urteko adin txikiko bat zen—; eta bederatzi urteko adingabe bat ere hil du tiroz zerrendaren hegoaldean, armadaren kontrolpeko gunea banatzen duen lerro horitik gertu. Urriaren 10ean su etena ezarri zutenetik gazatar hil dituzte erasoetan, zerrendako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera; 2023ko urriaren 7az geroztik 72.500 baino gehiago dira erasoetan eraildakoak.
Israelgo armadak herrialdearen mugatik Libano hegoaldeko Litani ibairainoko hamasei herri «berehala» husteko agindua eman du gaur, eta hainbat gune bonbardatu ditu. Tel Avivek «segurtasun eremu» bat ezarri nahi du Libano hegoaldean, Hezbollah milizia xiitaren misilak eta erasoak gerarazteko; Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak gaur adierazi du miliziaren azpiegiturak «desegiten» jarraituko dutela, baina ez daukatela «anbiziorik» lurraldetasunari dagokionez: «Mugatik gertu, gure presentziak helburu bat eta bakarra dauka: gure herritarrak babestea», esan du Jerusalemen emandako prentsaurreko batean. Armadak bi herrialdeen mugatik hamar bat kilometrora arteko eremua dauka okupatuta.
1.000Israelgo armadak Hezbollahren zenbat azpiegitura suntsitu dituen. Israelgo armadak jakinarazi du gaur Hezbollah milizia xiitaren mila azpiegitura baino gehiago suntsitu dituela Libano hegoaldean martxoaren hasieran gatazka areagotu zenetik; soldaduek suzko armak, lehergailuak eta munizioak topatu dituzte horietan. Apirilaren 16ko gauerdian ezarri zuten su etena, baina Israelek eraso egiten segitu du, argudiatuta bere burua defendatzeko eskubidea duela Hezbollahren «mehatxuen» aurrean.
Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo iragarri zuen goizegi zela talde komunitarioak islamiar errepublikari ezarritako zigorrak kentzeko; horren harira, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak «hipokrisiaz» jokatzea leporatu dio EB Europako Batasunari: «EBk Iranen kontra ezarritako zigor gizagabeak ez zuten zerikusirik giza eskubideekin: irandarren oinarrizko eskubideak zapaltzeko diseinatu zituzten», esan du bart sare sozialetan.
Irango Gobernuaren kontrako protestak ugaritu ziren iazko urtearen amaieran krisi ekonomiko latza zela medio, eta indarkeriaz erantzun zien Teheranek: gobernuak emandako datuen arabera, 3.000 herritar hil ziren protestetan, nahiz eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek dioten biktimak are gehiago direla.
AEB-EK ETA IRANEK TALKA EGIN DUTE ARMA NUKLEARREI BURUZKO konferentzian
Atzo hasi zuten NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna gainbegiratzeko XI. konferentzia, NBE Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan (AEB). Lehenengo saioan 34 presidenteorde izendatu zituzten, Reza Najafi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzian Iranek duen enbaxadorea tartean; konferentzia horretako presidentearen arabera, «lerrokatu gabeko estatuen taldeak» aukeratu zuen. Ameriketako Estatu Batuen ordezkariak salatu zuen NPTren kontrako «iraina» zela Iranek ardura hori edukitzea hilabete iraungo duen konferentzian, argudiatuta Teheranek «mespretxua» adierazi izan diola itunari, eta ukatu ere egin duela IAEArekin lankidetzan aritzea herrialdeko azpiegitura nuklearrak gainbegiratzeko. Najafik aurpegiratu zion haren salaketak ez duela «oinarririk», eta AEBak direla zibilen kontra bonba nuklearrak erabili dituzten herrialde bakarra.